Asier AIESTARAN
TRIATLOIA

Zarauzko probak 33 edizio beteko ditu larunbatean, parte hartze bikainarekin

Eneko Llanos hamabigarren aldiz irabazten saiatuko da, gizonezkoetan; etaiaz bigarren izan zen Helene Alberdi bere marka hobetzen, emakumezkoetan.

Tradizio handiko proba da Zarauzko Triatloia, eta larunbatean bere 33. ekitaldia beteko du, 1987an hasi baitzen ospatzen. Antolatzaileek atzo goizean egin zuten aurkezpen ekitaldia eta, aurreratu zutenez, goi mailako parte hartzea egongo da gizonezko nahiz emakumezkoetan.

Gizonezkoekin hasita, aipagarria da Eneko Llanos irteeran izango dela. Gasteiztarrak zehazki hamaika aldiz irabazi du Zarauzko proba eta larunbatean hamabigarren garaipena lortzen saiatuko da. «Gasteizko Ironmana prestatzen ari naiz, eta prestaketa horretan oso ongi etortzen zitzaidan Zarauzko Triatloia. Urte batzuk etorri gabe egon naiz eta niretzako oso berezia da hona itzultzea. Sekulako giroa egoten da eta proba berezia da», aitortu zuen.

Aurkari asko eta onak izango ditu, ordea. Iazko irabazlea, Gustavo Rodriguez, irteeran izango da; 2017ko irabazlea, Francesc Godoy, ere bai; eta antolatzaileek Timothy Van Houtem suitzarra ere nabarmendu zuten. Etxekoei dagokienez, Julen Diez, Ander Okamika, Pello Osoro edo Aimar Agirresarobe aipatu daitezke lehen postuetarako.

Emakumezkoen proban ere iazko irabazlea, Judith Corachan, garaipena errepikatzen saiatuko da. Bigarren amaitu zuen Helene Alberdi zumaiarra izango da bere aurkarietako bat, Anna Noguera edo Emma Bilhamekin batera.

Helene Alberdi aurkezpen ekitaldian izan zen, eta bere helburuak aipatu zituen: «Ni zumaiarra naiz eta Zarautzen egiten dut lan; proba oso berezia da, beraz, hau niretzat. Helburua nire marka ontzea izango da, horrekin pozik geratuko naiz, zeren postu jakin bat edo bestea lortzea aurkarien mailaren arabera egoten da».

Irteera ordubete atzeratu behar izan dute antolatzaileek aurten: emakumezkoena 15.00etan izango da, Getarian, beti bezala; eta gizonezkoena, 15.10ean. Igeri egingo dute Zarauzko hondartzaraino; bizikletan 81 kilometro beteko dituzte, kostaldeko errepidea berriz ere ibilbidean sartuta aurten, eta, azkenik, 20 kilometro korrika, Zarauzko kaleetan barrena.

Zenbakiak deigarriak dira alderdi guztietan: 2.800 pertsona parte hartzeko izena emanda, 700 parte-hartzaile irteeran zozketa egin ostean, 300 boluntario lanerako prest, 5.000 euroko saria irabazleentzat...

Eta triatloia osatzeko beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte asteburuan: azoka berezia, Zinema pilotalekuan; triatleta profesionalen hitzaldia, ostiralean, 20.30ean, Antoniano aretoan; haurrentzako triatloi txikia, igande goizean, malekoian...

Antolatzaileek proba ikustera gerturatzeko gonbita egin, eta garraio publikoa erabiltzea komeni dela gogorarazi zuten.