Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Ficoba, berrikuntzaren mugaz gaindiko topagune 24 orduz

Baionako Merkataritza Ganberaren Estia Ingeniari Eskolak «Berrikuntzaren 24 orduak» egun osoko jardunaldiaren 13. edizioa antolatu du martxoaren 15etik 16ra; aurten, Irungo Ficoba erakustazokan. Lehen aldiz, mugaz gaindiko izaera izango du ekitaldiak, eta 400 ikasle inguruk eta 40 enpresak parte hartuko dute.

«Berrikuntzaren 24 orduak» ekimenaren 13. edizioa ostiraletik larunbatera bitarte egingo da Irungo Ficoba erakustazokan. Aurten, TransferINN, Competitiv’eko eta Addispace mugaz gaindiko europar proiektuen barruan antolatu da egitasmoa.

Arduradunek atzo Donostian emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Estia Ingeniari Eskolako 400 ikasle inguruk eta 40 enpresak hartuko dute parte eta, lehen aldiz, «%100 mugaz gaindikoa izango da».

Bertaratzen diren ikasleek enpresek proposatutako erronkei taldeetan banatuta egin beharko diete aurre, eta 24 ordutan horietarako konponbide ahalik eta zehatzenak bilatu. Horretarako, irakasleen, enpresetako zein erakundeetako ordezkarien eta ikertzaileen laguntza izango dute.

Denbora agortzen denean, fabrikazio aurreratuko proiektuak –informatika programak, ideia edo lan artistikoak, komunikazio kanpainak, marketin estrategiak, eta abar– aurkeztu beharko dituzte hiru minututan, adituz osatutako epaimahai baten aurrean.

Jeremie Faham egitasmoaren arduradunak esan zuenez, ekimen honetan «mundu errealean» gertatzen ez diren kolaborazioak sortzen dira, enpresa ezberdinen, teknologia zentroen eta unibertsitateen artekoak. Bestalde, nabarmendu zuen ikasle askorentzako «lan aukerak zabaltzeko» eguna izaten dela eta zenbait proiektu patentatu egiten direla, aurreko edizioetan gertatu bezala.

Batez ere gazteei zuzendutako edizioa izango da aurtengoa, eta Fahamek baietsi zuen espezialitate ezberdinetako gazte askok topo egingo dutela talde mistoetan. Ildo beretik, Lakuako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Aitor Urzelaik adierazi zuen berrikuntzaren arloan emakumeen papera indartzeko hautua egin behar dela. Hala, proiektuaren arduradunek nabarmendu zuten aurten lehen aldiz emakume bat izango dela ekimenaren babeslea: hain zuzen ere, Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia.

Tradizio luzea

Hamahirugarrenez eskainiko dio Estiak 24 ordu berrikuntza eta sormen teknologikoari, eta orain arte egindako bidea ere balioan jarri nahi izan zuten, baita Estiarena berarena ere. 2007an «Berrikuntzaren 24 orduen» lehenengo edizioa egin zenetik 700 proiektu garatu dira, 200 eskola eta unibertsitatek kolaboratu dute eta 20.000 ikaslek hartu dute parte.

Bestalde, Baionako Merkataritza Ganberak orain 25 urte sortu zuen Estia Ingeniari Eskola, eta Juhane Dascon Lurralde Garapeneko Doktoreak atzo argitu zuenez, Ingeniari Eskolak hiru departamentutan sailkatzen du bere lana: formakuntzan (900 ikasle formatzen ditu urtean), ikerketa eta transferentzian, eta start-up edo bestelako enpresei zuzendutako laguntzan.