Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Honey Moon», Taghiako proposamen berria

Neus Colom eta Iker Pou dira egileak. Oujdad-eko hego-mendebaldeko paretan 330 metroko bidea (7b+) zabaltzeko lau egun behar izan zituzten. Estiloari dagokionez, behetik ireki dute eta, paraboltak badiren arren, babesteko tresneria eraman behar da.

Ezohikoa baldin bada ere, azken eskalada jardunean Eneko eta Iker Pou anaiek ez dute soka gerrira elkarrekin lotu. Beste era batera esanda, ez dute sokadarik osatu. “Hutsune” hori bete duena Neus Colom da. Horrek badu azalpenik. Mallorcarra eta arabarra bikotekideak dira eta joan den maiatzaren 4an ezkondu ziren. Eztei-bidaia klasiko bat egin ordez, Colomek eta Pouk Marokon dagoen Taghiara bidaiatu dute.

Eta bisita horretan, sokada horrek “Honey Moon” bidea sortu du; hain zuzen, Oujdad izeneko hego-mendebaldeko hormatzarrean. Zabaldu duten bide berriak 7b+ zailtasuna du eta 330 metro luze da. Alabaina, argazkian ikus daitekeenez, ez da tontorrean amaitzen.

“Honey Moon” zabaltzeko lau egun behar izan zituzten. Bederatzi luze dira, eta halabeharrez 7a gainditu behar da. Taghian dauden zailtasuneko beste marra batzuekin alderatuta, teknikoki ez da oso gogorra. Luze zailena 7b+ gradukoa da; eta, besteak beste, badu 7b, 7a+ eta 7a bana.

Zailtasun teknikoak horiek dira, baina ezin dugu aipatu gabe utzi Taghiako bide berri horrek konpromisoa baduela. Horrekin esan nahi dugu paraboltak badituela, baina ez goitik behera. Hortaz, bidea egin nahi duenak bere burua babesteko tresneria eraman beharko du. Batez ere, 0,1 eta 2 neurriko friend-ak.

Protagonistok eite hori azpimarratu nahi izan dute, baina horri baino erabili duten estiloari eman diote garrantzia: «Eneko eta biok paretan proposamen berri bat lantzen ari garenean lehentasuna estiloari ematen diogu. Behetik eta librean, hori da indarrean jartzen dugun aldarrikapena. Eta ‘Honey Moon’-en Neusek eta biok gauza bera egin dugu. Ahal genuen sekzio gehienetan geure burua friend eta fisureroekin babestu dugu. Eta beste irtenbiderik ez zegoenean paraboltak jarri ditugu. Eta gure kasuan ohikoa den bezala, paraboltak jartzerakoan gakoak erabili ditugu. Horietatik zintzilikatu, zulagailua martxan jarri eta tresneria finko hori sartu dugu. Baina, beti bezala, era askean eskalatuz».

Bigarrena

Hori guztia esan eta gero, Pouk argi du Colomekin ireki duen bide berria kalitatezkoa dela: «Uste dugu etorkizunean jende askok errepikatuko duela; izan ere, arrokaren kalitatea apartekoa da eta Thagiako murru estetiko batean kokatuta dago».

Nahiz eta hormatzar horren garaiera 2.800 metrora heltzen den, lerrootako protagonistok oso goiz ekiten zioten lanari. Bai, murrua hego-mendebaldera begira dago, eta garai hauetan beroak eragin zuzena du: «Iratzargailua goizeko lauretan jartzen genuen. Lan eguna oso luzea zen; marra zabaltzeaz gain, hormaren oinarrira tresneria pisutsua garraiatu behar genuen-eta. Normala den bezala, izaera honetako jarduera batean tentsioak harrapatzen zaitu. Estilo garbian eta tranparik gabe sortu dugunez, burua oso orekatuta izan behar duzu».

Arestian aipatu dugu Colomek eta Pouk “Honey Moon” zabaltzeko lau egun behar izan zituztela, eta arabarrak gehitu du beste egun bat behar izan zutela proposamen berria kateatu ahal izateko.

Pixkanaka bada ere, Thagiako hormatzarretan gero eta euskal sinadura gehiago izaten ari dira; hots, euskal eskalatzaileek zabaldutako marra berriak. Pouri dagokionez, dagoeneko bi ditu. Eneko anaiarekin “Agur” zabaldu zuen iaz; oraindik kateatu gabe dago. Eta joan den maiatz honetan, Colomekin batera, “Honey Moon”.