Nagore BELASTEGI

ERROMATARRAK EUSKAL HERRIAN IZAN ZIRENEKOA

Euskal Herrian ez da erromatarren garaiko aztarna handirik topatu, baina izan badirela ezin dugu ukatu. Horrek frogatzen du Europa osoa hartu zuen inperioa gurean ere izan zela. Gaiaren inguruko erronkak buruan, zuzendaritza berriak hartu du Oiasso Museoa.

Erromatarrak ez zirela Euskal Herrian sartu pentsatzea atsegin dugu, baina aztarnek erakusten dute gurean izan zirela eta, gainera, gure arbasoek harreman ona izan zutela haiekin. Irungo Oiasso museoaren helburua Euskal Herriaren historia beste ikuspuntu batetik aztertzea eta horren berri ematea da. Horretarako, Irun Oiasso zeneko garaira begiratu behar dugu, Kristo ondorengo bigarren eta hirugarren mendera.

«Oiasso museoaren bilduma ez da oso zabala, baina kalitate aldetik oso adierazgarria da aztarna organikoak ditugulako; egurrezkoak, larruzkoak, sokak… aztarna horiek ez dira erraz mantentzen 2.000 urtez; baldintza bereziak behar dira: hezetasun handia, lokatz asko... Orain tratatuta daude horrela gera daitezen. Aztarna organikoak izanda karbono 14 metodoa erabil daiteke horiek datatzeko», azaldu du Juanjo Jimenezek, museoko zuzendari berriak. Bere ondoan Aizpea Goenaga arituko da, koordinatzaile nagusi lanetan. Izan ere, museoaren etapa berri honetan Arkeolan fundazioak hartu du kudeaketaren ardura. Zuzendaritzan ageri diren izenak aldatu egin dira, baina lantaldea, funtsean, berdintsua da. Jimenezek eta Goenagak betidanik izan dute museoarekin harremana. Jimenezen kasuan ageriagoa izan da hartu-eman hori, historialaria den aldetik museoaren beste alderdi batzuk landu dituelako orain arte. Denbora horretan ikusi dituen gabeziak gainditzeko eta bete gabe gelditu diren proiektuak garatzeko irrikatsu dator.

Goenagak, berriz, museoaren sortzaileak lagunak zituen eta, gune horren martxa arrotza zitzaion arren, gertutik ezagutu izan du. Arkeolaneko ikerlarien laguntzarekin ikus-entzunezko bat egin zuen museoaren enkarguz, eta honela erromatar garaiari buruz asko ikasi zuen. Berak ere baditu museoan bete nahiko lituzkeen ametsak; esaterako, antzezlan klasiko bat muntatzea edo eraikinaren ondoan dagoen bainuetxea jendeari behingoz irekitzea. Museoa propio eraiki zuten indusketa eremu horren alboan, baina krisia zela-eta bere horretan utzi behar izan zuten proiektua, behin-behineko estalkia jarriz. Helburua, 2021era begira, museoaren 15. urteurrenarekin bat eginez, kristalezko estalkia jartzea da, publikoak aztarnak gertutik ikusi ahal izan ditzan.

Aurten beste urteurren bat betetzen da: 50 urte dira Jaime Rodriguez Salisek Juncal elizan Oiassoko lehen harriak aurkitu zituela. Ordutik indusketa eta ikerketa gehiago egin dira herrian eta erromatar garaiarekin harremana duten aurkikuntza gehiago egin dituzte. Hala, Arkeolan fundazioak TIR doako aplikazioa jarri du martxan. Honek Irungo hainbat txokotan zeharreko ibilbidea proposatzen du, Salisen aurkikuntzaren berri emanez. Txangoak Irigurutzetako meategira eta Santa Elenako nekropolira eramango gaitu, besteak beste.

Oiasso, beraz, museo bat baino gehiago da. Hirira zabaldutako espazio bat deskribatzen dute; alde batetik, Irungo hainbat espazio aztertzeko gakoak ematen dituelako, baina baita ekintzak prestatzen dituztelako. Hala, tailerrak, hitzaldiak eta kongresuak egiten dituzte eta Ficab arkeologia zinemaldian zein Dies Oiassonis Erromatar Jaialdian parte hartzen du. Gainera, bidaiak ere antolatzen dituzte. Batzuetan bidaia luzeak dira beste aztarnategi batzuetara –datorren urtean Britainia Handira joango dira, adibidez–, baina beste batzuetan asteburuko txangoak egiten dituzte. Hurrengoa Calahorrara (Errioxa) egingo dute, eta edonork eman dezake izena. «Denok dugu jakin-mina, eta horrelako bidaia bat aditu batekin egitea luxu bat da», azaldu du Goenagak. Izan ere, bidaia hau Elena Torregarai Antzinaroko Historiako irakasleak gidatuko du.

Migrazioa eta klima aldaketa

Gurean baskoiak eta barduliarrak bizi ziren, eta aztarnek diote erromatarren bizimodura moldatu zirela. Izan ere, Irunen hilarri bat aurkitu zuten, non “Valerius Beltesonis” izena agertzen den. Izen baskoia da hori, baina latinera moldatua. «Segur aski pertsona horrek erromatar munduan aurrera egiteko bidea bilatu zuen, baina bere jatorria ahaztu gabe», dio Jimenezek. Bere esanetan, gauzak ez ziren beltzak edo zuriak, grisak baizik. «Erromatar administrazioa ez zen erosoa izango, baina baziren aukerak». Gainera, gauzak ez ziren hain desberdinak egungo egoerarekin konparatuz gero. Goenagak jarraitu du: «Egun ditugun fenomeno batzuk guk asmatu ditugula iruditzen zaigu, baina ez da hala. Arditurriko meategietan lan egitera kanpoko jendea etortzen zen, immigrazioa zegoen eta oso fuertea gainera. Horrek ekarriko zituen bizikidetza arazoak. Klase sozial desberdinak ziren. Bestalde, erromatarrak kezkatuta zeuden zergak jasotzearekin, eta horrek kontrabandoa ekartzen zuen. Bizitza hori ezagutzea oso interesgarria da».

