«Oso beharrezkoa da pultsio utopikoa gurea lako kultura baztertu eta herri txiki zatituan»
Badu idazleku jakina. Handik ari da, itsasoz bestaldean, hausnarbide gau(r)kotuekin. Joseba Sarrionandiak Habana du oinpean; eta bertatik begietaratzen ditu zerumuga literario eta politikoak, «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?» (Pamiela) ituan.
«Idaztea, hala ere, elkartasun proposamena da (…) baina irakurleak erabakitzen du zer idatzi den». Nik, irakurle gisa, uste dut Habanako zati bat eskaini duzula, barnekoa, sentikorra eta batzuetan kritikoa ere bai. Eta zuk, idazle zaren horrek, zer nahi zenuen idatzi?
Irakurleagandik ez dut eskolako nota ematen den moduko liburuaren balorazioa espero. Ez zait liburuaren kalifikazioa ardura, ez gaude eskolan; benetako bizitzan gabiltza eta ditugun eskuliburuak txarrak dira, gainera. Jakintzat ematen diren ikasgai horiek zalantzan ipini nahi nituzke, eta interesatzen zait irakurleak esan nahi dudana ulertzea eta berak ere zerbait egitea gauzak argitzeko. Igual pretentsio handia da hori eskatzea, liburuak irakurtzea ja asko eskatzea den sasoi honetan.
«Berandu nabilela sentitzen dut, munduaren bestaldekoa bainaiz». Denbora galduaren atzetik dabilenaren arrastoa iradokitzen duzu. Hala da?
Ohetik goizeko zazpietan jaikitzean hor bazkalondoan zaudete dena komunikatuta dagoen sasoian.
Seme-alabak eraman dituzu orrialdeetara. Eta ezinbestean zoaz askotan zure haurtzarora. Ispilu hautsia erreparatzeko bidea egin nahi izan duzu?
Bai, ispilu apurtuekin ikusten dut neure burua. Memoria, familia, lagunak, hitzak, ispilu apurtuen zatiak bezalakoak dira niretzat.
Liburu salduenen zerrendetan ageri da zure liburua abendutik hona, baina bitxia da leku batzuetan fikzioaren zerrendan ipintzen dutela, Elkarreko zerrendan adibidez, eta beste batzuetan ez-fikzioarenean, Katakrakekoan adibidez. Zer da liburu hau fikzioa ala ez-fikzioa?
Kontraesan hori borratuz egiten da literatura, ezta? Bertrand Russellen proposizioak egiazkoak ala faltsuak dira, baina literatura sinesgaiztasunaren suspentsioan oinarritzen da.
Liburu hau fikziotzat hartzen dutenek igual esan nahi dute literarioa dela. Eta ez-fikziotzat hartzen dutenak imajinatzen dut konturatzen direla era batean edo bestean benetako gauzei buruzko benetako proposamenak egiten direla. Literarioa da eta denetik du, baina uste dut saiakeratik duela gehien.
Egunkariaren forma erabiliz, leku eta data oso zehatzetan ubikatzen zara, hogeita hamar urtez egin ez duzuna. «Ni ez naiz hemengoa» aspaldiko hartatik.
“Ni ez naiz hemengoa” idatzi nuenetik 1984an, aztarnarik utzi ezin nuenez, testu heterotopikoak idatzi ditut hogeita hamar urtez. Orain ez dut halako baldintzarik, «hemen nago» esan dezaket eta askatasuna da ingurukoaz idatzi ahal izatea.
Egunkaria –edo, bueno, «gaukaria» hitza asmatzen da hor– esan nahi nituen gauzak ahalik eta ondoen azaltzeko egitura da. Testu literario baten lehenengo arazoa hori izaten da, zelan esan gauzak, eleberrian edo poesian kabitzen ez direnak, eta gaukariaren forma horrek esan nahi ditudan gauzak azaltzeko askatasun handia eman dit…
«Zure etxea hurre-hurre dago eta urrun –esan dit azkenean Luisek galegoz–, zure zentzua ez dakit». Non dago, bada?
Luis Pimentelek esan zidan hori. Hori fikzioa da, jeje. Idazteko orduan, zentzu apur baten bila ahalegintzen naiz, paradoxen bidez.
«Turistarena egiten dabilen bat»… Hurre ala urrun?
