Hutsuneak hutsune, Pierra Menta handia
Areches-Beaufort ibarrean antolatzen den binakako proba entzutetsuan Didier Blanc-Valentin Favre etaSeverine Pont Combe-Laetitia Roux bikoteak nagusitu ziren. Eguraldiak 4 eguneko proba baldintzatu zuen.
Nahiz eta azpimarratzeko hutsuneak izan diren, Pierra Mentaren 34. ekitaldiak ez zuen inor epel utzi. Eskuarki, lehen lerroan dauden lehiakideek hitzordu hau marra gorri batekin markatzen dute euren egutegietan baina, zoritxarrez, datek Mendiko Eskiko Munduko Txapelketekin kointziditu dute. Alabaina, Areches-Beaufort ibarraren ingurumarian jokatzen den binakako proba entzutetsu horrek ez du inor hotz utzi.
Skimo munduan “Frantziako Itzulia” edo “Champions League” bezala ezaguna den lau eguneko lasterketa hori hilaren 13tik 16ra jokatu zen. Eguraldia dela-eta, aurtengo edizioak ez du bere benetako aurpegia erakutsi. Eguraldi gaiztoa izan dute: elurra, ekaitza... Eta horren guztiaren ondorioz, ibilbide guztiak aldatu behar izan zituzten. Jakina, eskiatzaileen segurtasunagatik.
Elite mailan jardun zutenen artean, aipatu behar dugu mutiletan garaipena Didier Blanc-Valentin Favre bikote frantziarrarentzat izan zela. Nesketan, berriz, biko sasoikoena Severeni Pont Combe frantziarrak eta Laetitia Roux suitzarrak osatutakoa izan zen.
Alde txikiak
Gizonezkoen mailan, bederen, talde frantziar hori oso erregularra izan zen. Jokatutako lau etapetatik hiru irabazi zituzten: lehena, hirugarrena eta laugarrena. Bigarren etapan, berriz, hirugarrenak izan ziren. Bigarren sailkatuei, Filippo Barazzuol eta William Bofelli italiarrei 5 minutuko aldea atera zieten. Eta hirugarrenei, Martin Stofner eta Alex Oberbacher italiarrei, 24 minutu.
Nesken kategorian, bestalde, lehenik eta behin aipatu behar dugu 17 talde soilik aurkeztu zirela. Eta, zalantzarik gabe, bikote onena Pont Combe-Roux izan zen. Etapa guztiak aise irabazi zituzten, eta bigarrenei, Martina Valmassoi eta Elena Nicolini italiarrei, 24 minutuko aldea atera zieten. Hirugarrenak Marianna Jagercikova eslovakiarra eta Valentine Fabre frantziarra izan ziren; irabazleengandik 56 minutura geratu ziren.
Horiek dira, beraz, sailkapen nagusian podiuma lortzeko lehian ibili ziren eliteko talde indartsuenak. Bestetik, gogoratu behar da lasterketa horretan “herrikoiek” ere parte hartzen dutela. Batzuk aurreko ekitaldietan eginiko markak hobetzen saiatzen dira. Beste batzuk, aldiz, gozatzera irteten dira. Eta lehen aldia dutenak, berriz, amaitzera joaten dira. Multzo horretan euskal eskiatzaileek jarduten dute, eta, beste urte batez, hainbat taldek ez dute hutsik egin. Horien guztien artean postu onena erdietsi dutenak Joseba Sarasola eta Igor Alzelai izan dira. Irabazleengandik oso urrun geratu dira. Euskal talde hori 56. postuan (ia 200 talde aurkeztu ziren) sailkatu zen, irabazleengandik 3 ordu eta 7 minutura.
Arestian aipatu dugunez, Pierra Mentan izaniko eguraldi baldintzek 34. ekitaldia markatu zuten. Euria, ekaitza, elurra, ikuspen gutxi... Alabaina, ibilbide tekniko eta goi mailakoak prestatu zituzten. Zorionez, azken etapan eguzkia azaldu zen baina, aurreko egunetan bota zuen elur geruzagatik, sona handia duen Grand Mont-etik igaro ordez, Forclaz izeneko lepotik pasatu ziren. Hala eta guztiz ere, azken pasagune horretara 4.000 ikusle bertaratu ziren. Eta, ohi den bezala, horien animo oihuekin Pierra Menta handia egin zuten. Hutsuneak hutsune, jakina.