GARA
DONOSTIA

Rikardo Arregi irakurriko dute Andoainen etenik gabe zortzi orduz

Rikardo Arregi zendu zela 50 urte bete dira aurten eta bere jaioterriak, Andoainek, «modu berezian omendu eta gogoratu» nahi du. Helburu horrekin, “Rikardo Arregi Irakurtzen, 50 urte ondoren” ekimena antolatzen ari dira elkarlanean Andoaingo Udala, AEK euskaltegia eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuna.

Ekimen horren barruan, Rikardo Arregik idatzitako hainbat idazlanen irakurketa publikoa egingo da, azaroaren 28an, Bastero plazan, 10.00etatik 18.00etara, etenik gabe. Guztira, 225 pertsonak parte hartzea bilatzen dute sustatzaileek, adierazi dutenez.

Izena emateko epea

Emandako xehetasunen arabera, lagun bakoitzak bi minutu eta erdiko testu bat irakurriko du. Testu hori aldez aurretik emango zaio irakurle bakoitzari, irakurketa eguna baino astebete lehenago, publikoan irakurriko duenak aurretik ezagutu dezan.

Orain herritarrek dute hitza. Antolatzaileek andoaindarren ahalik eta parte hartzerik zabalena lortu nahi dute, eta horregatik dei egiten diete herritarrei irakurketan parte hartzera.

«Antolaketa txukuna» egin ahal izateko, jakin behar da zenbat irakurle izango diren. Hala, izena ematerakoan bakoitzak adierazi ahal izango du noiz nahiago duen irakurketa egin (goizez, bazkalorduan zein arratsaldez), eta antolatzaileak ahaleginduko dira guztien gogoa betetzen.

Izena urriaren 11 baino lehen eman behar da, eta hainbat modu daude: mezua utzita rikardoarregi@andoain.eus helbidean, 682 34 26 79 telefono zenbakira dei eginez edo Udaleko Euskara Zerbitzura gerturatuz. AEK euskaltegian edo Manuel Larramendi Kultur Bazkunean ere egin daiteke.