Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
AITOR HUIZI
HUNTZA TALDEKO BIOLIN-JOTZAILEA

«Pribilegioa da guretzat Eskozian hainbesteko itzala duten taldeekin jotzea»

2014an Bilboko ostegunetako poteoak alaitzeko sortu zen Huntza taldea, bertan ikasten ari ziren sei gazte gipuzkoarren eskutik. Afizioa indartzen joan zen eta euren kantu propioak osatzen joan ziren 2016an lehen diskoa plazaratu zuten arte. Duela hilabete gutxi etorri da bigarrena.

Plazetan aritu ziren emakumeen omenez sortu zuten “Harro gaude” kanta, eta horren ostean disko oso bat osatzeko adina abesti etorri ziren. Euskal Herriko taberna, festa eta ospakizun guztietan dantzatu genuen “Aldapan gora”. Baina Huntza ez da arrakasta bakarreko taldea, eta “Ertzetatik” diskoko osagai guztiak gure belarrietan txertatu ostean, “Xilema” sortu dute, arrakastaz osatutako beste bilduma bat. “Lasai lasai” irratietan entzun genuen lehenengo, eta “Zer izan”-ek 2018ko Greba Feministaren oihartzuna zabaldu zuen ondoren, Mafalda eta Tremenda Jauriarekin elkarlanean.

Duela gutxi Glasgowko Celtic Connections jaialdian izan dira, Euskal Herriko ordezkari bezala, oinarri zeltak dituzten musikarien bilkura honetan. Larunbatean Durangon izango dira, 40 Minutu Rock jaialdian, eta ondoren Galiziara joko dute. Aitor Huizi taldeko biolin-jotzailearekin hitz egin dugu.

Zer moduz joan da Celtic Connections jaialdia?

Esperientzia ikaragarria izan da guretzat. Ostegun gauean iritsi eta larunbat goizerako berriro bueltatu egin behar genuenez nahiko motza egin zaigu bidaia, pena horrekin gaude, baina aberasgarria izan da oso. Eskoziako nahiz hemengo musikari eta dantzariekin harreman berriak sortu nahiz zaharrak berritu ditugu... ezin kexatu!

Danu eta Imar taldeekin aritu zarete, Eskozian oso ospetsuak direnak. Zer moduz sentitu zarete haien alboan?

Izugarrizko musikariak dira, eta sekulako maila dute. Pribilegioa da guretzat Eskoziara joan eta han bertan hainbesteko itzala duten taldeekin agertokia elkarbanatzea. Hasieran nahiko txiki sentitu ginen beraien alboan, baina batez ere Imar taldekoak ezagutzeko aukera izan genuen kontzertuaren ostean, eta oso jatorrak dira, oso gertukoak. Hasierako distantzia hori apur bat murriztu genuen kontzertuaren ondorenean. 

Aurretik ere atzerrian izan zarete, nolako esperientzia ari da izaten? Nolakoa da zuen publikoa etxean eta kanpoan?

Guretzat oso ezberdina da kanpoan edo hemen, Euskal Herrian jotzea. Kanpoan gehienetan ez gaituzte ezagutzen, eta beraz espektatiba gutxi izan ohi dituzte gurekin. Horrela, kontzertuaren ondoren jende asko harrituta etortzen zaigu, zorionduz, asko gustatu gatzaizkiela esaten. Euskal Herrian jendeak ezagutzen gaitu, eta hemen presio gehiago sentitu ohi dugu kontzertuetan. Baina bestalde, hemen jendeak gure kantak ezagutzen ditu, kontzertuetara propio gu ikustera etortzen dira batzuk... fideltasun hori hemen bakarrik disfruta dezakegun luxu bat da. Kanpoan edo hemen jo, biek dituzte alde onak. 

Kanpora begira jarriz, Japonian arrakasta handia izaten dute trikitia daramaten taldeek. Fenomeno bitxia da, zergatik uste duzue gertatzen dela hori?

Guk bizi ahal izan dugunagatik behintzat, ohartu gara japoniarrak oso entregatuak direla: zerbait gustatzen bazaie, asko gustatzen zaie, eta izugarrizko fanak bihurtzen dira. Trikitia arrotza egiten zaien zerbait da, eta agian hori da tresnarekiko duten zaletasunaren arrazoia. Baina esan dudana errepikatzen dut: trikitia gustatzen zaien japoniar horiei izugarri gustatuko zaie, ez dira erdizka ibiliko.

