Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Elefantea egongelan

Hartaz jabetu gaitezen balio izan du Elizabeth Jean Carroll zutabegilearen kasuak, beharbada. Egongelan dago elefantea.

Piztu orduko itzali den kasua izaki, agian gogorarazi beharko da bortxaketa kasu bat litzatekeela –berak zehazki kalifikazio hori erabili ez badu ere; beste ezer pentsatzeko aukera gutxi uzten du deskribapenak– Carroll andrearena, non bortxatua «celebrity» bat bailitzateke eta bortxatzailea Estatu Batuetako egungo presidentea. Eta egia ez balitz, profil goreneko kalumnia kasua, noski. Beraz, denboratan zeresana eman behar lukeen pasadizoa, edonola ere.

Horren ordez, era zikoitzenean finitu da gorabehera: Trump presidenteak, Carroll andrea ez duela ezagutzen esan –eta, argazkiak lekuko, ia beti bezala gezurretan ari dela nabarmen geratu– ondoren, argudio «erabakigarria» aurkitu bide du: «Ez du nire gustuko tankera».

Txundigarria ez da ordots batek halako apotekeria jaulki izana, baizik, itxura guztien arabera, horrekin erabakita geratu dela tema. Etxe Zurirako hauteskundeetarako kanpainan sartuta dauden arren. Eta Trump bera jada ofizialki bigarren agintaldirako aurkeztu denean. AEBetako hedabideren batek, harriduraz, azpimarratu du kontraesana. Baina egia konplitua da ia inork ez diola jaramonik egin harrezkeroztik Carroll andreari.

Baten batek esango du gehiegizko kasuen ondoren (Gary Hart-Donna Rice; Bill Clinton-Monica Lewinsky; Trump bera eta...), gutxiegizkoak etorri ohi direla. Litekeena da. Baina enpazteko modu horrek ez du ez gizalegerik ez onurarik.

Nolanahi ere, ez da hori arazo potoloa. Elefantea. Arazoa, Estatu Batuetatik askoz harago ere heltzen dena eta, beraz, geuri ere badagokiguna, da immoralitate horiek guztiak, gehiengoz edo ia gehiengoz, onartzen dituen gizarte estatubatuarraren emergentzia. Utz dezagun Carroll kasua; nork ez du gogoan topikoa: «Bai, han ez dituzte zakurrak lukainkarekin lotzen, baina gezurretan harrapatzen duten politikaria...». Ikusi besterik ez dago Trumpen kasua.

Estatu Batuak itsasargi moraltzat inoiz hartu ez ditugunok ere elefante bat daukagu egongelaren erdian.