Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Sun Tzu eta merkataritza-gerra

Esan gabe doa Donald Trumpek ez duela Sun Tzu irakurri. Bere bizitzan liburu bakarra, berak idatzi (omen) zuena, irakurri duela jendaurrean aitortu duenari oso urruti geratzen zaio duela 2.500 urteko gerragintzaren teoriko txinatarra. Gaur egungo negozio-eskola dotoreenetan derrigorrezko irakurgaia bada ere (jakina da Emilio Botin zenak bere bankuko goi-arduradun guztiei, derrigorrez, irakurrarazi ziela). Nahiko laburra da, gainera.

Trumpena, beraz, ez da ezustekoa. Bere aholkulari ekonomiko hurbilenek, eta batik bat Peter Navarrok, Sun Tzu irakurri ez izana, ordea, dardarka hastekoa da. Alde batetik, beraiek sutu dutelako, guztiz deliberatuki, jada martxan dagoen gerra. Ekonomikoa, baina gerra. Eta gerragintzari buruz oinarrizkoenak ere ikasi gabe gerra sutzen duena gizatxarra ez ezik ergel hutsa delako. Azkenean, merkataritza-blitzkriegaren ateraldia («Merkataritza-gerrak onak dira eta aise irabazten dira») ez da Trumpen beste txotxolokeria bat izango, baizik Navarro eta abarren burutazioa...

Eta beste aldetik, jakin behar zutelako «besteek», Txinak, oinarrizko eskuliburu bezala erabiliko zuela Sun Tzurena. Beraz, hark nola erreakzionatu eta jokatuko duen aurreikusteko ezinbestekoa zela. Ez dadin gerta joan zen astean Etxe Zuriko estrategei gertatu zitzaiena. Eta etorriko direnak.

Egia esan, Sun Tzu berrirakurrita, beste argitasun batekin ikusten da Pekineko agintariak gatazka sutu zenetik (eta lehenagotik) egiten ari direna. Esate baterako, «Ezagutu zeure burua, eta...; ezagutu aurkaria, eta...» ospetsuak ez dakit guztiz esplikatzen ote duen Liu He negoziatzaile nagusiaren etengabeko irribarrea; baina argi azaltzen du zergatik dagoen Wang Huning Politburoko Iraunkorrean. Edo aginteari buruzkoa: Xi Jinpigen jarraipen mugagabeak eduki ditzake duela bi urte egin ziren irakurketa xaloak baino sakonagoko deliberoak...

Eta deigarriena da hori guztia, Sun Tzu hutsa, argi eta ozen esaten ari direla Txinatik. Zehatz eta eguneratuta. Ingelesez gainera.