Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Iluna, oso iluna, beltza

Baldintzapeko askatasunaren eskaeraren sarean katramilatua dabil berriro Xistor Haranburu euskal presoa. Urrian jakingo du epaile frantsesek onartzen dioten edo fiskaltzak erabilitako argudioak (besteak beste, ordena publikoa asaldatzeko eta berriro borroka armatuari lotzeko arriskuak ikusten omen ditu) ontzat eman, eta bere horretan preso mantentzen duten. Panorama honen aurrean, futurologia egiteko atrebentzia hartuta, balizko hiru aukera otu zaizkit.

Lehena: 29 urte pasatxo espetxean eman ostean, 65 urterekin, behingoz aske uztea. Bueno, aske, aske… Orain artean ikusitakoak ikusita, jakina da baldintzak aski gogorrak izan ohi direla (hilabeteetako edo urteetako zaintza-epealdia, kontrol neurri zorrotzak, bere herrira itzultzeko debekuak…). Eszenario hau, bere ilunekin, hoberena litzateke.

Bigarrena: demagun 40 urte espetxean eman ostean, 75 urterekin, epaile eta fiskalek behingoz sinesten dutela borroka armatuari ez diola berriro ekingo eta aske uztea. Aukera hau oso iluna litzateke berarentzat, bere hurbilekoentzat eta baita, oro har, herritarrontzat ere. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak fiskaltzaren argudioa gogor kritikatu ostean adierazi duen moduan, bake prozesua eta gizartean beste giro bat eraikitzeko ahalegina zapuzteko arriskua errealitate bilakatu litekeelako.

Hirugarrena: Ez naiz ausartzen urteak aipatzen, ez preso senpertarrarenak ezta espetxealdiarenak ere, baina Xistor espetxetik ateratzea… gorpu. Eszenario superiluna, beltzena, baina posiblea. Iaz, “Jakilea” aldizkariari berak igorritako gutunean bertan argi esaten zuen «egiaz heriotza zigorrera» kondenatua zegoela, «gillotina baino geldoagoa baina, finean, heriotza zigorra».

Horrenbesteko iluntasunaren aurrean, espero dezagun agintari eta epaile frantsesek buru-argitasun pixka bat izatea –edo, gutxienez, gizatiartasun apur bat– eta bai Xistorri, Lorentxa Beyrieri, Ibon Fernandezi eta beste euskal preso politikoei baldintzapean edo legeak onartzen dituen beste aukerak aplikatuta, behingoz, etxeratzen uztea. Haien hobe beharrez, denon hobe beharrez.