Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

«Gure amatxi bizitzari atxikia zen eta bere gainetik jarri zen senarrak hil zuen»

Bere buruaz beste egin aitzin hil zuen Jean Juanteguyk Chantal emaztea eta horren harira Bardozeko agintariek gizonezkoari buruz izandako laudorio hitzek sumindura eragin dute biktimaren familiarengan.

Chantal Monteren, senarrak bere buruaz beste egin aitzin hil zuen emaztearen, «izena eta memoria» aldarrikatu zituen haren familiak, Emazteen Mundu Martxak deiturik Bardozeko Herriko Etxearen aurrean iragan ostiralean egin zen elkarretaratzearen karietara.

«Gure amatxi bizitzari atxikia zen eta bere buruaren gainetik jarri zen gizonezko batek hil zuen», adierazi zuen bertan hildako emaztearen 18 urteko bilobak, Salimak.

Emazte talde txiki batek bat egin zuen hilketa sexista salatzeko ekimenarekin. Ipar Euskal Herrian ez da, tamalez, irudi ezohikoa. Hiru euskal lurralde hauetan indarkeria sexista salatzeko mobilizazio maila oraindik ere aski apala baita.

Arruntagoa da, ordea, emazte bat hiltzen denean, are gehiago, joan den astean Lapurdi barnealdeko herri horretan gertatu bezala, adineko bikote bat tartean denean, emaztearen hilketa «familia barruko afera» bezala hartzea.

Are, ohikoa da baita ere, hedabideek galdetzen dutenean gertakariari buruz, herriko hautetsiek emaztea hil ondoren bere buruaz beste egin duen gizona «herritar arrunta» edo «aldarte onekoa» zela esanez aurkeztea.

Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da 90 urteko Jean Juanteguyk hil zuen Chantal Monteren izena eta memoria aldarrikatzeko 72 urteko emaztearen familiak eman duen urratsa, gertatutakoa hilketa izan dela salatuz herrian bertan.

Familia izena

Salimak ez du zalantzarik bere amatxiren hilketa «feminizidio» gisara irudikatzeko orduan. “Mediabask”-ek jasotako adierazpenen arabera, «gure amatxi baino zerbait gehiago zela uste zuelako era zitalean erail zuen gizonak», nabarmendu zuen Salimak. Bardozeko Herriko Etxearen aitzinean hildakoari «bere familia abizenarekin» deitzeko eta «ez hiltzailearen abizena baliatuz», eskatu zuen.

Minduta agertu zen, bi heriotzak gertatu zirenetik «herrian inork ez duelako hartu gure amatxiren ahotsari oihartzuna emateko ardura». Hitz horiek jasotzaile ezberdinak izan ditzakete, bistan da. Hala ere, ziur da horietako bat Paul Diribarne Bardozeko auzapeza dela.

Hautetsiaren zein auzokoen hitzak jaso zituzten hainbat hedabidek «drama» aipatzeko orduan. Horrela jakin zen gizonak artisau gisa jardun zuela erretreta hartu arte edo pilota munduarekin lotura izan zuela.

Atzo ziren autopsia egitekotan Chantal Monte eta Jean Juanteguy bikoteari. Halere, Poliziak hasieratik ziurtzat eman du emaztea hil ondoren gizonak bere buruaz beste egin zuela.

Horren jakitun, autopsiaren emaitzari itxaron gabe bere amatxi zenaren egia aldarrikatu zuen Salimak Bardozen. «Gure amatxi emazte oso sendoa zen, minbizia gainditu ondoren bizitzari atxikia zen emazte bat».