Maite Maiora hirugarren Mont Blanceko Ultra Trailean
Mendaroko korrikalariak debut bikaina izan du sona handiko lasterketan: 170 kilometro eta 10.000 metroko desnibelekoibilbidea 25 ordu eta 41 minutuan egin du. Gizonezkoetan, berriz, Javi Dominguez arabarra hamargarrena izan da.
Mont Blanceko Ultra Trail entzutetsua muturreko distantzian lehiatzen diren korrikalarien ametsa da. Bere baitan jasotzen dituen ezaugarriei begiratzen badiegu, batzuek diote munduko osoena dela. Bederen, Chamonixeko helmuga puntua zeharkatu baino lehen egiten diren azken metroek egundoko zirrara sortzen dute. Eta horrela onartzen dute lehen postuetan helmugaratzen direnek.
Hori gutxi ez, eta Alpeetako hiriburu horretan antolatzen den lasterketaren ibilbidea guztiz erakargarria da; izan ere, Mont Blanceko inguruak zeharkatzen ditu. Jakina, hori guztia aipatu ondoren, argi eta garbi geratzen da ultretan espezialista direnek hitzordu hori egutegian gorriz markatuta dutela. Horren erakusle, izen handiko korrikalariek hartzen dute parte. Eta aurtengo ekitaldian, beste behin ere, euskal lasterkari sasoikoenetariko batzuek ez dute hutsik egin. Ez hitzorduan ezta lehen postuetan ere. Maite Maiorak, adibidez, kalitate handiko hirugarren postua lortu du. Mutiletan, berriz, Javi Dominguez hamargarren izan da.
Gogoratu behar dugu trail lasterketen munduan abuztuaren azken astea berezia dela oso Chamonixen. Distantzia ezberdinetako zazpi lasterketa antolatzen dira, eta denera 100 herrialdetatik 10.000 korrikalari bertaratzen dira. Baina diogun bezala, Ultra Traila da arreta gehien jasotzen duen. Ibilbidea gogorra da oso: 170 kilometro eta 10.000 metroko goranzko desnibela.
Abuztuaren azken larunbatean, arratsaldeko seieten, 258 emakumezko Chamonixeko L’amitie enparantzatik irten ziren. Espezialista indartsuenen artean, Courtney Dauwalter estatubatuarra zen faboritoa. Alabaina, lehia hasi bezain laster, Miao Yaok argi zuen ezustekoa emateko prest zegoela. Baina ez zen horrela gertatu. Les Chapieux kontrol eremuan (51 km) lasterketaren buru zen, baina Dauwalter beste maila batean dago eta azkenean lasterketa irauli zuen. Hain zuzen ere, Bertone aterpean (86 km) txinatarra gainditu eta, inolako arazorik gabe, lehena izan zen helmuga puntuan. Estatubatuarraren denbora 24 ordu eta 34 minutukoa izan zen. Yao, berriz, 113. kilometroan erretiratu zen “lehertu” ostean.
Helmugan bigarrena Kristin Berglund suediarra izan zen, 25.34ko denborarekin. Eta lehen “ezustekoa” hirugarren postua erdietsi zuen korrikalariekin iritsi zen. Hau da, Maite Maiora Mendaroko korrikalariarekin, suediarrarengandik soilik zazpi minutura heldu zena.
Estrategia bikaina
Arestian aipatu dugu Maiorak debuta zuela Mont Blanceko Ultra Trail lasterketan. Bada, aurretik gipuzkoarrak proba bertikaletan izen handia bazuen, mendaroarrak argi eta garbi utzi zuen distantzia luzeetan ere ondo moldatzen dela. Chamonixeko probaren aurretik, muturreko distantziako lasterketetan partaidetza bakarra zuen. Hori joan den ekainean izan zen Lavaredoko Ultra Trailan (120 km). Bosgarren sailkatu zen.
Chamonixeko lasterketari dagokionez, aurreratu behar dugu indarrean jarri zuen estrategia ondo atera zitzaiola. Atzetik aurrera egin zuen lasterka, eta ia bigarren postuan bukatu zuen azkenean: «Nahiz eta hedabideek faboritotzat hartu ninduten, nik uste dut atzeko atetik sartu nintzela. Lasterketan ez nuen erreferentziarik, zaleek zer edo zer aipatzen zidaten. arren Lehen kontrol gunean, adibidez, Top10etik kanpo nengoen. Uxue Frailerekin nindoan, eta une jakin batean lehendabizikoak ordu eta laurdeneko denbora ateratzen zigun. Uxuek eta biok, txantxetan, esaten genuen astindu ederra emango zigutela. Baina eliminazio lasterketa bat denez, bada eite hori ere kontuan hartu behar duzu».
Baba batzuek sortutako eragozpenak tarteko, Fraile erretiratu egin zen. Maiora, aldiz, Courmayeurretik aurrera korrikalari asko aurreratzen hasi nintzen: «Erritmo oso ona neraman. Egunsentiarekin batera ohartu nintzen seigarren postuan nengoela. Ez nuen nire burua gehiegi estutu nahi, baina goi mailako korrikalariak aurreratzen hastean erabat motibatu nintzen. Zaleek eta ingurukoek esaten zidaten oso ondo nindoala. Une horretan helburu nagusia bosgarrena harrapatzea zen, eta, azkenean, hirugarren postua erdietsi nuen».
Maiorak onartu du ez zuela espero podiumeko hiru koskara igotzerik: «Lavaredon bosgarrena izan nintzen. Erretiratzeko zorian egon nintzen; izan ere, urdaileko arazoak izan nituen. Hori dela eta, Chamonixera ez nintzen %100ean iritsi. Baina dena ondo atera zen, eta pozarren nago. Badirudi amets bat egia bihurtu dela: sinestezina da! Ultren sarean erortzen ari naiz; oso dibertigarriak dira».