Asier AIESTARAN
PILOTA

Jaka eta Zabaleta, helburuak beteta

Lizartzako aurrelariak bere hamargarren garaipena lortu zuen jarraian etaEtxarrengo atzelariak arazorik gabe amaitu zuen bere prestaketa.

Jaka eta Zabaletak garaipen argia eskuratu zuten Tolosako inauterietako aurreneko jaialdian Laso eta Mariezkurrena II.aren aurka. Aspekoek 22-12 irabazi zuten partida nagusia eta, bide batez, bakoitzak bere buruari jarritako helburu pertsonalak ederki bete zituzten.

Erik Jakaren kasuan, atzokoa segidan lortzen duen bere hamargarren garaipena da, edo beste modu batera esanda, 2019an jokatu dituen neurketa guztiak irabazi egin ditu. Ez da kasualitatea. Aurrelari gipuzkoarra sekulako jokoarekin dabil azken asteetan, fisikoki ere bikain, eta jokatu dituen ia norgehiagoka guztietan sekulako erakustaldiak eman ditu.

Jose Javier Zabaletari dagokionez, Binakako Txapelketan bete-betean sartuta dago eta datorren asteburuan ekingo dio finalerdietako ligaxkari, Iker Irribarriarekin bikotea osatuz. Baina asteburu honetan atsedenaldia hartu beharrean, Etxarrengo atzelariak nahiago izan du zuriz jantzita partida bat jokatu –bera izan da bakarra–, lehiaketa erritmorik ez galtzeko eta asteroko errutinarekin jarraitu ahal izateko.

10-1 partziala hasteko

Egia da helburu horiek betetzeko neurketa eroso samarra jarri zietela intendenteek, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena gazte nafarren aurka. Etorkizun bikaineko bikotea da Baiko enpresako hori, baina gaur egun oraindik Aspekoa baino koska bat beherago dago. Eta halaxe ikusi zen atzo Beotibarren.

Batez ere hasieran ireki zuten sekulako aldea Jakak eta Zabaletak, konturatzerako 10-1 irabazten jarri baitziren. Apurka-apurka tarteak murrizten joan ziren Laso eta Mariezkurrena, eta neurketaren erdialdera bazirudien emozioa egon zitekeela azken tantoetan. Hiruzpalau tantoko aldeak denbora dezente iraun zuen markagailuan (10-6, 11-8, 12-9 eta 14-11 izan ziren partzialak tarte horretan), baina azken txanpan berriz ere ihes egin zuten gorriek eta aitaren batean joan ziren azken 22-12kora.

Erik Jakak berriz ere zenbaki bikainak sinatu zituen: jokoan 12 tanto eginak, 3 gehiago sakez eta galdutakoak bat bera ere ez. Zabaletaren laguntzarekin laukoteko onena izan zen.

Erronka zaila Larunberentzat

Gaur jokatuko da inauterietako bigarren jaialdia Tolosan, eta plater nagusia Bengoetxea VI-Larunbe eta Ezkurdia-Galartzaren arteko partida izango da. Batetik, Joseba Ezkurdia eta Ladis Galartza berriz ere batera jokatzen ikusteko aukera izango da. Binakako Txapelketan azken unera arte borrokan ibili dira, baina ez dute lortu finalerdietan sartzea. Igandean Beasainen bananduta ipini zituen Aspek, Ezkurdia Erostarberekin eta Galartza Jakarekin, eta garaipena Baraibarko atzelariarentzat izan zen 11-22. Baiko enpresakoei dagokienez, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Larunbek partida asko jokatu izan dituzte batera, baina atzelari bizkaitarrak azken hilabeteetan izandako arazo fisikoek goi mailatik desagerrarazi dute halabeharrez. Otsailaren 23an jokatu zuen Labriten, Peñarekin 22-18 galduz Laso-Arangurenen aurka, eta gaurkoan exijentzia maila koska bat gorago egongo da. Erronka zaila jarri diote galdakoztarrari.A.A.