Eko
Hemen edo kanpoan, edonon, eguraldi ezohikoaren –zoroaren, dagoeneko, esan dezagun garbi– gaineko elkarrizketak gero eta ilunagoak dira, gero eta etsiagoak... klima-aldaketaren ondorioak ez baitira hor munduan zehar gertatzen ari diren zer abstraktu batzuk, urruneko lurralde muturrekoetan, edo ekologista alarmisten irudipen eta ahotan; ez, klima-aldaketa denok ari gara nabaritzen, gure ingurunean, gure larruan, eta gero eta bizkorrago, zakarrago. Irudia beste edozeren gainetik gurtzen den aro honetan, etorkizunaren argazkia ez da batere polita: diruzalekeriak, berekoikeriak, axolagabekeriak, hainbeste eman izan eta ematen digun naturarekiko maitasun eta begirunerik ezak akabaturiko mundua, gure mundu bakarra.
Gurasoen gaztaroan, klima-kontuak zorionekoak ala zoritxarrekoak ziren, urteko uztei eta, eguneroko eginkizunei eta, aisialdiari eta, nola eragiten zieten. Nirean, aldiz, belaunaldi-jauzi bakarrean, klimaren gorabeherak larrialdi-egoera bilakatu dira, horixe gertatzen baita biziraupena jokoan dagoenean, errealitateak igogailuko elkarrizketen hutsaltasuna galdu eta jendea benetan arduratzen hasten dela. Eta aldi berean jazo beharko litzateke, halaber, agintariak jendea bezainbeste (gutxienez) kezkatzea, gaian adituei entzutea eta kasu egitea, herritarron kontzientziazioaren norabide beretik joatea, are aurrea hartzea ere, neurrietan epelkeria edota jarreretan negazionismoa baztertuta. Baina betikoa hemen ere: larrialdi orokorraren barruan, are larriagoa da panorama jada larri bizi direnentzat, hain zuzen baliabideak edota horien ustiapena sistematikoki ukatuz zaurgarri edo kaltebera bilakatu dituztenentzat, aberastasun-mota ororen monopolioak oinarri, munduan agintzen duen sistemari eusteko nahitaezko pertsona horientzat, eta haien ondorengoentzat, gurasoen aberastasun gotortuak babesturik haziko ez direnentzat. Alegia, planetaren gehiengoarentzat.
Dena ez da berri txarra, halere. Izan ere, mundu osoan gertatzen ari den mobilizazioa ikusita, gazteak buru-buruan eta besoak gurutzatuta geratzeko inolako asmorik gabe (bizia doakie honetan, hitzez hitz), baliteke belaunaldi-jauzi honetan ekosozialismoa, ekofeminismoa, ekoberdintasuna, ekojustizia… gauzatzeko bidean jartzea. Baliteke, izan dezagun itxaropena, etorriko diren agintariek munduarekiko eta pertsonekiko maitasuna eta begirunea DNAn txertatuta agintzea, betiko ohartuta mundurik gabe bost axola diola beste guztiak.