Euskal korrikalariak nagusi
Joan den igandean jokatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan, denera, sei garaipen erdietsi dira.
Nota jarri behar bazaie, zalantza izpirik ez dugu bikaintasuna azpimarratu behar dugula. Bai, trail lasterketetan jarduten duten euskal korrikalariek joan den igandean erdietsitako nota izan da. Fedme Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan sei garaipen sinatu dituzte. Seniorretan, adibidez, Ainhoa Sanz eta Oier Ariznabarreta izan ziren azkarrenak. Promesetan, berriz, Ainara Uribarri. Eta juniorretan, Lide Urrestarazu. Horretaz guztiaz gain, nagusien mailan, Euskal Mendizale Federazioaren nesken zein mutilen taldeek titulu bana irabazi zuten.
Kantabriako Trail Rae Otañesek jaso zuen hitzordu nagusi hau. Hots, Euskal Herritik oso gertu jokatu zen. Astebete lehenago Kanpezun izan zen Espainiako Kopako hirugarren proban euskal lasterkariak nagusitu ziren hainbat garaipenekin. Otañeseko lehian, berriz, maila bera eman dute. Emaitzei begiratzen badiegu, behintzat.
Fedmeren hitzordu nagusia denez, Espainiako Estatuko espezialista sasoikoenetariko asko izan ziren irteera puntuan. Federazio horren txartela duten 350 korrikalarik hartu zuten parte, eta seniorrek, adibidez, 34 kilometro eta 2.300 metroko goranzko desnibela zuen ibilbide oso erakargarri bati egin zioten aurre. Bidezidorrak, zelai aldapatsuak... Baina zati gogorrena eremu karstiko batean izan zuten. Lasterkariek Ventoso mendia igo behar izan zuten: 4 kilometroan 700 metroko desnibela gainditu behar izan zuten. Jakina, zati horrek lasterketaren emaitzetan eragin handia izan zuen.
Mutiletan, Kanpezuko proban egin zuen bezala, Oier Ariznabarretak lehen metrotik hautsi zuen lasterketa. Durangarrak ez du bere filosofia edo estrategia inola ere aldatzen, eta, beste behin, emaitza bikaina eman dio. Oso erritmo azkarra ezarri zuen hasieratik, eta Zaid Ait Malekek soilik jarraitu zion gertutik, baina hainbat arazorengatik erretiratu egin behar izan zuen. Ariznabarreta, beraz, lehena izan zen helmuga puntuan, 2:54ko denborarekin.
Aipatu behar da, halaber, Ariznabarreta lasterketaren marka gainditzeko zorian izan zela. Berez, Luis Alberto Hernandok dauka errekorra, 2:49ko denborarekin. Baina aurten ibilbideari 1,4 kilometro gehitu dizkiote; beraz, errekorretik gertu edo pare izan da. Hirugarren postuan Walter Becerra sailkatu zen, minutu bat eta 14 segundora. Top hamarrean Ander Iñarra eta Asier Larruzea ere sartu ziren.
Ainhoa Sanz, indartsu
Emakumezkoen kategorian, Berako Mendi Maratoi Erdian bezala, Ainhoa Sanzek oso indartsu dagoela erakutsi zuen. Lasterketa hasi aurretik bi faborito zeuden: Azara Garcia eta Sanz. Urretxuarra bigarren postuan izan zen lasterketaren lehen zatian, baina bigarren erditik aurrera buru jarri eta garaipena eskuratu zuen.
Beraz, ondo baino hobeto kudeatu zuen lehia osoa, eta indar erakustaldi ederraren ondoren lehen postua lortu zuen, 3:22ko denborarekin. Bigarrenari zortzi minutuko aldea atera zion. Maite Maiorak ere oso ondo jardun zuen lasterketa honetan, eta 3:35 denborarekin bosgarren postua sinatu zuen.
Maila bat beherago, promesetan, lehia estuek ez zuten hutsik egin. Seniorren ibilbide berean jardun zuten; hots, 34 kilometro eta 2.300 metroko goranzko ibilbidean.
Emakumezkoetan, bi korrikalarik soilik hartu zuten parte: Ainara Uribarrik eta Ariadna Mataixek. Euskal korrikalariak ez zuen arazorik izan urrea eskuratzeko. 4:03ko denbora egin zuen, eta Murtziako lasterkariari ia 5 minutu atera zizikion.
Nesken emaitzekin jarraituko dugu, Euskal Mendizale Federazioko beste bi ordezkarik, junior kategoriakoek, azpimarratzeko postuak erdietsi zituztelako. Juniorrak direnez, ibilbide askoz motzago batean jardun zuten. 14 kilometrokoa antolatu zuten, eta bi orduko denborarekin Lide Urrestarazu izan zen azkarrena. Haren atzetik Ane Iturria sailkatu zen; tolosarrari sei minutuko aldea atera zion.
Horiek guztiak dira euskal korrikalariek banakako proba horietan lortu zituzten emaitzak. Baina bazen beste titulu bat jokoan: Erkidegoetako Selekzioena. Eta seniorren mailan, iaz egin bezala, EMFren taldea nagusitu da, nesketan zein mutiletan.