Ideien espazioa
Sortu alderdiko oinarrietako batek dioen legez, iraultza demokratikoa da bidea XXI. mendean. Horrela lortzen ez den guztia edozein unetan gal liteke, espainiar Estatuaren lurraldetasun krisi historikoak zein Israelen paranoia militarista kronikoak demostratzen duten moduan. Beraz, soilik gehiengo zabalen bidez lortutakoak izan lezake iraunkortasun eta egonkortasunik.
Inork argudia lezake, Venezuela adibide ipinita, militarren onespena ezinbestekoa dela botoen bidezko erabakiak egikaritzeko. Baina argudio horrek ez du kontraesanik aurretik esandakoarekin. Izan ere, militar eta poliziak, berez, jendartearen parte diren neurrian (euskal herritarrez nabil), ahal bezainbeste erakarri eta gehiengo demokratikoen aginduetara daudela ziurtatu beharreko segmentu irisgarri legez ulertu behar genituzke. Ondorio bitxietara eroan gaitzakeen debatea.
Soilik ideien konfrontazioaren bidez eraginkortu litekeen pentsamendu iraultzailerako, ostera, sasoi itogarria da. Erretroalimentazioaren garaian bizi gara. Sare sozialetako algoritmoen irudi eta hatsera, gustatzen zaizkigun ideiak entzungo ditugula uste dugun pertsona, hedabide eta lekuetara jotzen dugu soilik. Konfirmazio etengabea gura dugu. Are gehiago, uste dugu gure ideiekin bat ez datozen gauzak esaten diren espazio bat konpartitzeak, magikoki edo, kutsatzen gaituela. Ideia propiorik gabeko gizaki herabeak bagina legez.
Ez dago lekurik «ez nator bat baina zer pentsatua ematen du» jarrerarako, botoi hori ez da existitzen. Adibiderako, Londresen batu ziren bi errusiarren txistea: «Dimitri, konturatu zara komunismoak lortuko zuenaz Moskun agindu ziguten gehiena gezurra izan dela?». «Bai Vasili, baina baita kapitalismoaz esan zigutena egia dela ere».
Ez dago txiste hori atsegingo duen ez kapitalista ez komunista sutsurik. Sare sozialetan oharkabean lihoake. Baina biei zer pentsatua ematen dien espazio bat zabaltzen du. Espazio horretatik soilik eraiki liteke jendarte hobe bihurtuko den pentsamendu iraultzailea.