Patxi GAZTELUMENDI
LARA IZAGIRREREN FILM BER

«NORA», EMAKUMEEN ROAD TRIP BAT

NORA» BIDAIA BAT DA. NORA BIDAIARIA DA. EZ DAUKA OSO ARGI NORA HELDUKO DEN. ZORNOTZAN ABIATZEN DEN ROAD TRIP-A DA LARA IZAGIRREK ZUZENDU DUENA. LEKEITION, ERREPIDE BAZTERREAN GAUEZ FILMATZEN ARI DIRELA MURGILDU GARA LANTALDEAREKIN.

Lara Izagirreren bigarren film luzea da “Nora”. Aurretik “Un otoño sin Berlin” egin zuen Zornotzako zuzendariak, eta orduko arrakastak bultzatuta bigarren lanari ekin dio orain. Hainbat aste daramate lanean; bere sorterrian hasi zituzten grabaketak, Urdaibain aritu dira gero eta Lekeitioko eszenak lantzen ari direla tarte bat egin diote GARA egunkariari. Hemendik Hendaiarako bidea hartuko du Nora pertsonaia nagusiak bere Dyane 6 zaharrarekin, baina kostatuko zaio Lekeitioko gasolindegitik ateratzea. Iluntzean hasi da grabaketa, gaueko ordu txikietan lanean utzi ditugu.

Gaurkoan, paper nagusia egiten duen Ane Pikaza eta Itziar Ituño aktorea daude filmaketan. Lara Izagirre zuzendaria errepidearen beste aldetik ari da lantalde teknikoa zuzentzen. Lekeitiotik Amorotorako bidean dagoen gasolindegiaren aldamenean daude kamera eta soinu teknikariak. Ekoizpen arduraduna den Itxaso Espinalek hartu gaitu eta Idoia Artxankok talkietatik aginduak eman eta jasotzen ditu. Lantalde osoa lanean dago. Arrankatzea kostatu zaion Dyane 6 zaharra Lekeitioko bidetik dator eta gasolindegi parean gelditzen da, ozta-ozta.

Irudiak balekoak iruditu zaizkio Gaizka Bourgeaud kamerari. Soinua ere ona dela adierazi du Jean Pinondo soinu teknikariak. Hurrengo sekuentziarako, ekipo tekniko guztia gasolindegira hurbildu dute. Autoan etsita datorren Nora gasolindegian geldituko da, autoa edo gurpila edo biak agian matxuratuta ditu, eta gasolindegiko emakumearekin hizketan hasiko da. Behin eta berriro hartu ditu irudiak kamerak, argia egokitu dute, planoak zuzendu, mugimenduak zehaztu dizkie zuzendariak ondotik. Eta gustuko tomak egin arte jo eta ke aritu dira. Halako batean, guztiak konforme zeudenean, ekoizpen arduradunek afaltzera joateko tenorea dela adierazi dute.

Oletako jatetxean, mahai baten bueltan jesarri gara Lara Izagirre zuzendaria eta Ane Pikaza eta Itziar Ituño aktoreekin. Zinemaz jardun gara. Pelikulari buruz. Etorkizunaz. Badira bost bat aste filmatzen hasi zirela, baina ez zaio neke aurpegirik sumatzen Lara Izagirre gidoilari eta zuzendariari: «Ondo nago, normalean pelikulak astean sei egunez filmatzen dira, guk astero bost egun ematen ditugu lanean, eta atsegina egiten ari zait».

Zornotzan hasi zuen filmaketa, Urdaibaiko irudiak hartu zituzten gero, eta bertan katramilatzen da egoera. “Nora” filma «road trip ezohikoa» dela aitortu digu Izagirrek. Zornotza, Urdaibai, Lekeitio eta Hendaian grabatuko dute, «eta amaiera protagonistak aukeratutako lekuan izango du, bitxia izango da».

Lantaldean ere Euskal Herriko langileak dira nagusi. Ipar Euskal Herriko teknikariak daude, tartean Jean Minondo soinu teknikaria. «Plazer handia da bera hemen egotea, beste pelikula bat egiteko eskaintza ere izan zuen, eta oso pozik gaude gurekin dagoelako». Aspaldi Euskal Herrian filmik ez duela egiten Jean Minondok. Pozik sumatzen zaio lantaldean.