Irungo aurkikuntzak esanguratsuak badira ere, erromatarrak Euskal Herrian izan zirela frogatzen duten bestelako aztarnak aurkitu dira, esaterako, Zarautzen, Getarian, Andoainen, Bermeon eta Barrikan. Azken aztarnategi horretan, gainera, Irungo nekropolian aurkitutako buztinezko ontzien antzeko potoak aurkitu dituzte, komunitateek ohitura igualtsuak zituztela frogatzen dutenak. Baskoien lurraldea edozein komunitaterentzat zen interesgarria ekonomikoki, Kantauri itsasoarekin harreman zuzena zuelako iparraldetik, baina Mediterraneoarekin ere bai, Ebro ibaiaren bitartez, barnealdean, eta erromatarrak ere kokapen estrategiko horretaz baliatu ziren.

Klimaren inguruko kezkak ere izango zituzten erromatarrek, seguruenik, inperioarentzat erabakigarria izan baitzen. Teoria batek dio klima aldaketak inperioaren sorreran eragina izan zuela: «Oso garai oparoa zen eguraldi aldetik eta aberastasunaren zabalkundeari lagundu zion; ondorengo klima aldaketak pobretzea ekarri zuen, nekazaritza kaltetu zelako, eta armada elikatzeko aukerarik ez zegoelako. Aldaketa klimatikoa ez da gaur egungo afera; egun gizakiaren esku-hartzeak eragina du, baina aldaketa klimatikoek beti izan dute gure gizartean eragin handia», aipatu du koordinatzaile nagusiak. Gai hau ardatzean izanik, Mertxe Urteaga museoaren zuzendari izandakoak hitzaldia eskainiko du irailaren 26an museoan bertan. Era berean, Oiasso museoan lanean dabilen historialari Jokin Lanz-ek “Baskonia eta erromatar globalizazioa” ikastaroa emango du urritik abendura. Bere ikerketan istorio bitxi eta interesgarriak topatu ditu; adibidez, kontratuak edozein hizkuntzatan idatzita zeudela ere errespetatu egin behar zirela esaten da testu juridikoetan, eta horrek argi uzten du erromatarrek onartzen zutela gizartean hizkuntza bat baino gehiago zeudela. «Herriek bere ohiturak zituzten, beraien jainko eta jainkosak. Erromatar agintariak zergak kobratzean zentratuta zeuden, ekonomikoki baliabideak bultzatzean, armadan… ez dakigu nolakoa zen prozesua, baina akordioak lortzen zituzten. Ohitura eta tradizio desberdinak zeuden eta bakoitzak bereak mantentzen zituen», dio Jimenezek.

Goenagaren desioa, aspalditik arte eszenikoekin lotura duenez, Irunen Oiasso hiriko erromatar antzokiaren aztarnak aurkitzea da: «Antzerki klasikoak garrantzi handia du, nahiz eta gurean pixka bat baztertu dugun». Hori dela eta, ilusio handia egin zion Lanz lankideak egin zuen aurkikuntzaren berri eman zionean. Izan ere, antzinako testuak aztertzen ari zela, erreferentzia bitxi bat aurkitu zuen adituak.

Antzinako istorioak ezagutzeko dugun idatzizko iturri berezienetako bat santuen bizitzak dira, santua hil eta ehunka urtera idatzitakoak baitira, eta gainera fantasia gehitzen zaielako. San Amandoren inguruko testu batean aipatzen da erreinu frankoan errege bat apezpikuak erbestera bidaltzen ari zela, eta istorioaren protagonistari nora joan aukeran ematean Baskonia menditarra aukeratu zuela. Baskoniako mendiak kristautzeari ekin zion orduan, baina bertako biztanleek ez zioten kasu handirik egiten. Halako batean, «mimologus» bat agertu zen eta San Amandori imintzioka iseka egiten hasi zen eta Jainkoak zigortu egin zuen... baina baskoiak ez ziren ikaratu eta beraien eguneroko bizitzarekin jarraitu zuten. San Amandok eskualdetik alde egitea erabaki zuen azkenean.

Adituaren esanetan, iturri idatziek baskoiak barbaro gisa tratatzen zituzten, baina «errealitatea da ez zutela arazo handirik eman eta horrek erakusten du nahiko erromatartuak zeudela. Antzerkiarekiko gustua erromatarrengandik jaso zuten, Europako mendebalde guztiak bezala. Eliza eta antzerkia ez ziren ondo eramaten».

Istorio hau pasadizo bat besterik ez da, baina gure iraganaren berri gehiago jakiteko balio digu. Halakoak ikertu, jaso eta ezagutaraztea du helburu museoak, eta horregatik, hirira zabalik, zinemaldia, tertuliak, ikastaroak eta erakusketa bereziak antolatzen ditu, eta aurrerantzean ere bide horretatik joateko asmoa du, herritarrei zabalik.