Ez da ezustekorik izan EMFren Txapelketan
Mendi lasterketetako Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen Tolosaldeko Hiru Tontorrak maratoian. AmaiaAmantegi eta Hassan Ait Chaou izan ziren azkarrenak. 266 lasterkarik lortu zuten maratoia amaitzea.
Trail lasterketen egutegia eroa da oso. Hori ez du inork ukatzen. Euskal Herrian zein nazioartean makina bat hitzordu, zirkuitu... daude. Eta, jakina, eliteko korrikalariek ondo baino hobeto aztertu eta neurtu behar dituzte deialdi guzti-guztiak. Horrek, noski, hitzordu batzuetan eragin zuzena du. Eta aipatutakoaren isla da Euskal Herriko Txapelketan gertatu dena. Hain zuzen ere, igandeko Tolosaldeko Hiru Tontorrak maratoiak hartu zuen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskal Herriko Txapelketa. Jakina, irteera puntuan sasoiko dauden lasterkari batzuk-batzuk bazeuden. Beste batzuek, berriz, Espainiako zein Munduko Kopan zeuden, Asturiasen sona handia duten Fuente Deko kilometro bertikalean eta Travesera Picos de Europa ultran...
Hala eta guztiz ere, Tolosan bildutako korrikalariek maila ederra eman zuten. Eta hala erakutsi zuten bi irabazleek: Amaia Amantegik eta Hassan Ait Chaouk. Denera 43,5 kilometroko eta 2.800 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean jo eta su jardun zuten. Bide batez, gogora dezagun Tolosaldeko hiru tontor ezagunetatik igaro zirela: Hernio, Uzturre eta Erroizpe.
Parte hartzeari dagokionez, antolatzaileek beraiek onartu digute kopurua handitu egin zela, eta horren “errua”, ziur aski, Euskal Herriko Txapelketa jokatu izanak izango du. Azkenean, 266 lasterkarik zeharkatu zuten helmuga.
T3T maratoiak eguraldia lagun izan zuen. Gainera, eguzkiak protagonismoa hartu nahi izan zuen, eta, horri esker, ibilbidean zehar baina batez ere aipatutako hiru tontorretan, makina bat ikusle bertaratu zen.
Nagusitasuna
Irabazleek eginiko jarduna definitzeko hitz egokiena zen den argi dago: nagusitasuna. Bai, Amantegik eta Ait Chaouk aise irabazi zuten. Emakumeen lehiari dagokionez, korrikalari berangarrak argi eta garbi utzi zuen, sasoiko iristeaz gain, lasterketako ibilbidean eskarmentu handia duela. Izan ere, aurreko bi ekitaldietan bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu zen, hurrenez hurren.
Azkenean garaipena lortu zuen arren, Hernioko tontorretik ez zen lehen postuan igaro Amantegi, Natalia Gomez baizik. Baina Amantegik teknika ona du jaisten eta Iruran lehen postuan zegoen jada. Puntu horretatik aurrera, bizkaitarrak bikain kudeatu zuen lasterketa, eta Tolosako helmugara lehen postuan iritsi zen, 4:48:36ko denborarekin. Era horretara Oihana Kortazarren denbora (errekorra, alegia) ia bi minututan hobetu zuen. Amantegiren lehen adierazpenak honakoak izan ziren: «Oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Lasterketa aurretik ezagutzeak asko lagundu dit. Indartsu sentitu naiz».
Bigarren sailkatua Gomez izan zen, irabazlearengandik ia 15 minutura. Hori bai, argi utzi zuen igoeretan bikain moldatzen dela: hiru tontorretan berak egin zuen igoera azkarrena. Hirugarrena Sarah Ugarte izan zen, laugarrena Nerea Amilibia eta bosgarrena Amaia Jauregi.
Gizonen kategorian, bestalde, are handiagoa izan zen Ait Chaouren nagusitasuna. Eta hori diogu lasterketa goitik behera menderatu zuelako. Horren erakusle, Hernio, Uzturre eta Erroizpen lehena izan zen. Aipatu behar dugu ere zizurkildarra EMFko selekzioko ordezkaria dela, eta asteburuan Munduko Kopako proba zuela. Hura alde batera utzi eta etxe ondoan jardutea erabaki zuen. Gipuzkoarraren denbora 4:05:40koa izan zen. Alabaina, ez zuen aukerarik izan Ismail Razgaren errekorra gainditzeko.
Nahiz eta bi aste lehenago, Zegama-Aizkorri lasterketa korritu eta marka oso ona egin, Ait Chaou “fresko” iritsi zen probara: «Banekien ondo nentorrela, lesiorik gabe; entrenatzen ondo ari bainintzen. Erroizpen karranpak izan nitzakeela sumatzen hasi naiz, eta, Beñat zortzi minutura nuenez, erritmoa jaistea erabaki dut». Beñat Katarain bigarrena izan zen 4 minutu eta 18 segundora, Xabier Lete hirugarrena, Igor Olalde laugarrena eta Goar Lopetegi bosgarrena.