A.A.
TRAIL

Sandra Sevillano eta Ainhoa Sanz, bikain Europako Txapelketan

Hilaren 1etik 7ra, Italiako Lombardiako eskualdean, Traileko Europako Txapelketa jokatu zen. Hiru modalitatetan, hain zuzen: ultra, bertikala eta sky. Fedmeren Espainiako Selekzioaren izenean bi euskal korrikalarik jardun zuten: Sandra Sevillanok eta Ainhoa Sanzek. Lehenak ultra lasterketan hartu zuen parte; bigarrenak, ordea, sky-n. Bi euskal ordezkari soilik hitzordu garrantzitsu horretan, baina argi erakutsi zuten sasoia badutela. Sevillanok, adibidez, zilarra lortu zuen, eta Sanzek, brontzea.

Muturreko distantziari dagokionez, aipatu beharra dago ibilbide “motza” zuela: 50 kilometro. Baina ibilbide horri 5.000 metroko goranzko desnibela gehitu behar zaio. Ertz teknikoak, basoak, zelai berdeak, klima hezea... Bazirudien Euskal Herrian (isuri atlantikoan) lehiatzen ari zirela. Lasterketa hilaren lehenean jokatu zen.

Sevillano oso indartsu irten zen, eta lehen kilometroetan lasterketaren buru egon zen. Zoritxarrez, 12. kilometroan eroriko bat izan, eta laugarren postura egin zuen atzera: «Eroriko horretan kokotsean kolpe gogorra hartu nuen. Bi hortz puskatu nituen, baina egoerari buelta eman, gogor borrokatu eta bigarren postuan amaitu nuen». Zilarra, beraz, bizkaitarrarentzat izan zen, 8 ordu eta 33 minutuko denborarekin.

Irabazleak, Ester Casajuanak, soilik 14 minutuko aldea atera zion. Honek, gainera, lasterketa horren, Maga SkyMarathon-en, errekor berria ezarri zuen.

Sanz, hirugarrena

Hilaren 5ean, berriz, bertikala jokatu zen. Aipatu dugun bezala, ez zen euskal ordezkaririk izan. Bai, ordea, joan den larunbateko sky proban. Veia Sky Race-ren ibilbidean jardun zuena Sanz izan zen. Europako Txapelketako urrea irabaztera irten zirenek 31 kilometroko eta 2.600 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zioten aurre.

Denisa Dragomir izan zen azkarrena. Bosgarrenez irabazi du errumaniarrak lasterketa hau. Nagusitasun handiz jardun zen. 3 ordu eta 23 minutuko denborarekin irabazi zuen.

Hirugarren postuan, sei minutura, urretxuarra heldu zen: «Lehen 10 kilometroetan lehen postuan nintzen, baina buruz jokatu eta indarrak neurtu behar izan nituen».

Honi buruzko guztia: TRAIL