Asier AIESTARAN
EUSKAL PILOTA, BATUTA

Euskal selekzioa onar dezala eskatu diote Nazioarteko Federazioari

Eskaera aspalditik datorren arren, pilota munduko ordezkari desberdinek atzo Iruñean ateratako argazkiak beste urrats bat suposatzen du euskal selekzioen aldeko borrokan. Lurralde desberdinetako federazioen presidenteak eta pilotariak batuta agertu ziren Nazioarteko Federazioari beren eskubideak aintzat har ditzala eskatzeko.

Pilota munduko hainbat pertsonaia esanguratsu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren bulegoetara hurbildu ziren atzo, Iruñean, Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan eskubide osoz onartua izan dadila eskatuz. Eta ondorioz, euskal selekzioek nazioartean ofizialki lehiatzeko duten esku- bidea onartu dezala eskatuz eta aldarrikatuz.

Eskaera babesteko, pilota munduko ordezkaritza horrek hainbat izen esanguratsuk sinatutako idatzia eta prentsa dosier bat aurkeztu nahi zituen Nazioarteko Federazioaren aurrean, azken hilabeteetan zeresan handia eman duten hainbat albiste eta gertaera bertan bilduz.

Esaterako, Bixintxo Bilbaori egindako elkarrizketa bat, Munduko Txapelketan ikurrina erakusteagatik jaso zuen zigorrak sortu zuen zalaparta eta haserrearen ondotik; Dunixe Larralderi egindako beste bat, 1990ean arrazoi berdinagatik bi urteko zigorra jaso zuen pilotaria; eta orain gutxi Espainiako selekzioari uko egin dioten trinketisten adierazpen batzuk.

Bulegoa itxita

Atzo arratsaldeko ekitaldian bulegoa itxita aurkitu zuten, eta azkenean ezin izan zuten momentuan bertan utzi dosierra bulegoan, baina bultzatzaileek jakinarazi zutenez –Euskal Herria Kirola egiten ari den lana eskertu behar da, Kike Zurutuza buru dela– Nazioarteko Federazioarekin harremanetan daude eta datorren astean aurkeztuko diete edukia.

Ekitaldian parte hartu zuten ordezkarien artean egon zen esaterako Dunixe Larralde, eta bera izan zen Nazioarteko Federazioari zuzendutako eskaera frantsesez irakurri zuena. Iera Agirre pilotari nafarrak irakurri zuen erdarazko bertsioa, eta Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak euskarazkoa.

Enbil, urte asko eta askoan puntista profesionala ere izan dela ahaztu gabe, da eskaera formala sinatzen duen ordezkari nagusia, baina berarekin batera Iker Gereta, Arabako Pilota Federazioko presidentea, eta Andoni Lertxundi, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea –ezin izan zuen atzo Iruñean egon– sinatzaileen artean daude.

Baita Jean-Michel Garayar, Iparraldeko Pilota Komiteko presidentea ere –Mikel Larraldek ordezkatu zuen atzoko aurkezpenean–.

Hutsuneren bat aipatzekotan, Bizkaiko Federa- zioarena aipatu behar, azkenean ez baitu idatzia sinatu.

Hedabideen aurrean irakurritako idatziak argi utzi nahi du atzokoa ez dela «eskaera baztertzailea, eskatzen dugun bakarra da kirolariek askatasun osoz aukeratu ahal izatea, nahi duenak euskal selekzioarekin jokatuko du eta nahi duenak Espainiakoarekin edo Frantziakoarekin».

Aspaldiko eskaera, baina atzoko argazkiarekin beste bultzada bat jasoko duena.