Maite UBIRIA
Baiona

FAMILIA OSATZEKO GRINA, LEGEAK EZARRITAKO MUGEN GAINETIK

Amandine eta Florencekin dugu hitzordua. Bikotekideak dira eta hiru hilabete eta erdiko alaba Iroiserekin azaldu dira. Horiek bezala, hamarkada bat lehenago, «maitasunari lehentasuna emanez», muga zeharkatu zuen Delphinek, eta bera ere batu da solasaldira.

Les Bascos elkarteak Baionako Jacques Lafitte karrikan duen egoitzan, PMAri, alegia, medikuntzak lagundutako ernalketari buruzko afixa eta eskuorriak han eta hemen ikus daitezke. Ipar Euskal Herriko LGTB komunitateak arretaz begiratzen dio Parisko legebiltzarrean zabalik den legea aldatzeko prozedura luze bezain gorabeheratsuari.

Sei urte igaro dira Delphine eta bere bikotekidea ezkondu zirenetik. Egun, 9 eta 7 urte dituzten bi semeren ama dira. Amandine eta Florence, berriz, 2013an esposatu ziren; hain zuzen, Estatu frantsesean sexu bereko bikoteei ezkontzeko eskubidea aitortzen zien legea ezarri zen urtean. Horren ostean, lagundutako ernalketa (PMA) «edozein bikotek bezala» baliatzeko aukera «berehala» zabaltzea espero zuten biek ala biek. Alabaina, politikarien hitzak ez ziren bete. Gauzak horrela, Delphinek egin bezala, Florence eta Amandine «maitasuna hobetsita» Donostiara joan ziren, azken hamarkadetan Ipar Euskal Herritik bezero anitz erakarri dituen Quiron klinikara.

«Nik gure seme nagusia eraman nuen sabelean eta nire bikotekideak, bigarrena», azaldu du Delphinek. Azken urteotan kontzientzien bilakaera positiboa izan dela aitortu arren, «lehenengo prozesua bigarrena baino samurragoa» egin zitzaiela aitortu du. Besoetan du Florencek sabelean eraman zuen alaba, 3,5 hilabeteko Iroise txikia, eta, berak bezala, bere bikotekideak ere sentsazio gazi-gozoak ditu.

Baiona eta Donostia artean 50 bat kilometro baizik ez daude eta, esan dutenez, «hori abantaila handia da, Frantzia erdialdean bizi diren emazteek ez dutena». Hala eta guztiz ere, «finean, hizkuntzaren eta ohituren mugak hor daude».

Antzeko zirrikituak topatu behar izan zituzten hirurek, behin mugaren bestaldeko osasun sisteman zango bat jarritakoan, «obulutegien estimulazioa garatzeko botikak lortzeko». Mediku errezetak eskuratzeko trikimailuen kontakizunak luze jo du. Horretan ere, garai batetik bestera eta mediku zerbitzu batetik bestera «alde handiak atzeman ditugu», aitortu dute aho batez.

«Guk jada atzerrian PMA erabili dugunez, lege berria ezartzen dutenean aldaketarik ez dugu sumatuko, baina esan beharra dugu gure familia proiektua bururaino eramatean berdintasun falta pairatu genuela», azaldu du Amandinek.

Non dago aita?

«Gure seme biek aita bera dute», zehaztu du Delphinek. Estatu frantsesean legea berria izan ala ez, argi dauka bikotekideak eta berak familia handitzea erabakiko balute berriz ere Gipuzkoara joko luketela.

Beste puntu garrantzitsu bat aipatu dute hirurek segidan. Espainiar Estatuan indarrean dagoen legeak emailearen anonimotasuna bermatzen du; alta, Parisek landu duen lege egitasmoak, ez.

Ernalketa lagundua emakume guztiei zabaltzearen kontra dauden sektoreen argudioetako bat, alegia, «aita desagerrarazteko arriskua», arantzaz beteriko gaia da. «Nahiz eta emaile baten laguntza izan, guk hirurok familia bat osatzen dugu; gurean aitarik ez dago», ausartu da Amandine.

Familia eratzeko prozesua «nork bere izaeraren arabera» bizi duela argi utzi dute behin baino gehiagotan. «Nik erantzun guztiak ez ditut, eta zalantza bat uxatzen dudanean beste bat azaltzen zait», bota du Delphinek, legeak zabaldu duen ika-mikaren kapitulua aipatzeko orduan. Eztabaida etikoari muzin egin gabe, irmoki erantzuten die «gure erabakia estigmatizatu nahi dutenei». «Zergatik ez zen termino horietan planteatu Frantzian lehen probeta-umea sortu zenean?», bota du. Horren guztiaren atzean «lesbianofobia» dagoela baieztatu dute hiru solaskideek.

Jakitun dira aurreiritzien zama ez dela egun batetik bestera arinduko, baina «dagoeneko lege bat bada, berdintasunaren aldeko urratsa» izanen dela espero dute.

«Guk administrazio eremuan atzeman ditugu eskubide berak ez ditugula oroitarazten diguten jokabideak, eta hori mingarria da», azpimarratu du Florencek.

«Ez dakit zenbat aldiz borrokatu behar izan dudan sabelean eraman ez nuen seme horri dagokionez nire bikotekideak dituen betebehar eta eskubide berak izateko, eta alderantziz», gehitu du Delphinek.

Ameskerian erori gabe, «aurreantzean seme-alaben jaiotza-agirian bi guraso plano berean agertzeak, bere garaian ezkontzarekin gertatu bezala, familia ereduen gainean normalizazio bat ekarriko duen» itxaropenez mintzatu dira hiru solaskideak.

Nor bere bizipen eta balioetatik abiatuta, «maitasuna lehen lerroan jarriz» mugak gainditu dituzten beste pertsona askoren gogoari oihartzuna eman dioten hiru emakumeok agurtzeko ordua heldu da. Kuluxka amaituta, besoak astindu eta imintzioka hasi da Iroise, solasaldia amaitzeko tenorea heldu dela baieztatuz.