Maddi
TXINTXURRETA

FACEBOOK-EN BEKA BAT, IKERTZAILEEN MUNDU PREKARIZATUAN ARNASA

Hizkuntzei zientziaren begietatik beha ari da Mikel Artetxe, eleaniztun egiten ordenagailu eta adimen artifizialak, agian, praktikan, euskara bezalako hizkuntza minorizatuendako mesedetan, baina batez ere zientziaren garapenaren izenean, esploratu ez diren espazioetara iristeko. 26 urte ditu Artetxek, Ingeniaritza Informatikoan graduduna da, Hizkuntza Azterketa eta Prozesamendua masterra egin du eta EHUko Informatika fakultateko IXA ikerketa taldearen baitan doktorego tesia egiten ari da orain, hirugarren urtez, gizakien gainbegiratzerik gabeko itzultzaile automatikoen inguruan.

Berriki, Facebook enpresak eskaintzen duen Fellowship beka irabazi du eta apirilaren bukaeran abiatuko da Londresera, Google-en DeepMind zentroan egonaldi bat egitera. Facebook-ek mundu osoko 900 eskatzaileren artean banatzen dituen 21 saridunen artean izan da zarauztarra.

Fellowship beka ez da, alabaina, Artetxek Facebookekin izango duen lehen hartu-emana. Aurretik ere enpresak Parisen duen Adimen Artifizialaren Ikerketa sailean (Facebook Artificial Intelligence Research) egona da, eta Google erraldoia ere barrutik ezagutu du, Zürich-en eta Kalifornian.

Iaz, berriz, Estatu espainoleko Hezkuntza Ministerioak urtero ematen duen karrera amaierako lehen sari nazionaletako bat eskuratu zuen, eta orain arte Ministerio berak emandako FPU beka batekin aritu da tesia lantzen. Alabaina, Fellowship bekak Hezkuntzakoa ordeztuko du, eta EHUko gradudunak urtebete gehiagoz segitu ahalko du IXA taldean bere ikerketa garatzen.

Goraipamen hauek guztiak hizkuntza naturalaren prozesamendua eta ikaskuntza automatikoa aztertu bitartean jaso ditu. Zehazki, frogatu du adimen artifizial bat gai dela edozein hizkuntzatatik edozein hizkuntzatara itzulpen automatikoak egiteko, gizakiaren inolako esku-hartzerik gabe. «Itzultzaile automatiko tradizional batek funtzionatzen du pertsona batek emandako adibideengandik ikasiz. Adibide horietatik, ordenagailuak posible du patroi esplizitu batzuk ateratzea eta, modu horretan, sistemak itzulpenak egiten ikas dezake», azaldu du Artetxek.

Horrela, gizakiaren esku-hartzearen beharra duten itzultzaile automatikoak –Google Translate ezaguna kasu–, sisteman milioika adibide sartzen dituzten pertsona horien hizkuntza-jakintzaren menpekoak dira; hala, hiztun ugaridun hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko adibide ugari daude jada, ingelesa eta frantsesaren artekoak, adibidez, baina hizkuntza minorizatuen arteko konbinazioak eratzea askozaz konplexuagoa da. «Gaztelania eta ingelesaren artean badira adibide pila bat eta itzulpenak egin daitezke. Baina konbinazio arraro batera jotzen baduzu, euskara eta japoniera, adibidez, agian ez dago bakar bat ere ez».

Artetxe bere ikerketa taldeko kideekin batera garatzen ari den azterlanak demostratu duenez, aldiz, adimen artifizial batek itzulpenak egiten «ikas dezake», «aurretik gizakiak inolako itzulpenik egin behar izan gabe». Horrela, itzulpena edozein hizkuntzen artekoa izan daiteke, baita testuaren luzera ere, eta pentsatzekoa da hau praktikoki garatuko balitz hizkuntza minorizatuek bultzada jasoko luketela. Hala ere, ñabartu egin du informatikariak: «Kontuan izan behar dugu euskara ez dela hain baliabide gutxidun hizkuntza, eta nahiko bagenu euskararentzat ahalik eta itzultzaile automatiko onena sortu, beharbada ez da estrategia onena hain muturreko hurbilpen bat bere horretan aplikatzea. Gure ekarpenek erabilera praktiko bat izatea espero dugu, baina oinarrizko ikerketa ez da egiten epe motzeko aplikazio praktikoetan bakarrik pentsatuz».