Bidaiak kontsumo produktu bihurtu direnetik, turista bidaia kontsumitzen duen idiota da. Beste partea, lurralde turistikoa bihurtzen dena, leku berezia da, harreman arraroak gertatzen dira pertsonen artean lurralde turistikoetan.
Dinosauroa ala manatia?
Dinosauroak fantasmalak dira, ez? Ez dut egundo ikusi batere. Ni manatiarekin bai identifikatzen naizela, ibai eta itsaso bazterreko ur gezetako zein gazietako belarjale lasaia. Nabarmentzea gustatzen ez zaiona, zentzuduna. Gogor ehizatuak izan dira luzaroan, baina gaur egun espezie babestua dela ematen du.
«Habanako euskaldunen eguna. Musika eta dantza, janaria eta edaria, jendetza eta giro ona. Gauez, aberrigabearen nagusitasunarekin zokoratzen naiz literaturaren bazterrera». Aberrigabea? Baina aurrerago diozu. «Ai, nire sorterriko erreka, neure zainetako odolean jarraitzen duen ibaia». Eta… «Nire etxea ez dago inon, edonon dago». Aberririk ba al dago Habanan?
Habanan, Habana eta gaua dago, eta gauean Euskal Herriaren arrasto batzuk ere aurki daitezke, kale izkinetan dagoelako zaborra barreiatuta.
Aberria, umetan FEN asignatura jasan behar izan zutenetakoa naizenez gero, ez da nire hiztegikoa hitz hori. Beste batzuk dira hitz horren jabeak, besteei ezartzeko orduan ere: “Todo por la Patria” karteldun etxaldeetan ikusten zen orduan eta “Patria” moduko eleberri tituluetan ere bai gaur egun.
«Literatura erraza egin behar delako ideia nagusitu da, gure gaztaroko esperimentalismo apokaliptikoaren aldean». Euskal literaturara ekarriz, erraztasunera eroritako letrak dira?
Koldo Izagirrek esaten zuen, lehengoan irakurri nuen paper batean, gauzarik ederrenak arauak apurtuz egin izan direla. Nik gaztetako Gabriel Aresti, Jon Mirande edo Bernardo Atxagaren “Etiopia” haiek ditut akorduan, arauak gainditu zituztenak era askotan lengoaiaren utopiak eginez. Hizkuntza bera ere debekatua edo baztertua zuen herria ginen, politikoki existitzen ez zena bide batez esanda, euskal herria utopia hutsa zen eta arauen kontra egitea ezinbestekoa zen.
Orain beste egoera batean gaude, hizkuntza eta literatura legalak dira, normalizatuta daude. Geuk ere baditugu arauak, gramatikalak eta bestelakoak, esplizituak edota esan gabe doazenak, eta arau nagusiak onartzen ditugu arau txikiak errespeta diezazkiguten. Idazten duguna ondo dago, dotorea eta ederra ere izan daiteke. Ez da utopia linguistiko eta literariotan gastatzen energia. Igual gizartearen beste esferetan ere berdin gertatzen da, politikaren alorrean, Euskal Herriko hiru lurraldeetan ongizate gizarte bat lortu da eta jendea ondo bizi da. Baldintza erabakigarrien barruko ongizate hori ametitzen du jendeak, bestelako ideologia politikoa duenak ere, ez duelako uste borroka politiko erradikalarekin hoberik ekar daitekeenik.
Ez diot hau zentzu kritikoan, gauzaren obserbazioa besterik ez da. Literatura ondo egina eta disonantziarik gabea egiten da, bizimodu komodo eta arriskurik gabea hobesten den bezala, eta bueno, igual ez dago arazorik.
Ustezko ongizate kultural kolektibo laura bideratuta gaude? Bestelakorik egin daiteke?
Oso beharrezkoa da pultsio utopikoa gurea lako kultura baztertu eta herri txiki zatituan. Utopista naiz errealista naizelako: guk ahalegin gehiago egin behar dugu korrontearen kontra gabiltzalako. Euskal kulturak, setiatzen duten kulturak baino sortzaileagoa izan behar du bizirauteko. Proiektu kolektiboen ilusioa behar dugu, dugun normalitatea onartuz gero korronteak eramango gaitu.
Telebistarekiko –komunikabideekiko?– iritzi kritikoa luzatu duzu. «Informazioaren jabe egiten garelako inpresioa izaten dugu, baina benetan telebista ari da geure informazioaren jabe egiten». Azaldu, mesedez.
