Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Enpatia

Mila bider esana zidan zapatak jasotzeko. Nolako tema zeukan zapatekin! Eta ohearekin. Eta lurrean zeuden gauzekin. «Todo lo que tienes por ahí tirado». Nik ez neukan ezer ere botata, dena zegoen estrategikoki ipinita: playmobilen suhiltzailea han, kanika bat hemen, erabilitako galtzerdi bat beste puntan. Nori egiten zioten traba, ordea? Hari, amari. Inoiz ez nuen etxean geldirik ikusi, bazkalosteko kuluxkan izan ezik. Erosketak ekarri, bazkaria egin, arropa tonak garbitu, txukun tolestu... eta nire logela jaso! Asko-asko haserretzean bakarrik aurpegiratzen zidan (zigun) egiten zuen guztia. «¿Quién te limpia a ti la ropa?». Guztiz arrotzak egiten zitzaizkidan hitzok, ordea. Guztiz. Txori bat zuhaitzean bizitzera kondenatuta egoteagatik kexuka entzun izan banu bezala: zer espero zenuen ba, horretarako zaude mundu honetan, ama, nire kaka biltzeko. Bere samina eta nire indiferentzia proportzionalak ziren. Horregatik, 35 urte geroago, jaso eta jaso dabilena ni naizen honetan, eta nire kexuei entzungor egiten diotenak, berriz, nire haurrak, harriduraz deskubritzen dut baietz, hainbestetan entzundako “enpatia” hitza kimera hutsa dela, utopia triste bat, eta pairatzen duzunean bakarrik dakizula zein den kondena baten zinezko tamaina, zinezko sufrikarioa. Bitartean, galtzerdiak lurrean uzten segiko duzu.