Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Berrogeita hamar B61

Erdoganek lortu nahi lukeen mokadu nagusia da, seguruenera. Eta gainerakoa, turkiar Armadak kurduen Rojavaren aurka abiarazi duen erasoa, lagungarria litzateke, orduan.

Diseinuz, 50 urte baino gehiago dituen arma termonuklearra da B61 bonba. «Errendimendu» aldakorrekoa; hau da, kilotoi bat baino gutxiagotik hasi eta 300 kilotoi inguru arteko lehergai nuklearrak eraman ditzakeena. Eta grabitatezkoa: hegazkinetatik (gaur egun, droneetatik) erortzen utzita leherraraztekoa. Ez da misila, beraz, baizik askoz gauza sinpleagoa. Eta merkeagoa.

Gerra Hotzeko produktu tipikoa dela esan genezake. Hegazkin batek hartu eta oso denbora gutxian zeinahi jopuntutan bota zezakeena... iristea lortuz gero. Baina hartarako, etsaiarengandik ahalik hurbilena, prest, egon behar zuena.

Horrek ulertarazten du, hein batean, zergatik dauden, oraindik ere, berrogeita hamarren bat B61 Turkian, Adana ondo-ondoan dagoen Incirlik aire-base estatubatuarrean. Estatu Batuetatik kanpo NATOren jarduera-eremuan legokeen stock handiena (ez bakarra) litzateke, antza.

Horregatik... eta horiek beste norabait eramateari uko egin diolako Erdoganek biribilki. Incirlik-Adanako basea, 1962ko misilen krisian jada Kubaren ifrentzua zena, gordiar korapilo bihurtu baita azken urte hauetan Turkia eta Estatu Batuen arteko harremanetan. 2016ko uztailean ikusi ahal zen oso argi hori: huts egindako kolpearen arduradun nagusietako batzuek Incirliken babestu nahi izan zuten, baina Erdoganen aldekoek argindarra eta ura moztu zizkioten baseari eta estatubatuarrek azkenean entregatu egin zituzten.

B61 bonbak handik kanporatzeko ahaleginak etengabeak bezain alferrikakoak izan dira harrezkeroztik. Turkiak beretzat nahi dituelako, denak ez bada batzuk, basea husten bada ere.

Hala balitz, potentzia nuklearra, eta ez nolanahikoa, bihurtuko litzateke Turkia egun batetik bestera. Eta horrek, tente baino tenteago ipintzen ditu inguruko potentzia handi, ertain eta txikien belarriak. Zentzuak esaten du Estatu Batuek ez luketela onartu behar halako «negoziorik».

Baina Trump tartean dela, batek daki.