Elefantea gelan da
Egia, erreala den horren printzipio zilegiztatzaile bezala desagertzen edo perbertitzen ari dela hain da ebidentea, soilik beste alde batera begiratuta pasa daitekeela oharkabean. Iritzi honi izenburua ematen dion adierazpen metaforikoak dioen bezala, gela batean dagoen elefantearen moduan, bere presentziaz ez jabetzea ezinezkoa litzateke, beste alde batera begiratuta ere.
Egiarik gabe ez dago errealitaterik, edo errealitate interesatu eta instrumentalizatu bat dago soilik. Egiak sendotasunik ez badauka errealitatearen sendotasuna ere zalantzan jartzen da, eta hortaz, gizarteak bere iritzia eta erabakiak zuzentzeko erreferentziak galtzen ditu. Honek eragina dauka pertsonon jokabidean eta ondorioz, gizartearen jokabidean. Egiaren inkonsistentziaranzko bideak, beraz, baditu eraginak.
Gehiegizko aukerak eskura edukitzeak, gehiegizko informazioa izateak, egia posibleak infinituak direla pertzibitzeak, pertsona erlaxatu, manipulagai eta axolagabeak sortzen ditu. Pertsonok, hainbeste egia aukeran izanda, amore ematen dugu saturazio horregatik.
Hortaz, indibidualismo eta atomizaziorako tendentzia postmodernoari, saturazio horren ondorioz zilegitasuna galtzen duen egia batzen zaio. Ondorio logikoa, beraz, printzipio arrazionaletan eta gertakari frogagarrietan oinarritzen ez den egia bat izango da. Egia honen bizkarrezurrean subjektibitate partikularra topatuko dugu, emozioak, eta ez arrazoi komuna.
Hau honela, aipatutako egia-ostea kontsumorako beste produktu bat bezala aurkezten zaigu, interpelablea dena eta urrun dagoena objektiboa eta batez ere komuna izatetik.
Egia berri hau postmodernitatearekin intrintsekoki lotuta dago. Errealitatea eta sinesmen komunak hainbeste zatikatzean, egiaren kontzeptua garrantziz hustu da. Hortaz, kontzienteki ez du arrazoiaren bidez konbentzimendua sortzea bilatzen, emozioen bidez erakartzea baizik. Hau da Troiako zaldia. Joko-zelaiak, oro har, aurkarietako baten alde jokatzen du. Joera hau ez da neutrala, statu quoaren defentsarako beste mekanismo sozial bat baizik.
Egia galdu bat, gezur bat behin eta berriz.