Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Unibertsoa bezain zabala

Inoiz irudikatu duzu zeure burua Pluton planeta nanoan? Eta espazioan barrena bidaiatuz globo aerostatiko batean? Lur planetatik 5.769.000.000 kilometrora dago Pluton, eta hedadura hori bezain zabala da Daniel Piquerasek komiki moduan kontatzen digun istorio honen irakurketa desberdinen aukera ere. Izan ere, irudi bidez baino ezin daiteke irakurri, album mutua baita. Eta, beraz, oso irakurketa desberdinak egin daitezke ilustrazioen bidez.

Esan dezakeguna da protagonistetako bat, 8 bat urteko neskatoa (gizaki itxurakoa), Plutonen bizi dela. Etxeko ganbarako atea zabaltzen ikusiko dugu kontakizunaren hasieran. Bertan eguzki-sistemaren erreplikatxo bat ikus daiteke sabaitik zintzilik, eta, etxetxo bat, gurea ez den planeta batean; Pluton izango da hori, noski. Horrez gain, bada neskatoari jakin-mina pizten dion beste elementu bat: egurrezko kutxa handi bat. Barruan gauza asko dago, besteak beste, kutxa txiki bat. Eta kutxatxoan zer? Bada, barruan mezu bat duen botila eta eguneroko bat. Neskatoak koadernoa zabaldu eta hau irakurriko du: IO.

Berehala kontakizunean murgilduko da eta hortxe hasiko da ipuinaren barruko istorioa: Lur planetako uharte bakarti batean dagoen naufragoari (emakumea) globo aerostatiko bat iritsiko zaio eta sorlekua atzean utzita espaziorantz abiatuko da. Baina aurretik mezudun botila batzuk botako ditu itsaso zabalera. Horietako bat beste naufrago batek jasoko du (gizona). Botilaren atzetik globo aerostatiko bat iritsiko zaio eta bertan sartuta, Lurra atzean utziz, espaziorantz abiatuko da bera ere, pozak zoratzen. Ilargian lur hartu eta bere galtzak han utzita (AEBetako banderaren gainean), biluzik eta pozarren ekingo dio bidaiari. 54.600.000 kilometro eginda, Martera gerturako da. Ondoren, Asteroide-gerrikoa zeharkatuko du, eta, 627.000.000 kilometrora iristean, Jupiter ikusiko du, ondoan Io satelitea duela. Galileok aurkitutako lau sateliteetatik Jupiterrengandik gertuen dagoena da Io, eguzki-sistemako laugarren ilargirik handiena. Bertan hartuko du lur eta ehun bat metrora dagoen etxetxoaren atarian utziko du mezudun botila. Nor izango ote du zain?

Sekulakoa da Daniel Piqueras bere ilustrazioekin bakarrik kontatzeko gai dena. Aurretik ere hitzik gabeko lan ederrak sortu ditu ilustratzaile honek: “Glup: itsaso urdinaren azpitik” (Narval, 2018) eta “Homo: suak guztia aldatu zuenean” (Narval, 2017). Honetan, ordea, narratiba konplexuagoa erabili du. Hori bai, bere estilo markatuan. Lerro askeak, oso adierazkorrak, iradokitzaileak marrazten ditu, eta, beste liburuetan bezala, honetan ere zuri-beltzean kontatzen du istorioa, tarteka beste kolore punturen bat sartuz. Paleta osoaren erabilera planeten ilustrazioetan bakarrik ikus daiteke. Zoragarriak horiek ere, baina ez dira Piquerasenak, Pedro Lopezenak baizik. Oso marrazketa teknika desberdinean eginak diren arren, primeran uztartu dituzte bi teknikak. Elkarlanaren emaitza paregabea da. Oso-oso berezia. Behin eta berriz irakurtzekoa, irakurraldi bakoitzean zerbait berria deskubritzen baita, edo istorioaren beste ertzen bat aurkitzen baita.

Zer kontatu nahi ote digute liburu honetan? Etorkizunera salto egin eta gure ondorengoen ondorengoa den neskatoak bere arbasoen berri nola jakiten duen irudikatu ote dute? Edo, besterik gabe, unibertsoa ezagutzen lagunduko digun ipuin bat sortu nahi izan dute? Ez dut uste hori argituko digutenik; hortaz, unibertsoa bezain zabala den irudimenaren bidez norberak istorio propioa eraikitzeko gonbita egiten digu liburu eder honek.