Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zeu ukitu arte

Kontatu nuen hemen gure lantokiko emakumeok ahalduntze-ikastaro bat egin genuela Berdintasun Plana osatzeko prozesuan, eta hurrengoak gizonak izango zirela; desboteretzeko, baina, haien kasuan. Logikoa, ezta? Nik neure burua ahaldunduko badut, zuk ezin duzu ikusle soila izan, edo laguntzaile prestua, besterik gabe; zuk ere parte hartu beharra daukazu gu guzion arteko berdintasunerako prozesu honetan; hausnartu, onartu eta ekin beharra duzu. Nik neure burua ahaldunduko badut, zuk behar hori egon badagoela onartu beharko duzu; behar hori zilegitzat jotzen baduzu, horretan guztian zein paper jokatzen duzun aztertu beharko duzu, zintzoki aztertu ere, mingarria suerta badakizuke ere; zerbait aldatuko badugu, gure ingurune zehatzetik mundu zabalera, uneren batean atera beharko zara zure erosotasun-eremutik, utzi beharko diozu jarrera eta jokabide zehatz batzuk elikatzeari, txantxa-erako maleziagabeak diruditenak barne, eta hasi beharko zara nirekin eskuz esku zure pribilegioak errotik erauzten eta bestelako balioak landatzen, nire izerdiaz batera zeureaz, lurralde hau guztiona egingo badugu: lantokiak, etxeak, lagunarteak, askotariko harremanak… zure, nire eta gu guztion bizitzako esparru orok osatzen duten lurralde bakar hori.

Logikoa eta bidezkoa den guztia berez gauzatuko balitz, ordea, edo erraza balitz denok horren arabera ulertzea mundua eta bizitzea… samurra balitz, justizia soziala besterik ez iparrorratz, erosotasunari, axolagabekeriari, bizimodu onari, ukiezintasunari, botereari edota besteak bost axola izateari uko egitea… apur bat, behintzat, beste horien ongizate apur bat handiagoa ahalbidetzeko… gure ingurunean, gure txikitasunetik, behinik behin, hasteko… Hala balitz, zenbait ez geundeke borrokan une oro, lehia nabarmenean gure hegoak mutilatzen nabarmen jarraitu nahi dutenen aurka; eta liskar pixka bat oharkabeagoan ustez aldeko ditugunen erresistentzia txiki horien kontra, eztabaidatuz, argudiatuz, elkar konbentzitzen saiatuz, azkenean benetan ez haserretzeko ahalegin etengabean, gainera, ezagun, lagun, lankide, bikotekide edo senide ditugunez gero, nola ba!

Hain da nekagarria, eta etsigarria, behin betiko iraultzan ezinbesteko kideen aldetik «Bai, baina…» behin eta berriro entzutea, beren barruan hain zuzen ezertxok ere ez duela zertan aldatu uste dutela egiaztatzea, ekintzek eurak ukitu bezain laster bakarrik utziko zaituztela jakitea… logika eta justizia oro irentsita.