Casque du Marboren etaMondarruegon bi bide berri
Bietan ala bietan Ekaitz Maiz protagonista izan da. Lehendabizikoan, NachoMerino eta Felix Aznarrekin «Los placeres pirenaicos» (7c, 175 m) zabaldu du.Bigarrenean, Mikel Zabalzarekin: «Sugarra» (7b+, 350 m).
Ezagutzen ez dutenek galdetzen dute zer “gasolina” klase erabiltzen duen. Ezagutzen dutenek, berriz, erantzun gardena dute: «Gene kontu bat besterik ez da. Beste era batera esanda, muturreko motibazioa». Ekaitz Maizi buruz ari gatzaizkizue. Irakurleak dakienez, etxauriarra eskalatzaile zein alpinista bikaina izateaz gain, sormen lanetan Euskal Herriko protagonista emankorrena dugu. Berdin dio kirol eskaladan ala hormatzarretan; Maizek bideak zabaltzeko duen grina sailkatzeko zaila da.
Eta joan den ekainean, beste behin, argi erakutsi du horma luzeetan zirrikituak bilatzeko duen gaitasuna neurrigabekoa dela. Arestian aipatu dugun motibazioak bultzatuta, lau eguneko tartean bi marra berri zabaldu ditu. Biak ala biak Pirinioetan. Biak ala biak alderdi enblematikoetan. Eta biak ala biak bisita gutxi jasotzen dituzten hormetan. Jakina, bi proposamenak behetik eta era askean zabaldutakoak dira.
Lehena, ekainaren 24an, Casque du Marbore mendiaren hego paretan: “Los placeres pirenaicos” (7c, 175 m). Jarduera honetan soka gerrira Nacho Merino eta Felix Aznarrekin lotu zuen. Bigarrena, berriz, ekainaren 28an, Mikel Zabalza sokakide zuela Ordesako Mondarruegon: “Sugarra” (7b+, 350 m). Lau eguneko tartean, beraz, bi sormen lan. Hau irakurri ondoren, ematen du eskalatzaile nafarrari ez zaiola bukatzen arestian aipatutako “gasolina”: «Ez pentsa. Motibatuta bazaude aukerak ezin dira galdu. Baina, jakina, astindu ederra hartzen dut. ‘Los placeres pirenaicos’ bukatu, autoa hartu eta etxera goizeko hiruretan heldu nintzen. Lau ordu atseden hartu, eta 7etan lanean nengoen».
Casque du Marbore mendiaren hego aurpegian zabaldutako bide hau aipatu duenez, Maizi galdetu diogu tokitan dagoen horma horretan lau luzeko proposamen bat zabaltzeak ea merezi izan duen. Honako erantzuna eman digu: «Zalantzarik gabe, bai. Zergatik? Bada, toki berezia delako. Ordesa behean duzu, Brecha du Rolandetik igarotzen zara… Gainera, haitzaren kalitatea izugarri ona da. Beraz, ez nioke begiratuko irekitako luzeei soilik. Hirugarren luzea, berez, zailena da. Baina, tira. Gainera, ez du trantsiziozko luzerik».
Etxauriarrak ondo baino hobeto ezagutzen du alderdi hori. Marboreko Dorrearen ipar horman, adibidez, hainbat marra sortu ditu. Azken hau, ezustean ez, baina ez zen esku artean zuen helburua: «Asier Lukerekin aspalditik nuen Pic du Cascaden neguan bide berri bat zabaltzeko gogoa. Hara abiatu ginen, baina elur askorekin egin genuen topo. Den-dena blai zegoen. Urria garai egokiagoa zelakoan, xedea bertan behera utzi genuen. Eta Casque du Marboretik pasatzerakoan, hego horma begiratu eta otu zitzaidan han zer edo zer egiteko aukera zegoela. Nacho eta Felix helburu honetara batu eta ‘Los placeres pirenaicos’ ireki dugu. Ez da luzea, baina espero genuen baino zailagoa atera zaigu. Ez dira luze errazak, eta uste dugu bide oso-oso ona atera zaigula. Ia 200 metro izan ordez, 500 izan balitu… Bada, ez dakit, kristorena eta hurrengoa izango litzateke».
Nahiz eta ekainaren 24an, Euskal Herrian bezala, Ordesan beroaldi ikaragarria egin zuen, etxauriarrak onartu digu beraiek lumazko jakarekin eskalatu zutela. Garaiera horretan jarduteak, batzuetan, “sari” ederrak eskaintzen ditu: «Zorte handia izan genuen; bederen, beroaldi horretatik ihes egin genuen. Ordesan 38 graduko tenperatura zegoen, eta guk, aldiz, txaketak jantzi genituen. Eskaladaren estiloari dagokionez, denetarik duzu: plakak, artesiak, diedroak… Nahiz eta paraboltak jarri ditugun, norberak bere burua babestu behar du. Krokisean ikusten den bezala, txapa gutxi jarri ditugu. Lehen luzean 3, bigarrenean 2, hirugarrenean lau eta azkenean bakarra. Txapak bai, baina beste tresneria hori sartu behar da, eta horrek bere puntutxoa ematen dio».
