Jon ORMAZABAL
P

Behar zuen bultzada

Txapeldunari irabazita, haizea buruz burukoan ere alde izan dezakeela nabaritzen du Iker Irribarriak.

Emaitzek kontrakorik esan ez arren, kirolari guztiek behar dute gauzak ondo egiten ari dena berretsiko dion une edo partidaren bat, azken aste edo hilabeteetan egindako lana alferrikakoa izan ez dela erakutsiko dion jokaldi bat, eta gaur bi aste Jokin Altuna txapeldunaren aurka lortutako garaipenak behar zuen bultzada eman omen dio Iker Irribarriari igandean Danel Elezkanoren aurka duen finalerdi korapilatsuari begira.

Victorren aurkako debuteko partidan zenbait zalantza utzi zituen bere jokoak, baina Atano III.eko partidaren ostean, faborito argien artean agertzen da, berriz ere aramarra. «Horrek esan nahi du jendeak esperantza daukala, eta nik ere bai. Sentsazio onekin nator, niretzat hori da garrantzitsuena eta, txapeldunari irabazita, zeresanik ez. Egia esan, garrantzitsua zen partida hori niretzat konfiantza berreskuratzeko eta ea igandean ere errepikatzerik dugun», aitortu zuen goierritarrak.

Altuna III.a kanporatu eta berehala, berotan, momentu batzuetan 2016ko Irribarria bezala sentitu zela esatera ere ausartu zen mikroen aurrean, baina atzo, hotzean, askoz gehiago neurtu zituen bere hitzak. «Egia da oso partida ona atera zitzaidala, zenbait unetan bai izan nituela sentsazio oso onak, baina ikusi egin behar. Urte bakoitza desberdina da», azaldu zuen.

Bi partida horren desberdinen artean zer gertatu zen galdetuta, Irribarriak nabarmendu zuen «lehen eguna beti izaten dela zaila», aurrean izan zuen Victor ere deserosoa dela beretzat oso eta tentsioa ere askoz handiagoa zela errioxarraren aurka, «txapeldunaren aurka galtzeko ezer» ez zuelako. Astean zehar egindako entrenamendu onek ere lagundu zuten eurena.

Aurkari deserosoa

Baina Victorren bolea zitala bada, zer esan Danel Elezkanorenaren inguruan, berriz ere Eibarren –sabai baxuagoarekin– jokatuko den partidari begira. «Niretzat aurkari deserosoa da oso, asko presionatzen du, bolea oso ona du eta asko endredatzen zaitu. Baina Jokinen aurka gustura aurkitu nintzen, Danel boleakada horietara zaila da gerria ondo sartzea, baina saiatuko gara. Pilotari ona da Danel, jendeak uste baino askoz gehiago jokatzen du», aipatu zuen.

Sekula ez dira Buruz Burukoan elkarren aurka aritu lehiaketan, baina aurten bertan hiru bat entrenamendu egin dituzte elkarren aurka, pare bat Astelenan bertan eta ez dago sekretu handirik euren artean. Oso estilo desberdinetako aurrelariak dira Zaratamokoa eta gipuzkoarra eta Binakako txapeldunak badaki zer egin behar duen irabazi nahi badu. «Argi daukat joko mota hori bakarrik egin dezakedala, airez jokatu eta arriskatu, partidari erritmoa sartzen saiatu. Botera jarriz gero, ez daukat zereginik, ahalik eta pilotakada gutxienei utzi behar diot botea jotzen», aipatu zuen.

Bere kasuan, iazko txapelketa izan zen manomanistan ere gauza onak egin ditzakeela sinisteko inflexio puntua eta finalerdietaraino heldu zen. «Gaur egun txapelketa hain laburra denez eskuz banakakoa, momentu onean heltzea oso garrantzitsua da, konfiantzaz eta jokoz ondo heltzea. Iaz hala heldu nintzen eta aurten ere uste dut hala nagoela».

Sarrera salmenta nahiko makal doa

Binakakoan oso pozik geratu ziren enpresetako ordezkariak pilotazaleek emandako erantzunarekin, baina nahiz eta sarrera polit batzuk egon, esaterako, Donostiakoa edo azkeneko Tolosakoa, Buruz Burukoari kosta egiten ari zaio jendea frontoira gerturatzea.

Goi mailako bi partida jokatuko dira asteburu honetan, urteko finalik preziatuenera sailkatzeko azken bi txartelak banatuko dira larunbatean Bilbon eta igandean Eibarren, goi mailako pilotariak arituko dira batean eta bestean, baina sarrera salmenta oso motel doa.

Pentsa, momentuz saldu diren bi jaialdietarako sarrerekin, Bizkaia pilotalekua ere ez litzateke beteko. Ezkurdiaren eta Urrutikoetxearen arteko lehiarako 1.900 sarrera inguru geratzen ziren saltzeke atzo arratsalderako (1.100 inguru saldu dira) eta Katedralerako beste 500 inguru zeuden salgai. Astelenan goiko pisuak bete samartuta daude, baina kantxan asko daude oraindik hutsik. J.O.

Honi buruzko guztia: P