Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Lehen ekitaldian berdintasuna eta kiroltasuna eredu izan dira

Ekainaren 2an, Tolosan, Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatutako Eskolarteko Boulder Ligaxkaren bigarren proba jokatu zen. Denera, 11 eta 16 urte bitarteko 29 eskalatzailek hartu zuten parte.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatutako Eskolarteko Boulder Ligaxkaren lehen ekitaldia amaitu da. Bi hitzordu izan ditu: Aretxabaleta eta Tolosa. Lehenaren berri urtarrilean eman genizuen: orain, berriz, Tolosakoa jorratuko dugu.

Aretxabaletakoan aipatu genizuen 11 eta 16 urte bitarteko eskalatzaileek hartu zutela parte. Hots, alebin, infantil eta kadete kategoriakoek. 56 eskalatzaile lehiatu ziren, eta, beraz, oso arrakastatsua izan zen. Tolosakoan, berriz, 29 izan ziren. Iragan 2an izan zen, eta, irakurleek dakiten bezala, egun horretan kolore guztietako ekimenak egon ziren.

Alabaina, antolatzaileek lehen ekitaldi honetan helburu guztiak bete dituzte: «Bi hitzordu hauetan, neska-mutilak adiskidetasunez eta zaletasunez ibili dira. Pozgarria da esatea ekimen hau berdintasuneko eskola eta kiroltasunaren eredua dela».

Bai, azpimarra hor jarri behar da: bi hitzorduen sistemaren arabera, partaide guztiek gune fisiko bera partekatu dute eta aukera izan dute bloke guztiak probatzeko, sexu eta kategoria bereizketarik gabe. Era horretara, antolatzaileek mutilen eta nesken berdintasuna eta parekotasuna bultzatu dute.

Sailkapen mistoa

Ondorioak oso argiak dira. Eskalada lehia horietan GMF-k sailkapen mistoa bultzatu du: «Kiroltasunaren ikuspuntutik, adin goiztiarretan desberdintasun fisiko gutxi dago sexuen artean; ikasleak hazten diren heinean, desberdintasunak nabarmentzen dira. Mutilek indar muskular handiago dute; neskek, berriz, malgutasun handiagoa. Sailkapen mistoan adostasun zabalagoa izateko, inkesta bat berriro egin genuen. Sailkapen mistoaren alde %89 azaldu zen. Eta aurka %7».

Tolosako Usabal kiroldegiko rokodromoa bigarren probaren egoitza izan zen. 29 lehiakideek zailtasun ezberdinetako korapiloetan jardun zuten. Alebinetan, lehen hiru sailkatuak honakoak izan ziren: Manex Iñurrategi, Intza Elizalde eta Maddi Agirre. Infantiletan, berriz: Irati Guenetxea, Ametz Etxabe eta Leire Diaz de Mendibil. Eta kadeteetan: Peru Azurza, Eneritz Perez eta Garazi Gurrutxaga.

Puntuak batu ondoren, alebinetan sailkapena ez zen aldatu. Infantiletan, berriz: Guenetxea irabazle, Diaz de Mendibil bigarren eta Xuban Moral hirugarren. Eta kadeteetan: Perezek irabazi zuen, Ohian Perez de Mendibil bigarren sailkatua izan zen eta Julen Zubizarreta hirugarrena.