Ane Pikazarentzat ere aukera paregabea izan da film hau egitea. «Paper nagusia daukat, eta egunero ari naiz lanean, lantalde guztiarekin; pelikuletan normalean eszena batzuk, sekuentzia batzuk grabatzen ditu aktore bakoitzak, baina ni denbora guztian agertzen naizenez egunero ari naiz lanean, eta sekulako aukera da niretzat», aitortu du pozik. Hotz egiten du gauez Lekeition, baina protagonista praka laburrekin eta tirantedun kamisetarekin ageri da. Atseden une guztietan jaka handi bat jartzen diote jantziez arduratzen direnek.

Mahaian parez pare dauka Itziar Ituño. Gasolindegiko emakumea da bera, «paper txikia da, baina oso polita», adierazi digu berak poz-pozik. «Metafora asko aipatzen dira, oso egoera hunkigarriak sortzen dira… gau osoa daukagu aurretik, ea zer ateratzen den», beti bezain baikor. Aspaldion, lan eta lan ari da. “La casa de papel” telesailarekin laugarren denboraldia hasiko dute aurki, eta Argentinan, Brasilen edota Portugalen sekulako arrakasta dauka. Baina Itziar Ituñorentzat etxera etorri eta hemengo ekoizpenetan lan egitea aukera paregabea da. «Hau etxea da, hemen lan egitea etxean egotea da. Eta asko eskertzen da. Oso lasai egiten da lan hemen, ezagutzen duzun jendearekin, hau oso gustura egiten dudan lana da», esanez babesten ditu ondoan dituen zuzendaria eta aktore nagusia. Eta egia esan, euskal antzerki eta zinemagintzako izen handiak daude “Nora” filmean parte hartzen: Klara Badiola, Loli Astoreka, Ramon Barea. Eta gazteagoak diren Iñigo Aranbarri, Joseba Usabiaga edo Kepa Errasti.

Zinema, osasuntsu

Itziar Ituño baikorra da zinemak egun Euskal Herrian duen egoerarekin. «Zinema indartsuago dago, zeren telebistak porrot egin du, erabateko porrota fikzioari dagokionez, ez dago euskarazko fikziorik, eta zinema osasuntsuago ikusten dut, euskarazko zinema gehiago dago eta aukera gehiago daukagu aktore eta profesionalok ere. Plataforma berriek apustu egin dute Euskal Herrian kokatzeko, eta horrek aukerak zabaltzen ditu. Euskaraz serieak egiteko unea da hau, eta euskarazko ekoizpen on bat egiteko unea dela deritzot».

Lara Izagirrek baietz diotso albotik Itziarri. Eta berak ere euskararen aldeko hautua egin duela gogorarazi diogu, “Un otoño sin Berlin” egin ostean. Eta baietz berak berriz ere, «euskaraz egiteko gogoa nuen, beste pelikula amaitu ostean barruan zerbait piztu zitzaidan, eta aukera hau baliatu gura izan dut euskaraz egiteko», aitortzen du Izagirrek. Euskara da hizkuntza nagusia filmean, baina ez bakarra. «Nora protagonistaren aita erdalduna da, eta beragaz gaztelaniaz egiten du, bere aitita hona lanera etorri zen; ama, ordea, euskalduna du eta euskaraz aritzen da». Filmaren beste pasarte batean Nora ingelesez arituko da turista amerikar batekin. «Ni batzuetan ez naiz konturatzen zein hizkuntzatan ari garen ere, eta hori seinale ona iruditzen zait», bota du Lara Izagirrek, euskaraz aritzearen normaltasuna azpimarratuz.

Lara Izagirrek pelikulak gauzatu ahal izateko sortu zuen Gariza ekoiztetxea. «Pelikulak egiteko sortu nuen, baina bidean konturatu naiz emakumeok zailtasun gehiago ditugula filmak egiteko», azpimarratu du, eta horregatik aukera duen bakoitzean genero berdintasunerako erabakiak hartzen ditu zuzendari zornotzarrak. «Norbait kontratatu behar duzunean –egin du gogoeta zuzendariak– eta erabakitzeko aukera daukazunean, berdintasunetik egitea zilegi da, botere hori baliatu behar da berdintasunetik egiteko; hemen emakumeak eta gizonak berdin daude, hori da naturalena».

Eta horrela da. Zuzendaritza ia osoa emakumeek osatzen dute. Ugari dira emakumezkoak, eta euskaldunak gainera. Iparra oso argi dauka “Nora” filmeko zuzendariak. Eta road trip honetan erakutsiko du.