Periodikoa leitzea gure goizeroko otoitz errealista izango zela uste zuen Hegelek. Eta keba, periodikoa, sintetikoago telebista edota Twitter begiratzea eguneroko otoitz supererrealista bihurtu da. Mantra horietan finkatzen da iritzi publikoa eta serbidunbre boluntarioa.
Langileek ugazaben prentsan sinesten dute. “El País” banku handiena da gaur egun, eta telebistak betiko oligarkiarenak dira. Euskal Herrian gauza komiko bat gertatzen da, Vocentoren prentsa leitzen eta espainiar telebista ikusten du jende gehienak, Azpeitian edo Usurbilen ere bai. Mentalitate ‘alienatua’, ‘kolonizatua’, ‘despistatua’, auskalo zelan deitu behar zaion horri. Komunismoa nahi duena edo independentzia, antikomunismoz eta dependentismoz elikatzen. Orduan, nire ustez, euskaldunen arazo larria ez da independentzia lortzea, ez ze alderdik irabaziko dituen hurrengo hauteskundeak. Arazo larria euskal kultura komun anitza sortzea da. Gure politikariak beti dabiltza batak irabaziko duen alkatetza ala bestea nagusituko den diputazioan, heldu eta «hemen nago ni» esateko. Ikuspegi desberdinen arteko inkomunikazioa areagotzeko, azkenean. Euskaldunek, urgentziarekin nire ustez, komunikazio esparru anitz bat osatzera bideratu beharko genituzke energia guztiak.
«Iraultza ala hil ordez, irauntza ala hil». Nola bizi izan duzu ETAren desagertze prozesua?
Hobe da inor ez hiltzea, eta hobe da aldatu beharreko gauzak aldatzen ahalegintzea.
ETAren desagertzea maiatzaren 2ko pasartean komentatzen dut eleberri argumentu batekin: “Michael Kohlhaas”. ETAren jarduera injustua bihurtu zen oso aspaldian, hilketak hasi zirenetik, hilketak erradikalki injustuak dira berez. Baina ETA desagertu da, eta hor dago betikoa, Saxoniako justizia hori, Espainia beti injustua. Euskaldunak txintxoak dira berriro, baina zertarako, betikoek agintzen dute. Espainia biolentziaren monopolioan oinarritzen da. Justizia edo demokrazia euskaldunoi Espainiak emango digula, hamaika bider entzundako txiste txarra da.
«Lehen esaten zuten biolentziarik gabe dena izango zela posible. Biolentziarekin, inposiblea zen dena. Biolentziarik gabe, nagusien biolentziaren monopolioa geratzen da, eta benetako aldaketa politikorik ez da posible. Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera apenas entzuten da ja». Galdutako gudua?
Bai, galdutakoa, baina nire ustez ergelen gauza da irabazle eta galtzaile terminoetan ikustea gauzak. Galtzailea izatea penagarria da, baina irabazle izatea penagarria eta erridikulua da. Galtzailea irabazlearen mendean dago, baina irabazlea ere galtzaileari begira egon behar da beti, galtzailea erresistentziara behartuta dagoelako era batean edo bestean. Horrela, irabazleak zer irabazi du, zapaltzaile izaera?
Kubako gerran mende erdi egon ziren espainolak irabazten, Francisco Pi i Margall izan zen bakarrenetakoa arazoaz ohartzen: «Una insurrección siempre moribunda, nunca muerta...», esaten zuen. Katalunian eta Euskal Herrian ere halakoa da egoera: egundo amaituko ez den desadostasun eta errebeldia, galtzaile penagarriak eta irabazle penagarri erridikuluak produzitzen jarraituko duena.
Noiz ulertuko du Espainiako gizarte hiperespainol horrek euskaldunena edo katalanena ez dela arazo penal bat? Arazo politikoa da, eta arazo politikoak jendearen iritzia aintzat hartuz soluzionatzen dira, batzuek galdu eta besteek irabazi beharrik gabe, denon onerako.
«Zortzi egunetan eduki ninduten, gero esan zidatenez, zeren nik hamaika edo hogei egun izan zirela esango nukeen, ez mendi-zulo arraroan edo bazter auzoko apartamentu apartatuan, baizik probintziako hiriburuaren erdiguneko eraikuntza ofizial batean. Nire gorputza haiena zen, trapu zikin bat bezala, edozer egin zuten. Nik ezin izan nuen ezer egin. Zer kondatuko dut ba nik? Kondatu dezatela eurek». Lakuako Gobernuak torturei buruz egindako txostena ere aipatzen duzu. «Gehiena ezin da kontatu», diozu, baina errelatoaren garai honetan, ez al da garrantzitsua hitzei ahotsa jartzea?
