Ariane KAMIO
DONOSTIA

Batu eta eragin

Euskararen Langile Autonomoen Intersindikala abian da. Lanartea deritza. Atzo egin zuten Donostiako Victoria Eugenian lehenengo batzar irekia. Langileen eskubide eta interesak defendatzeko sortu dute eta helburuen artean dago horien estatus juridiko duina lortzea.

Lanarteak bere lehen batzar irekia deitu zuen atzo goizean Donostiako Victoria Eugenian. Euskararen Langile Autonomoen Intersindikalak barne hartzen ditu zuzenez edo zeharrez euskara tresnatzat daukaten musikariak, kontalariak, bertsolariak, antzezleak, marrazkilariak, kazetariak, itzultzaileak, idazleak eta, oro har, euskararen edozein lanbidetako profesional autonomoak. Haien lagin bat ikusi ahal izan zen Gipuzkoako hiriburuan, hitzordura bertaratu baitziren, besteak beste, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Rafa Rueda eta Imanol Ubeda musikariak; Koldo Izagirre, Yolanda Arrieta, Gotzon Barandiaran, Juan Luis Zabala eta Harkaitz Cano idazleak; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Garbiñe Ubeda; Juanjo Elordi eta Eneko Olasagasti zinegileak; Antton Olariaga, Dani Fano eta Mattin marrazkigileak; Oier Guillan eta Manex Fuchs antzerkigileak; edo Andoni Egaña bertsolaria. Atxikitu diren sortzaileen zerrenda, ordea, oraindik luzeagoa da.

Dani Fanok irakurri zuen bilkuraren hasieran Lanartearen manifestu fundazionala izan daitekeenaren manifestua. «Lasturko Milia, Asteasuko eta Segurako itsuak beren gitarrekin, Asteasuko eta Segurako itsuen emazteak beren panderoekin, Etxahun, Iparragirre, Bilitx, Txirrita, Mendaro Txirristaka, Orixe, Jon Zabalo Txiki, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Elgeta, Maurizia, Gabriel Aresti aldian aldiko euskararen langile autonomoak izan ziren. Halakoak zirelako kontzientzia handirik gabe, seguruenik, gehienak. Baina denak ere inolako aitortza profesionalik gabe bizitakoak: alprojak, alferrak, arloteak, neskabanderak, bardoak, artistak, poetak».

Haien ondorengoak dira orain Lanartera batu diren euskararen langile autonomoak, «egun batean pobre, beste batez jauna», diote. Hain zuzen, euskarazko sorkuntzaren alorrean dabilenaren egoera prekarioari keinu argi bat eginez. «Ez aberatsa, –jarraitzen du testuak–, ‘jauna’ baizik, edo ‘andere’, errespetu apur bat, atorra berri bat, agian, sarreraren arabera pagatutako kontzertua, hitzaldiren bat, hilabete barru kobratzeko pagarea. Edo festetarako kartelen batzuk, presakako itzulpena, onartu ezin dugun aurrekontua. Horrelako egun zoragarriak. Txaloak, sariren bat edo beste, subentzio hauxe. Etsipen batean sinatutako kontratu abusiboak. Lehiaketen amarruak. Euskalgintzak beti behar dituen doako kolaboratzaileak gu. Zirkuitu ekonomikotik urrunduak gu. Telebistan belztuak gu, irratiak isilduak gu. Ez da saltzen. Herri honek gutxi irakurtzen du. Ez duzue jenderik biltzen. Egun pobrekoak sarritxo».

«Euskararen langile autonomoak gara, geure burua definitzen ikasi dugu. Autokontzientziak elkartzera ekarri gaitu. Erakunde batean. Eragiteko», diote.

Helburuak

Lanartea euskara lantzen duten profesional autonomoen interesak eta eskubideak defendatzeko sortu da, bazkide formula darabil, eta hain zuzen bere bazkideei laguntza moral, profesional eta juridikoa eskaintzeko abiatu da.

Diziplina desberdinetan banatzen den bezala euskal kultura, euskarak ere beste hainbeste langile eta lanbide ditu, bakoitza bere ezaugarriekin. Hartara, intersindikala sektore desberdinetako langilez dago osatuta eta hiru helburu handi zehazten ditu guztientzat.

Batetik, euskararen langile autonomoen estatus juridiko duina lortzea, hala Estatu mailako legeetan nola autonomikoetan.

Bigarrenik, euskara izanik sektore guztien adierazpide linguistikoa, lehentasunetan dauka hitza baliatu behar duten sektore ekonomiko guztietan euskara exijitzea, bermatzea, indartzea eta hedatzea.

Eta hirugarrenik, Lanartea sektore arteko elkartasuna dela zehazten du manifestu fundazionalak, «elkartasun horretan indar handiagoa izateko sektore bakoitzaren gatazkak aurrera ateratzearren».

Sektore bakoitzak bere premiak dituela oinarri hartuta, sektore bakoitzeko langileek erabakiko dituzte zein diren beren premiak eta lehentasunak. Aitzitik, «Lanarteako sektore baten arazoak bazkide guztien arazoak dira».

Independentea

Lanartea intersindikatu independente gisa jaio da, bere printzipio, egitura, arau propioekin, eta demokratikoki aukeratutako ordezkariekin. Bidelagun gisa bat egiten dute, baina, ELA, LAB eta HIRU sindikatuek.

«Bai, Orotariko Hiztegiak dioenez, ‘lanartea’ lana etetea da, atseden hartzeko pausaldia. Ez zaigu asko inporta, zuzenez edo zeharrez, euskara egunero lantzen dugunok bai baitakigu soslaia aurpegi bihurtzen, zarata doinua bihurtzen, puntu ineditoak errimatzen, itzuli-ezinekoak euskaratzen, berba zaharrei adiera berriak ematen: Lanartea, lanaren artea eta langileen artekoa. Lanartea, bizitza laboral duin baten aldeko batasuna».

Euskal kulturaren legea

Ez da gauza berria. Denbora da euskarazko sortzaile, eragile eta enparauek euskal kulturaren lege integral bat galdegin eta defendatzen dutela. Lanarteak ere aldarrikapen horretan bat egin du. Ugariak izan dira euskal kulturaren zentralitatearen beharraz mintzatu izan diren ahotsak, diziplinak diziplina, euskaraz lantzen den orok behar duela agendan zentraltasuna, futbolak gizartearen ahotan duen garrantzia eta ezinbestekotasunak nola.

Euskal kulturaren legea estalpe bat litzateke euskararen langile autonomoentzat, errekonozimendu bat, babes bat. Izan ere, anabasa handia da autonomoen estatusean bertan, eta egoera aski desberdina da Ipar edo Hego Euskal Herrian lan egiten dutenen artean. Euskararen Langile estatusa lortzea dago eskari nagusienen artean, horretarako, baina, kulturak behar duen balioa erdietsi beharko du, gizartean bai, baina baita instituzioen estrategietan ere. A.K.