Eginean eta pentsatu gabe sortzen diren artelan koloretsuak
Uztailaren 28ra arte Jose Luis Zumeta margolariaren pieza txiki eta ertainak ikusi ahal izango dira Donostiako Ekain arte galerian. Tamaina handian lan egitera ohituta dagoen arren, duen espaziora egokitu ditu bere obrak, bisitariak hobeto ikus ditzan. Bere lanik berrienak bildu ditu bertan; izan ere, batzuk oraindik fresko daude.
Forma ezezagunez josita daude paretak, baina nolabait ezagunak dira. Jose Luis Zumetaren lanak jada gure iruditeria kolektiboaren parte dira eta adierazi nahi dutena baino gehiago izatera hel daitezke gutako bakoitzarentzat.
Usurbildarraren tamaina txiki eta ertaineko lanen erakusketa xumea ikusteko aukera dugu Donostiako Parte Zaharreko Ekain arte galerian, uztailaren 28ra arte. Espazio horretan erakusketa jarri zuen azken aldia duela hamar urte izan zen, nahiz eta artistari denbora gutxiago igaro dela iruditu.
Guztira 23 lan daude galeria txikian, olioak, tenperak eta akuarelak. Zumetaren lanak normalean handiak izaten diren arren, Donostiara berarentzat txikiak direnak eraman ditu, «hobeto ikusi ahal izateko». Erakusketaren irekiera ofiziala gaur izango da, 19.30ean, eta egilea bertan izango da.
Artistak kontatukoaren arabera, ohi bezala, zer aterako zitzaion jakin gabe pintatu zituen artelanak 2018an zehar eta azken hilabeteetan. «Estiloa da artista desberdintzen duena. Ezaugarri desberdin bat bilatu behar du bakoitzak. Estilorik gabe pintoreen arteko desberdintasunik ez litzateke egongo, ezingo genituzke Rembrandt eta Velazquez bereizi. Hainbeste urteren ostean, nik jada ez dut aldatuko. Niretzat hona ekarri ditudan lan guztiak desberdinak dira, baina jendeak agian ez du hori esango. Nik neuk, 5 urte barru ere agian ez dut hori esango», esan zuen margolariak.
Horiek egiteko prestakuntzarik ez du behar. Diziplina handiz, egunero, edo ia egunero, joaten da Usurbilen duen tailerrera pintatzera, eta kolore artean harrapatzen du inspirazioak. «Zoria da gai nagusia, momentua. Ez dut ideia edo mezurik aldez aurretik zehazten. Pintatzen hasten naiz eta bide bat sortzen denean jarraitu egiten dut; obrak berak esaten dit nola amaituko den. Oso subjektiboa da. Nik ere ez dakit zer pintatzen dudan. Ez naiz sortzen dudana arrazionalizatzeko gai. Gaiak bideratzeko beste modu bat da, oso irrazionala», adierazi zuen magenta zertzelada deigarriak zituen koadro baten aurrean eserita.
Hain justu hori eta eskuinean kokatutako beste bat –honek ere magenta kolorea darama– dira egin dituen azken lanak. «Niretzat nahiko figuratiboak dira», esan zuen. Izan ere, bietan aurpegiak antzeman daitezke. Bere esanetan, batean ijitoen ezkontza bat dago eta besteak Argentinaren zerbait badu.
Azken horri buruz esan zuen normalean etxean pintatzen duela, baina Argentinan bertan ere zerbait sortu zuen. Hala ere, bere bidaiek obrari gehiegi eragiten ez diotelakoan dago, nahiz eta Afrikan izan zenean ohar batzuk hartu zituen gerora Euskal Herrian margoetan islatzeko.
Koloreei dagokienez, betiko ildotik jo du. Horiak, laranjak, berdeak eta urdinak dira nagusi, eta beltza «forma markatzeko» erabiltzen du hutsunerik ez duen taulan.
Azkenaldian «lan dezente» egin duela baieztatu zuen, eta horrekin «pozik» agertu zen. Guztira 50 lan inguru egingo zituen Usurbilgo lantegian. «Iaz begi asko pintatzen nituen bolada bat izan nuen; lo egiten ez duen espioia nuen gogoan, hiltzen denean bere begiak paumari ematen dizkiona», aipatu zuen akuarelaz egindako artelanei begira.
Tailerrean
Zumetak tailerreko artistatzat dauka bere burua, ezinbestean. «Gaur egun ez dira ikusten artistak kalean margotzen. Argazkilaritzarekin, sortzeko modua asko aldatu da», adierazi zuen eta horren xarmaren falta sumatzen duela aitortu zuen, «kalean pintatzea, sagardo botila batekin...».
Teknologia berriekin ez omen da moldatzen. Eskuz margotzen jarraituko du, momentuz behintzat. Tabletarekin, alabaren laguntzaz, zirriborroak egiten ditu, baina oraindik ez du arte digitala lantzeko asmorik. «Oso traketsa naiz, ez naiz eguneratzen», onartu zuen.
Donostiako galerian aurkituko ditugun lan gehienak aurreneko aldiz izango dira ikusgai. Horietako bi Bilbon izan ziren apirilean, baina gainerakoak berri-berriak dira. Izan ere, aurretik aipatutako magenta daramaten bi pintura horiek oraindik fresko daude eta guztiz lehortzeko egun bat beharko dute. «Egunero pintatzen dut, ez dut proiektuak garatzeko denborarik», esan zuen bere sorkuntza oparoari buruz galdetuta.
GARArekiko elkartasunez «bi aurpegi» margotu zituen
Jose Luis Zumeta GARArekiko elkartasuna adierazi duten bederatzi artistetako bat da. Kanpainari babesa emateko propio sortu zuen artelan bat #arteaGARA ekimenaren baitan, orain edonork eskuratu dezakeena 25 euroren truke NAIZ dendaren webgunean. «Laguntzeko parte hartu dut ekimen honetan, gainontzeko kideek bezala. Horrelako gauzak egiten ditut normalean. Serigrafian bi figura, bi aurpegi, ikusten dira. Oso desberdinak bata eta bestea, kontraesana dutenak. Kolore aldetik, nire ustez, oso dotorea da», adierazi zuen atzo. N.B.