Hiru euskal titulu Espainiako Kopan
Fedmek antolatutako mendi lasterketen erregulartasunaren zirkuituan Oier Ariznabarreta, Ainara Uribarri eta Ane Iturria gailendu dira.
Joan den igandean jokatutako Zumaia Flysch Trail lasterketak amaiera eman zion Fedmek antolatutako mendi lasterketen Espainiako Kopari. Eta euskal lasterkariei dagokienez, bikain baino bikainago amaitu zen. Izan ere, hiru korrikalari nagusitu dira erregulartasunaren zirkuitu horretan: Oier Ariznabarreta seniorretan, Ainara Uribarri promesetan eta Ane Iturria juniorretan. Hori gutxi ez, eta beste hiru podium lortu zituzten euskal lasterkariek: Anartz Artola bigarren izan zen juniorretan, eta Jon Baz eta Unai Baz zilarra eta brontzea, kadeteetan.
Zumaiako probari buruz, aurreratu behar dugu 180 lasterkariek 42 kilometroko eta 2.250 metroko goranzko desnibela zituen ibilbideari egin behar izan ziotela aurre. Ez zen egunik aproposena estutzeko, lasterketaren erditik aurrera sargori eta hezetasun handia egin zuelako. Alabaina, maratoi hori irabaztera irten ziren espezialistek den-dena eman zuten. Espainiako Koparen azken hitzordua zenez, irabazteko edo podiumera igotzeko aukera gehien zituztenak bertaratu ziren. Haatik, maratoi horrek, oro har, euskal kutsua izan zuen –etxean jokatu zuten, hori ere bada–. Seniorretan, adibidez, Ariznabarretak eta Oihana Kortazarrek irabazi zuten.
Mutilen kategorian, durangarrak karta guztiak mahai gainean jarri zituen. Fedmeren zirkuitua irabazteko jakin bazekien irabazi edo postu oso on bat erdietsi behar zuela. Ohi den bezala, ziztu bizian irten zen; hots, dena ematera. Eta beste behin estrategia hori ondo atera zitzaion. Zumaiako ibilbideak korrika egiteko aukera handiak ematen ditu, eta, Ariznabarreta asfaltoko espezialista denez, bere gaitasuna ondo baino hobeto aprobetxatu zuen.
Nahiz eta lehian Hassan Ait Chaou, Ismail Razga, Antonio Herrera, Asier Larruzea eta Santiago Mezquita izan, bizkaitarrak ez zuen erritmo bizia jaitsi eta kontrol gune bakoitzean alde ederra atera zien. Beraz, helmuga puntuan lehena izan zen, 3:34:47 denborarekin. Aipatu dugun bezala, den-dena eman zuen; alegia, erabat hustuta iritsi zen. Eta horren isla da helmugan ikusitako irudia: Ariznabarreta erabat txikituta eta etzanda zoruan.
Beste bi euskal korrikalari podiumera igo ziren. Bigarren postua, irabazlearengandik ia 10 minutura, Ait Chaourentzat izan zen. Eta hirugarrena, Razgarentzat: 3:49:25.
Ariznabarretari hauspoa zein arnasa berreskuratzea kosta egin zitzaion, baina behin estualdiaz osatuta honako adierazpenak egin zituen: «Oso pozik nago emaitzarekin, baina txikituta amaitu dut lasterketa. Lehen hogei kilometroetan oso gustura joan naiz, baina handik aurrera sufrikarioa izan da. Espainiako Kopa irabazteko lasterketa bikaina egin behar nuen, eta beti bezala nire estrategia erabili dut. Topera irten naiz, eta ezin nuen kalkulurik egin, hori ez baita nire filosofia. Estrategia hori indarrean jarri dut, eta ondo atera da; korritu ditudan proba ia gehienetan bezala. Zegaman eta La Sagran, adibidez, huts egin nuen».
Bederen, durangarrari aitortu behar zaio denboraldiaren sei hilabete hauetan asmatu duela; izan ere, Espainiako Kopa zein Txapelketa irabazi ditu.
Beste garaipenak
Nesketan, bestalde, Kortazarrek argi erakutsi zuen oso sasoiko dagoela. Nahiz eta Espainiako Kopan ez lehiatu, Zumaiako proba irabaztera irten zen. Ekitaldi guztietan izan da, eta ibilbidea bikain ezagutzen du. Elgetarra ere topera irten zen, eta lasterketa osoa erabat menderatu zuen. 4:10:58 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Rosa Navarrori, ia 18 minutuko aldera atera zion. Eta hirugarrenari, Mireia Ponsi (Espainiako Kopako irabazlea izan da) 25 minutu: «Nire estiloa indarrean jarri dut, eta erritmo bizian irten naiz. Kontrol guneetan erreferentziak eman dizkidate, eta ondo kudeatu ditut».
Seniorretan, beraz, Kortazar eta batez ere Fedmeren erregulartasunaren zirkuitua irabazteagatik Ariznabarreta izan ziren protagonista nagusiak. Baina beste kategoria batzuetan, gazteenek izenburuetan azaltzeko merituak egin zituzten.
Promesetan, adibidez, Ainara Uribarrik Zumaiako lasterketa irabazi zuen. Seniorrek ez bezala, ibilbide motzagoa izan zuten: 31 kilometrokoa. Nesketan soilik bi lasterkarik hartu zuten parte, eta Uribarrik bigarren sailkatuari, Alba Valladaresi, lau minutuko aldera atera zion.
Juniorrek maratoi erdia korritu zuten, eta Ane Iturriak erakutsi zuen lasterkari azkarrena dela. Zirkuituan izan duen nagusitasunari esker, Iturriak Espainiako Kopa eskuratu du. Anartz Artolak ere garaipena nahi zuen, baina laugarren postuarekin behar izan zuen konformatu. Hernaniarra bigarrena izan da Espainiako Kopan.
Azkenik, kadeteetan, 14 kilometroko ibilbidean, Jon Baz bigarrena izan zen. Postu bera erdietsi du Espainiako Kopan. Haren anaia Unai hirugarren postuan sailkatu da.