Elorrieta, Zubizarreta eta Urmeneta, aurtengo lehen Euskadi saridunak
Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak dira Irati Elorrietaren «Neguko argiak», Patxi Zubizarretaren «Korri, Kuru, korri!» eta Asisko Urmenetaren «AztiHitza: Xahoren Biografikoa» lanak. Azaroaren 18an Donostian izango den ekitaldian jasoko dituzte sariak, beste modalitateetako irabazleekin batera. Horiek nortzuk diren bi aste barru ezagutaraziko dute.
Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak atzo jakinarazi zituzten Gasteizko Artium museoan. Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta, hirugarrenik, Literatura Lanaren Ilustrazioa dira oraingoz ezagutarazi dituzten hiru modalitateak.
Euskarazko Literaturan Irati Elorrietak eskuratu du saria “Neguko argiak” lanari esker. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan, aldiz, Patxi Zubizarretaren “Korri, Kuru, korri!” hautatu du epaimahaiak, eta Literatura Lanaren Ilustrazioa atalean Asisko Urmeneta saritu dute “AztiHitza: Xahoren Biografikoa” obrarengatik.
Irati Elorrietaren lanari buruz sarien epaimahaiak nabarmendu zuen Berlin hiriaren mosaiko bat «maisuki» islatzen duela. Alemaniako hiriburuan bizi da egun Elorrieta bera, baita bere eleberriko protagonistak diren Marta eta Añes ere.
Era berean, idazleak berak azpimarratu zuen Euskal Herria ere «oso presente» dagoela. Bizkaitarraren bigarren liburua da eta bi pertsonaia horien bitartez, euren bizitzetan gurutzatzen diren bestelako pertsonaien berri ere ematen du lanean, errealitate desberdinak islatuz. Elorrietak atzoko aurkezpenean aitortu zuen «oso pozik eta harrituta» dagoela saria irabazi duelako, eta liburua idazten zuen bitartean babesa eman dioten guztiei eskerrak helarazi nahi izan zizkien.
Patxi Zubizarretak Euskadi saria eskuratzen duen laugarren aldia da. Oraingoan Kuru etorkin etiopiarraren eta istripu baten ondorioz ospitalean dagoen neska baten arteko harremana du abiapuntu. Haur eta Gazte Literaturako kategorian irabazi badu ere, idazleak esan zuen adin guztietako irakurleentzat idazten duela, eta bere liburua kultura desberdinen inguruan mintzatzeko aitzakia bat dela.
Asisko Urmenetak, bere aldetik, Agosti Xaho idazle zuberotarraren inguruko komikiarekin irabazi du saria. «Ezezagun bat da, diskurtso feminista ikaragarria zuena eta XIX. mendean jada gizarte ideiak proposatzen zituena», azaldu zuen atzoko agerraldian komikigileak. Istorioa kontatzeko umore puntu bat ere erabiltzen du bere laneko orrialdeetan.
Epaimahaiak erabilitako koloreak txalotu ditu; gorria da kolore nagusia, eta beltza kontraste sakonak sortzen dituena eta pertsonaien adierazkortasuna nabarmentzen duena.
Azaroan, ekitaldia
Bingen Zupiria Kulturako sailburuak nabarmendu zuenez, sortzaileei egiten zaien aitormenaz harago, sari hauen bitartez beraien lana agerikoa egin nahi da euskal gizartearen aurrean. «Sari hauen bitartez aitortu nahi dugu gure sortzaileen lana, urteko lanik onenak aitortu eta omendu nahi ditugu. Bestetik, lan horiek ezagutarazi nahi ditugu: gure sortzailerik esanguratsuenak egiten duten lana agerikoagoa egin nahi dugu. Ikusgarriagoa egin nahi dugu, eta datozen egunotan eta hilabeteotan horren inguruan hitz egin dadin nahi dugu», adierazi zuen Zupiriak.
Datorren azaroaren 18an banatuko dituzte aurtengo Euskadi Literatura sariak, Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldian. Egun horretan, zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Bi aste barru jakinaraziko dute nortzuk diren gainerako lau modalitateetako irabazleak, alegia, Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.