Pariseko egonaldian, «esaldien errepresentazio eleaniztuna» ikertu zuen Artetxek. «Ordenagailu batek ez du ulertzen testua bere horretan, testu gordina. Testua ulertu eta itzulpenak egiteko, horren gaineko errepresentazio bat lortu behar du, bektore baten forma hartzen duena. Modu intuitiboan esplikatuta, mapa batean puntu bat izango bagenu bezala izango litzake, esaldi baten esanahia gordetzen duena. Saiatu ginen mapa edo errepresentazioa egiten, eta bertan hizkuntza desberdinetako esaldiak espazio berdinean kokatzen. Hala, posible izango genuke aplikazio bat izatea hizkuntza baterako, ingeleserako adibidez, eta errepresentazioa berdina denez edozein hizkuntzatarako, ordenagailua gai izango litzake lan hori euskaraz egiteko, adibidez. Nahiz eta ez diogun esplizituki erakutsi euskara itzultzen».

Onenak ere prekario

Facebookek esleitutako beka, nola ez, Mikel Artetxeren ibilbide profesionalari aitortza da. Baina ikertzaile euskaldun batek atzerrian egonaldiak egin behar al ditu karreran aurrera egiteko? Atzerriko multinazional batek izan behar du derrigor ikertzen jarraitu ahal izateko salbamendua? Mikel Artetxe, prestigiodun ikertzailea izanagatik ere, ez dago sektore honek pairatzen duen prekarizaziotik salbu. Ezta Begoña Altuna ere, IXA taldeko hizkuntzalaria. Ikertzaile batek bere karrera profesionalean «egonkortzeko» dituen zailtasunak aipatu dituzte biek ala biek eta, Artetxek baietsi duenez, «Euskal Herriko edo Espainiako unibertsitate sisteman ikerlari bezala egonkortu nahi baduzu, ia derrigorrezkoa da kanpoan egonaldi luze bat egitea. Horrek ez du zertan txarra izan, baina kanpoan egoera hemengoa baino hobea denez, arriskua dago ez itzultzeko».

Altunak nabarmendu du, hala ere, IXA taldeko ikertzaileak «zortedunak» direla, unibertsitatearen baitan soldatapean tesia egiteko aukera dutelako. Alabaina, ez da paradisurik sektore honetan. «Nik hilabetero jasotzen dut soldata, baina nire kontratuak hiru edo lau hilabetekoak dira, taldearen finantziazioak uzten duen beste. Orduan, nire plaza aurkeztu behar dut eta gerta daiteke plaza beste batek lortzea edo beka bat eskatzea eta ez ematea. Ezin duzu zure bizitza proiektua eraiki. Urtebeteko beka bat lortzen duen jendeak sekulako lasaitua hartzen du. Nola liteke horren maila akademiko handiko jendea horrela egotea?», agertu du hizkuntzalariak.

Lanbide prekarioa da, beraz, ikertzaileena. Horrenbeste bilatzen duten egonkortasuna erdiesteko modu «ia bakarra» unibertsitateko irakasle izatea da; bestela, Artetxek dioenez, «posible da» unibertsitatean ikertzaile gisa plaza lortzea, «baina oso konplikatua da»: «modu bakarra da deialdi publikoetan plaza lortzea. Euskal Herrian Ikerbasquek banatzen ditu bekak, Espainian Ramon y Cajalek eta Europan ERC dago. Baina oso beka gutxi ematen dira, eta horiek lortzeko irizpideak batzuetan oso orokorrak dira. Orduan, momentu batean, erabakia hartu behar duzu, egonkortu nahi baduzu, ikerketak ezin du zure lehentasuna izan». «Soilik ikerlaria izatea oso zaila da», gehitu du Altunak eta, bestalde, kritikatu du unibertsitate sistema ez dagoela ikerkuntzara bideratuta.

Ikertzaile biak kezkatzen dituen beste auzi bat da adimen artifizialaren arloan multinazional handiak «panorama guztia jaten» ari direla. «Prozesatzeko gaitasun handia daukate, datu pila bat maneiatzen dituzte, eta hori asko interesatzen zaigu. Eta, egia da, ikerlari prestigioduna bazara, soldata handia ordaintzen dizute», dio Altunak. Iritzi berekoa da informatikaria: «Dirua sobran daukate, eta ikertzaile prestigiodunak halako enpresatara joateko joera dago, bertan dituzten baldintzak hobeak direlako. Hausnartu beharko genuke ea nahi dugun dena enpresa gutxi batzuen esku geratzea, publikoa izatea komeniko litzatekeenean».