Post-gezurra
Burgoseko epaiketa hasi zen berriz ere aurreko astean, 49 urteren ondoren. Oraingoan, euskaldunen ordez kataluniarrak daude akusatuen jarlekuan. Eta Burgosen barik Madrilen da.
Epaiketa hutsak diagnostiko bateratua utzi du demokrazia herritarren borondatean oinarritu behar dela uste dugunongan: gezurra zen indarkeriarik gabe guztia posible zela. Azken 41 urteei begiratzeko betaurreko politiko berriak. Edo agian, ez hain berriak. Baliteke GEDko galdeketen parte hartze kopuruen atzean betaurreko berberak egon izana. Herria jakintsua da. Eta gehienetan hartzen duen distantziaren bidez hitz egiten du.
Beraz, euskal ezker independentistaren aurka gainerako abertzale eta ezkertiarrek, azken 41 urteetan, erabili duten argudio politiko nagusia gezurra da (argudio moralek ez dute eztabaida posiblerik). Agerian geratu da zenbaiten dibaneko diletantismo militantea eta beste batzuen borondaterik ezaren mozorro ideologikoa.
Post-gezurraren aro politikoan bizi gara Euskal Herrian eta Katalunian. Gramsciren krisiaren definizioa gogorarazten dit egoerak: Zaharra hil zen eta berria ez da jaio, edo antzeko zerbait.
EAJren orain arteko jarrera deskribatzeko, baita Kataluniako gatazkan izan duen parte hartzean ere, egokia dirudi Silvio Rodriguezen udaberrien mugatzaileak (“delimitadores de las primaveras”) kontzeptuak. Estatuari egonkortasuna eskaintzea izan da bere orain arteko politika. Pentsatu gura dut, fede onez, estrategia bat zela horrela demokrazian sakondu eta Estatua gure eskubideak onartzera eroango zuen nirvana dialektikora heltzeko. 41 urteko porrotaren ostean (estatutua ere ez dute bete) gauza bera egiten jarraitzeari Einsteinek insanity deitzen zion (osasun mentalik eza).
Espainiako Felipe II.ak Flandesen galera eragin zion gatazka ekiditeko aukera izan zuen, baina horrela erantzun zuen: «Acuerdo con vasallos rebeldes es el más ruín paradero que príncipes pueden tener».
Felipe VI.ak berdin pentsatzen du. Post-gezurraren aroko egia bakarra.