Idoia ERASO
BAIONA

Plazako ikuskizun eta tailerrak dohainik izanen dira EHZn

Euskal Herria Zuzenean festibalak ekainaren 28tik 30era izanen duen programa osoa aurkeztu dute. Berritasun nagusi gisa, jaialdiaren erdigunea izanen den herriko plazara urririk sartu ahalko da; ondoan eginen diren kontzertuetarako soilik ordaindu beharko da.

Ipar Euskal Herriaren bihotzean, Irisarriko herriaren erdigunean, belaunaldi guztietako festibalariak bil daitezen, plaza irekita uztea erabaki dute antolatzaileek. Kontzertuetara sartzeko ordaindu egin beharko da, baina aurtengo jaialdiaren ardatz izan nahi duten hausnarketa- eta eztabaida-guneak irekiak izanen dira. «Herriko plazara sartzea urririk izanen da, egunean zehar tailerrak eta mintzaldiak izanen dira, eta zirku, ikusgarri eta dantzak ere bai. Eguna bertan pasa eta gero, jendea pixkanaka kontzertuetara joanen da», azaldu du Julen Oillarburu EHZko kideak, aurtengo edizioaren berezitasuna nabarmenduz.

Irisarrik duen egiturarekin bat egiten du antolakuntza berriak, baina aldaketa tailerrei lotua ere bada, «musika festibal sinple bat baino gehiago» izatea baitu xede EHZk. Irekia denez, denek har dezakete parte, muga ekonomikorik gabe. Bost arlo landuko dira: feminismoa, festa eredua, burujabetza-autogestioa, Biarritzen abuztuan eginen den G7 bilkura eta migrazioa.

Sarrera aitzinetik erostean festibalariei zein gai interesatzen zaien galdetuko diete, eta aste batzuk barru galdetegi bat igorriko zaie, gai horren inguruko zein tailerretan parte hartu nahi duten galdetuz, horrela tokia erreserbatzeko. Tailerrak eta mintzaldiak irekiak badira ere, batzuetan izena ematea beharrezkoa izanen da, tokiak mugatuak baitira.

Euskal Herriko musika

Helburua Euskal Herriko taldeak nabarmentzea dela azaldu du gazteak, «hemengo artistak hobeki ezagutzera eramanen gaitu, kalitatezko eskaintza aberats eta anitza izatera». Irisarrin joko duten ia guztiak euskal taldeak dira. «Estilo ezberdin anitz izatea nahi dugu; rocka Willis Drummondekin, pop-rocka Izakin Gardenak-ekin...». Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Gari & Maldanbera ere aipa daitezke.

Aniztasuna Atlantikoaren bestaldetik ere helduko da, Ray Fernandezen eskutik. Eta hurbileko berezitasunei begiratuta, Oihan Oliarj-Ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan ere nabarmendu dute: «Proiektu musikal berezia da; zuberotar kantu tradizionalak hartu eta musika garaikide eta modernoarekin lotu dituzte. Guk nahasketa baloratu nahi dugu».

Rapa, rocka, popa, reggaea, cumbia... hiru egunez estilo guztiez gozateko parada izanen da: Anari, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, Liher, Manu Louis, The Very Small Orchestra, Lu Rois, Koban, Nizuri Tazuneri, Montauk eta Broken Brothers Brass Band. Zenbait taldek beren lan berriak aurkeztuko dituzte jaialdian: Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bide eta Diabolo Kiwi-k.

Hiru egunerako sarrerak 45 euroan, astelehenera arte

EHZren webgunearen bitartez jaialdiko hiru egunerako sarrerak merkeago erosteko aukera izanen da ekainaren 3ra arte. Ondoren 55 euroan izanen dira. Orduan hasiko da egun bakoitzeko txartela erosteko aukera ere.

Festibalaren webgunearen bitartez, laguntzaile egiteko aukera ere bada. Antolatzaileek deialdi zabala egin dute, orotara 500 pertsonaren laguntza behar baitute hiru egunerako azpiegitura guztia ziurtatu ahal izateko.

Jendea hasi da jada izena ematen, ekainaren 28tik 30era Irisarrin laguntzeko, baina antolatzaileen deia argia da: «Oraindik jende anitz falta da, galtzagorrien laguntza behar dugu».I.E.