Literatura memoria fabrika bat da. Baina, pasarte horretan, torturarekin gertatu den hipokrisia aipatu nahi nuen. Torturatuak epailearen aurretik pasatzen ziren, epaileak aurrez aurre ikusten zuen torturatua trapu zahar bat bihurtuta, baina epaile horren zerbitzariak ziren torturatzaileak, Espainiaren zerbitzariak. Mundu guztiak zekien Guardia Zibilak eta Polizia espainolak normalean torturatzen zuela eta instantzia ofizial guztietan ametitzen zen tortura, modu inplizituan, eta zergekin ordaintzen zen. Orain, salbuespen moduan aipatzen den gauza bat, disfuntzio moduan, eta ja gauza pasatu moduan, eta hori ez da horrela.
Badakit errelatoaren kontua, ez dela nahikoa jakite abstraktua, kontatu behar dela, baina bueno, ez zait ardura nik jasan nuen tortura, horrek ez duelako erremediorik. Oraingoa interesatzen zait: orduko torturen arduradunek dute oraindik biolentziaren monopolioa. Ni kriminalizatuta nago eta ez dut Saxoniako Justizian sinesten.
Eta errelato horren baitan, biktimen gaiari helduz. Badira konponbidearen eta elkarbizitzaren alde agertzen ari diren alde guztietako biktimak, baita ETAkoak ere. Nola baloratzen duzu hori?
Biktimen arazoa erremediaezina da berez, hildakoak ezin dituzulako bizitzara ekarri berriro, eta gerrako beste kalte asko ere konponezinak dira. Egin daitekeena da gerrari akabera eman eta denontzat egokia izango den sistema politikoa adostu. Beste gerrarik gerta ez dadin. Euskal Herrian horretara makurtu da gatazkaren parte bat, beste parteak ez du halakorik egin, baizik eta biktimismoa erabili gerran jarraitzearen alde. Euskal gizartea heldua da, gatazka gogorren zegoenean eta alderdien jarrerak biolentoenak zirenean ere borrokak ez zituen gerra zibilera lerratu. Bakea oinarri inportantea da, sistema politikoa ere denon artekoa izan behar da, eztabaidak ez daitezen botere kontua izan baizik eta arrazoi kontua.
Presoen eskubideez ari zara. Esadazu, ea zuk Habanatik topatzen duzun nonbait korapiloa askatzeko giltzarria.
Presoak libre uztea da korapilo horren soluzioa. Horixe da gatazka armatuak amaitzean gertatzen den elementalena, presoak libre utzi, bizikidetza arau berriak adostuta. Baina, armak uztea aldebakarrekoa izan zen, alde batek eman zuen amaitutzat gerra, besteak ez. Espainiak beti konfunditu du arazoen konponketa eta nagusitasunaren inposizioa. Horrek esan nahi du arazoak jarraitzen duela beste era batean.
«Euskal errepublika eraikitzea obra komuna denez, bestelako politika batzuk eskatzen dituenez, zalantzan ipini daiteke Euskal Herria zentzu politikoan eraikitzen ari garenik. Halakorik eraikitzeko benetako interesik badagoen ere». Erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromiso sendo eta globala? Bloke abertzale orokor bat? Zer litzateke euskal errepublika eraikitzea zure ustez?
Ez dut uste erabakitzeko eskubidearen aitortza denik urgenteena, boterea duen jendeak onartuko ez duelako. Gauza da zelan egin jendearen erabakimen hori aktiboa, inposatuaren destituzioa eta askatasunaren konstituzioa bultzatuz. Ez ditut gauzak abertzale/ez-abertzale terminoetan ikusten, eta alderdien arteko indar erlazioen arabera ere ez, zeren batak zein besteak irabazi hauteskundeen ondoren arazo berberak izango baititugu. Politika egitea beharrezkoa da baldintza okerrenetan ere, baina, nazioaren kontuan, euskaldunek dugun heterogeneitate territorial eta kulturalarekin, elkarren arteko harremana uste dut dela premiazkoena. Nazioa komunikazio espazioa da batez ere, nire ustez. Euskal Herria oso berandu eta atzeratuta dabilela iruditzen zait elkartasun eta komunikazioaren alde horretatik.