Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Copyright-aren direktiba aurrera

Asteartean izan zen, Europako Legebiltzarrean. Testuak aldaketak izan dituen arren, hasierako esentzia berberarekin onartu da. Duela bi urte hasi ziren garatzen eta jada Europako Kontseiluko 28en aldekotasuna bakarrik falta du. Eta beste bi urte, berau aplikatzeko. Lege honekin Interneti lotutako ardura legalen gaineko eztabaida galtzen ari ginela idatzi nuen duela hilabete batzuk. Eta galtzen ari garela berresten dut. Eztabaidarik izateko aukera bera ere galdu dugu, agian.

Auzi honetan (ere), kosta egiten zait Europako Batzordearen argudioak sinestea. Autoreak eta hedabideak babesteko urrats handia dela diote. Baina jabetza intelektualaren gaineko lege honek ere, aurrekoek bezalaxe, anbiguetatearekin jokatzen du. Ez baita erraza jabetza intelektuala zertara mugatzen den argitzea. Are gutxiago, copyright-aren lobby ekonomikoei legea anbiguetatean mantentzea interesatzen bazaie. Hau da, anbiguoa izatea ere erabaki bat dela. Eta jabetza intelektualaren legea, sortu zenetik eta bere erreforma guztietan, anbiguoa da.

Esan bezala, kosta egiten zait lege hau defendatzen dutenek ematen dituzten argudioak sinestea. Europar Batzordean Wikipedia salbuespen gisa kokatzen ere saiatu dira. Eta saiakera horrek berak esanahi handia du, argi uzten baitu legeak eragin dezakeen kaltea ezagutzen dutela. Wikipediak, ordea, bere arduradunetako baten hitzetan, «ez du filtrorik gabeko irla paradisiako bat izan nahi, ekosistema eta ozeano filtratu baten baitan».

Lege honek Interneten esentzian eragiten du. Erabiltzaileek hartu eta emateko duten aukera teknikoki mugatzea ekarriko du. Edukien zentsura prebentiboa ezarriko du. Interneteko plataforma ezberdinetara igotzen saiatuko garen guztiak aztertua izan beharko duela, alegia. Eta horrek zentsura pribatizatu ere egingo du, plataforma horien eskuetan geratuko baita filtro horien diseinua. Hau da, filtroa gauzatuko duten algoritmoen garapena.

Jakina da orain arte ere zentsura praktika erreal bat dela enpresa teknologiko handien kasuan. Orain, legearen barruan ere egin ahalko dute.