Haritz LARRAÑAGA
Surfa

Abanca Galicia Classic Surf Pro:Sutzuki eta Pupo garaile

Europan egiten diren surf txapelketen arteangarrantzitsuenetako bat da aspalditik Galiziako Pantin hondartzan egiten dena. Miguel Pupo brasildarrak eta Amuro Sutzuki japoniarrak 10.000 puntu irabazi eta QS rankingean gora egin dute.

Japoniar bat eta brasildar bat nagusitu ziren Galizian. Lehen egunetako haizeteen ostean itsasoko baldintzak txukundu eta olatu onak izan ziren azken egunetan. Nesken zein mutilen finaletan, metro eta erdiko olatu garbiekin, ikuskizun ederra izan zen, eta milaka lagun hurbildu ziren Pantingo hondartzara mundu osotik gerturatutako surflarien abileziaz gozatzera.

Munduko QS itzulia osatzen duten txapelketen artean ez dira asko 10.000 puntu eskaintzen dituztenak. Aurtengo nesken WQS zirkuitua osatzen duten 38 txapelketetatik, soilik bi txapelketa izan dira 10.000 puntukoak, abuztuan Huntingtonen (Kalifornia) egin zena eta pasa den astean Galizian egin zutena.

Mutilen mailan, ostera, 59 txapelketek osatzen dute aurtengo QS itzulia, eta, horien artean, soilik 10.000 puntuko sei txapelketa izango dira. Ondorioz, nesken zein mutilen artean, parte hartze zabala bakarrik ez, maila handiko lehiakideak ere izan ziren. Lehen mailan lehiatzen izan arren, datorren denboraldirako postua lortzen ez dutenek, QS rankingean lehen hamar postuetan badira, TOP34ean jarrai dezakete.

Sutzuki eta Makaulay

Japoniar bat gailendu zen Galizian. Amuro Sutzuki eta Bronte Macaulay (Dave Macaulay surflari mitikoaren alaba) izan ziren finalean aurrez aurre. Eskuin surflaria (regular) da japoniarra, eta, ezker surflaria (goofy), ostera, australiarra. Ordea, biek bizkarka surf egiteko hautua egin zuten, eta, ondorioz, batak eskuinaldera jotzen zuen bitartean, bestea ezkerraldera abiatzen zen.

Garaipen garbia eskuratu zuen japoniarrak. 5,60 eta 6,50 puntu eskuratu zituen Sutzukik bere bi olatu hoberenekin. Macaulayri, berriz, 5,17 eta 3,27 puntu eman zizkioten epaileek bi olatu onenetan. Hortaz, Sutzukik 12,17 punturekin txapela lortu zuen. Bide batez, QS mailako urteko bi txapelketa garrantzitsuenetako bat eskuratu zuen.

Galiziako txapelketaren ostean, aldaketa esanguratsuak izan dira ranking orokorrean. Sutzukik 48 postu egin ditu gora, eta egun zortzigarren postuan da. Beraz, datorren urtean lehen mailara igo daitezkeen lehen hamar lehiakideen artean kokatu da. Hori bai, datorren urtean lehen mailan egoteko gero eta aukera gehiago dituena Bronte Macaulay da, Galizian eskuratutako bigarren postuari esker, nesken ranking orokorrean buru jarri baita.

Aipagarria izan zen Galizian Chelsea Tuach Barbadoseko surflariak eskuratu zuen hirugarren postua. Izan ere, ohiko lehiakide estatubatuar, australiar eta hawaiiarrez harago, geroz eta gehiago dira lurralde “berrietatik” irteten ari diren goi mailako surflariak.

 

Brasildarrak indartsu

Miguel Pupo brasildarrak irabazi zuen Pantinen, baina ez zen izan sekulako indarra erakutsi zuen Brasilgo surflari bakarra, finalerdietara iritsi zen Jadson Andre, adibidez, oso ongi aritu zen txapelketa osoan, eta, lortutako hirugarren postuari esker, QS rankingeko lehen postuan jarri da.

Lehen mailan lehiatu izan duen Miguel Pupok, Jake Marshall ezezaguna izan zuen arerio finalean, baina estatubatuarrak ez zion bide erraza jarri brasildarrari. Bizkarkako bira indartsuekin edozein unetan txapela eskura zezakeela erakutsi zuen Marshallek, baina epaileek gehiago puntuatu zituzten Puporen airekoak. Brasildarren airekoak ohikoak izan ziren Pantinen eta ariketa ikusgarriekin gozatu ahal izan zuten ikusleek.

Gauzak horrela, 6,83 eta 7,60 puntuko olatuekin, guztira 14,43 puntu bildu zituen estatubatuarrak. Miguel Pupok, ostera, 8,50 eta 8,37 puntuko bi olatu egin zituen, eta bildutako 16,87 puntuei esker garaipena eskuratu zuen. Hogei postu egin zituen gora QS ranking orokorrean Pupok, eta egun, Jadson Andre eta Alex Ribeiro aberkideen atzetik, hirugarren postuan da.

 

Txapelketen sasoia

Uda amaitzear da eta itsaski sendoen sasoia dator Europako kostaldera. Horrekin batera goi mailako txapelketak ere gero eta gertuago dira. Pantingo txapelketa bezala, 10.000 puntu eskainiko dituen hurrengo txapelketa ere Galiziatik oso gertu izango da. Irailaren 24ean hasiko da Portugalen Billabong Pro Ericeira, bertako eskuin olatuei esker mundu osoko lehiakideak erakartzen dituen txapelketa.

Ostean, urriaren 3an, Quiksilver Pro txapelketa ospetsua hasiko da Hossegorren. Eta jarraian, TOP34ko lehiakideak Portugalera joango dira berriz ere, urriaren 16an hasiko den MEO Rip Curl Pro lehiaketan parte hartzera.

Honi buruzko guztia: Surfa