«Ertzetatik» diskoa sorpresa handia izan zen eta esango nuke euskal musikaren panorama aztoratu egin zuela nolabait. Arrakasta horren ostean, zer eskaintzen du «Xilema»-k?

Disko honekin “Ertzetatik” diskoan eskaini genuen hori berretsi nahi izan dugu; lehenengo diskoarekin hasi genuen horri oinarri sendoago bat eman nahi izan diogu, hari berari segi, baina era landuagoan, bi urte hauetan ikasi dugun guztiaren ondorio bezala. Talde berria gara, dagoeneko ez hasiberria baina bai berria, eta gure proposamena berretsi nahi izan dugu, gu garen hori zehaztu.

 

Zertan aldatu zarete, talde bezala edo musikalki, disko batetik bestera?

Alde batetik, dena aldatu da. Lehenengo diskoa egin genuenean, etxekoei saltzeko diskotxo bat egitea zen gure asmoa, erromerietan jotzen genituen gure kantak biltzea euskarri fisiko batean, eta kitto. Hortik aurrerako guztia amets bat izan da, amets bat eta erokeria bat, dena aldi berean. Ikaragarri ikasi dugu, jende asko ezagutu dugu, eta imajinatu ere ezingo genituzkeen agertokietan jotzeko aukera izan dugu. Baina beste aldetik, orain dela bi urte eta erdi lehenengo diskotxo hori atera genuen seikote bera gara, lagun talde bat gara eta asko maite dugu elkar. Dena aldatu da, baita gu ere, baina orain dela hiru urteko familia bera gara. 

Esan izan duzue erromeriatik aldendu nahi duzuela. Zein girotan sentitzen zarete erosoen?

Erromeriak jo izan ditugu, eta oso gustura gainera. Hala ere, musika estilo aldetik gure bidea hartu nahi genuelako hasi ginen gure kantak sortzen, erromerietako musikak ez gintuelako guztiz asetzen... ez dakit hitzik egokiena den, baina esango nuke zerbait gogorxeagoa nahi genuela, alde batetik. Bestetik, biolina dugu taldean, eta erromerietan biolinak ez du leku askorik... hor ere diferentzia bat ezarri nahi genuen. Agian erantzunik zuzenena hori da, gure bidea egin nahi genuela, eta horregatik aldendu nahi genuela erromeriatik. Erromeria giroa asko gustatzen zaigu, beste giro asko bezala, eta eroso sentitzen gara erromerietan ere, baina gure giroa eraikitzeko nahia ere bagenuen.  

Alaitz eta Maiderrekin konparatu izan zaituztete, eta egia esan, haien desegitearekin desagertu ziren doinuak gogoratzen dituzue zuek. Zer moduz sentitzen zarete konparazio honekin?

Normala iruditzen zait konparazio hori egitea, azkenean gauza asko errepikatzen baitira: bi neska taldean, trikiti, pandero eta ahotsekin, gero bateria, baxua eta gitarra atzetik... modu eskematikoan hartuta bistakoa izan daiteke analogia. Musikan ere baditugu puntu komun asko. Bestalde, ezberdintasunak ere badaude; bateria-gitarra-baxu hirukote agian gogorxeagoa gurean, biolinaren presentzia, agian ez hain estilo trikizalea... guk gure musika sortu dugu, eta kanpotik etorri zaigu konparazio hori, ez gara gu bila joan. Hala ere, nahi gabe izan bada ere, guretzat ohore bat –eta aldi berean erantzukizuna– da neurri batean garai haietako korronte horren, Alaitz eta Maiderrekin bukatu zen korronte horren, oinordeko sentitzea. 

Oso gazteak zarete, unibertsitatean ezagutu zenuten elkar. Nola aldatu zaizue bizitza?

Denbora askoz gutxiago dugu norberaren kontuetarako [barreak]. Horretaz gain, ikasketak bukatzen eta lanean ari gara, eta alde horretatik gure bizi martxan segitzen dugu. Lan, esfortzu eta denbora asko eskatzen du Huntzak, baina saiatzen gara gure bidea ere egiten. Jende asko dago musika talde bat duena eta bere eguneroko bizitzarekin uztartzen duena, eta guk ere horretan dihardugu.