Berako Maratoi Erdiak hamabost urte bete ditu
Hilaren 14an izandako lasterketan Ainhoa Sanzek ezustekoa eman, irabazi eta marka berria ezarri zuen. Mutiletan, seigarren aldizjarraian Oier Ariznabarreta gailendu zen. Denera, 543 korrikalarik hartu zuten parte. Talde indartsuena Goierri Garaia izan zen.
Hamabost urte igaro dira Manttale Mendi Lasterketa Taldeak Berako Maratoi Erdia aurrenekoz antolatu zuenetik. Nafarrei onartu behar zaie hasiera-hasieratik lasterketa hori ondo baino hobeto zaindu dutela. Eta esfortzu horri esker, lasai asko esan daiteke Euskal Herrian antolatzen diren trail munduko lehia guztien artean klasikoenetarikoa dela. Ospe handia hartu du, eta horren isla da euskal lasterkari sasoikoenetako askok ez diotela hutsik egiten Manttalekoen deialdiari. Bai, lan eskerga egin dute eta egiten ari dira, eta emaitza bikaina baino bikainagoa da.
Bai parte-hartzaileei bai mailari dagokionez, hamabosgarren ekitaldiak nota bikaina izan zuen. Eta hori diogu 21 kilometro eta 2.700 metroko desnibel metatua duen lasterketan 543 korrikalarik hartu zutelako parte eta errekor berria ezarri zelako. Azken eite horri dagokionez, aurreratu behar dugu protagonista Ainhoa Sanz izan zela. Ohore hori orain arte Laura Solak zuen, 2 ordu eta 10 segundorekin. 2014. urtean izan zen. Bada, urretxuarrak marka hori hiru minutuan hobetu zuen: 1:56:56.
Mutiletan, berriz, ez zen markarik izan. Denboran ez, baina bai garaipenetan; izan ere, Oier Ariznabarreta seigarren aldiz jarraian gailendu zen. Durangarrak ezin izan zuen duela bost urte lortutako denbora txikitu. 2014. urtean 1:37:30eko denbora lortu zuen, eta azken ekitaldian, berriz, 1:39:38koa.
Lasterketaren nondik norakoak aipatzean, esan behar dugu goizeko 9:30ean eman zitzaiola hasiera. Irteera puntuan goi mailako korrikalariak zeuden. Eta bakoitzak azkenaldi honetan lortutako emaitzak kontuan hartuta, lasterketa ireki baten aurrean ginen. Nesken kategorian, adibidez, Oihana Kortazarren eta Maria Zorrozaren arteko norgehiagoka aurreikusia zen. Elgetarrak, adibidez, hirutan irabazi du Manttalekoen hitzordua. Gainera, oso sasoiko iritsi zen; izan ere, denboraldi honetan, oraingoz, hiru lehiatan nagusitu da. Zorrozak, berriz, duela bi urte irabazi zuen. Baina arestian esan dugun bezala, Sanz izan zen azkarrena. Lasai asko esan daiteke aise nagusitu zela; hots, lasterketa guztia goitik behera menderatu zuen. Azpimarratzekoa, beraz, urretxuarrak eginiko jarduna. Bai, lehen aldiz emakumezko batek bi ordutik beherako denbora egin zuen. Kortazar bigarren postuan sailkatu zen, 2:00:45eko denborarekin. Eta hirugarren postua Zorrozarentzat izan zen, 2:03:20ko denborarekin.
Giro bikaina
Mutilen lehiari dagokionez, Ariznabarreta zen faboritoa, eta pronostiko guztiak bete zituen. Alabaina, lehiakide gogorrei aurre egin behar izan zien. Irteera puntuan hauek zeuden: Walter Becerra, Beñat Katarain, Xabier Zarranz... Ohi bezala, durangarra lehenengo metrotik jarri zen lasterketaren buru, eta Larhunen, ibilbidearen punturik garaienean, 3 minututik gorako aldea zuen. Beraz, ez zuen arazorik izan seigarren aldiz jarraian hain kuttuna duen hitzordu hau irabazteko. Becerra bigarrena izan zen 1:42:43ko denborarekin, eta hirugarrena, Zarranz 1:43:58 denborarekin.
Benetako protagonistak korrikalariak izan baziren ere, ezin dugu aipatu gabe utzi urtero legez ibilbidean zehar ikusle asko izan zela. Eguraldia ere lagun izan zuten; fresko bai, baina eguzki zein euririk gabe.
Seniorren sailkapenekin amaitzeko, taldeka Goierri Garaiak irabazi zuen.
Bestalde, lasterketa hasi eta bost minutura gazte trailari hasiera eman zitzaion; Ibardinen zuten amaiera. Denera, sei kilometroko ibilbidea. 14 eta 17 urteen arteko gazteen lehian, nesken mailan, Ainhoa Etxegarai nagusitu zen; mutiletan, berriz, Peio Iturria, Oihan Pikabea eta Jokin Irazoki. Bezperan, infantilek ere aukera izan zuten metro batzuk-batzuk egiteko.