Etxauriarrak ez du inolako zalantzarik egin berri duen jarduera horrek gustura hartu duela: «Berriro diot, leku paregabea da. Pena bakarra ez dela luzeagoa. Baina niri, bederen, asko gustatu zait. Lagun batzuek esan didate errepikatzera joango direla».
Mondarruego
Bai, bai, Mondarruego. Ez Libro Abierto, ez Tozal, ez Fraucata… Mondarruego baizik. Ahantzita dagoen horma. Bada, Casque du Marborekoa bukatu eta lau egunera Maiz berriro lanean zen. Zabalza zuen ondoan, Ordesako hormatzarrak bere etxea baino hobeto ezagutzen dituena. Hain zuzen ere, iruindarra izan da xede berriaren sustatzailea: «Ez nuen pareta horren erreferentziarik. Mikelek proposatu zidan, eta, jakina, ez nion ezezkorik esan. Batez ere, Ordesako batere tipikoa ez den horma delako. Nik uste dut ‘Sugarra’-k zeresana emango duela. Haitzaren kalitatea ona da, eta bidea ere bai».
Hitz gutxitan esanda, Mondarruegok eta zabaldutako bideak harritu dute lerrootako gure protagonista. Eta hori izaera honetako jardueretan espezialista den batentzat, bada, kontuan hartzekoa da: «Ordesa da, bai, baina oso haitz ona du. Hauts geruza txiki bat ere bai. Baina esan dezaket onerako harritu nauela. Oro har, aktibitate osoa da. Batetik, paretaren oinarrira heltzea ez delako batere erraza. Eta bestetik, jaitsiera oso alpinoa delako: rappelak, kanalak, eta abar. Jaitsiera hori ez da batere agerikoa, eta horregatik krokis hori jarri dugu. Ez da arratsalde bat pasatzeko jarduera bat; konpromiso maila inportantea du».
Gai horretaz Maizek arrazoia du; izan ere, hurbilketa bidea, Fraucatakoa edo Libro Abiertokoa ez bezala, askoz ere basatiagoa du. Ia-ia ez du biderik. Zabalzak berak “flipatu” omen zuen. Eta berak hori esaten badu… Jaitsieraren inguruan ezer gutxi gehitu dezakegu, ondoan dagoen krokisak esandako guztia argitzen du.
Bidearen ezaugarriei dagokienez, etxauriarrak aurreratu digu “Sugarra” agerikoa dela: «Jakina, Ordesako estiloa du: diedroak, sabaiak… Eta den-dena nahiko garbia. Marra hau zabaltzea pribilegio hutsa izan da. Ia bilera guztietan parabolt bana jarri genuen. Eta luze batzuetan iltzeak. Bidearen giltzak 7b+ gradua du. Sabai bat eta offwidth txiki bat ditu; hori bai, babestua dago. Ni luze horretan bi tokitan geratu nintzen. Teknikoki ondo eskalatu behar da. Gainerako luzeak ere ederrak dira oso. Batez ere goialdekoak. Ez dira zailak, baina zoragarriak bai. Zailtasunari baino garrantzi gehiago emango nioke ‘Sugarra’-k duen kalitateari».
Bide batez, Maizek aipatu nahi izan du aurreko jardueran ez bezala, bigarren honetan bero handia jasan zutela: «Lehenean, lumazko txaketa erabili genuen. Mondarruegoko honetan, aldiz, kristoren beroa izan genuen. Horregatik ‘Sugarra’ deitu diogu».
Azkenik, eskalatzaile honek berriro gogorarazi nahi izan du “Sugarra”-k eskatu diena jarduera osoa izan dela: «Hurbilketa bidea ez da agerikoa eta motza. Eta jaitsiera ukitu gabeko baso batetik egiten da. Bide batez, aipatu nahiko nuke Ordesako beste bide batzuekin alderatuta, beste maila bat duela. Adibidez, ondoren ‘Divina comedia’ eskalatu nuen, eta uste dut Mikelek eta biok zabaldutako azken hau goitik dagoela. ‘Divina comedia’-ren luze gogorrenak plakeroak dira eta horietan ohituta gaude. ‘Sugarra’-k, berriz, artesiak (eskuak ondo itxi behar dira) eta offwidth txiki bat ditu».