Gezurra gailendu zen eguna
Denak ez du balio. Politikan gauzak adostea eta gehiengoak osatzea ona izateaz gain beharrezkoa da, baina ez da hori pasa den larunbatean Pasaian gertatu zena. Azken sei urteetan zinegotzia izan naiz, bi Bildu gisa udal gobernuan geundela eta azken laurak EAJ-PSE gobernuan zeudela.
Nire begiekin ikusi ditut 2015ean zerrendaburu bozkatuena izan zen Izaskun Gomez eta PSEko kideak gobernukide zuten EAJ mespretxatzen, euren artean hitz egin gabe zituzten kontuak (zer esanik ez Udaleko beste taldeekin) batzorde zein plenoetara eramaten. Bazekiten edozer eramanda ere baiezkoaren txandan EAJk eskua altxatuko zuela.
Beste batzuek egindakoaren aldean, EH Bildurena kanpaina positiboa eta propositiboa izan da, beste batzuen probokazioen gainetik herri honek behar dituen konponbideak eta adostasunak mahai gainean jarriz. Nahikari Oterminek (EAJ) ere elkarlanaz hitz egin du, eta Pasaiak alkate euskalduna behar zuela ere esan du... Hori gutxi ez eta hauteskunde biharamunean, boto jaitsiera tarteko, EAJk oposizio eraikitzailea egingo zuela adierazi zuen, Izaskun Gomezek herritarren babesa eta «alkatetza galdu» zituela esan zuen bezala. Pasa den ekainaren 15ean, ordea, gezurra gailendu zen. Pasaitar askorentzat amorrua, dezepzioa eta tristura ere, ziur, baina batez ere, gezurra.
Baten batek pentsa dezake EAE mailako adostasunak eskatzen zuela gertatutakoa, baina Pasaiako EAJrena izan zen PSE alkatetzan jartzeko erabakia, PSEk publikoki esana baitzuen koalizio gobernurik gabe ez zela inbestidurara aurkeztuko.
Pasaiak ez du alkate euskalduna izango, Pasaiak ez du ez talde politikoekin, ez eragileekin, ez herritarrekin adostasuna bilatu nahi duen alkate bat izango. Eta hori Pasaiako EAJren gezur eta erabakien ondorio da. Ez dezagula datorren lau urteetan ahaztu.