Dena prest Balmasedan
Ezkurdiak markagailuan pentsatu gabe jokatu nahi du, eta Artolak eskuko minaren beldurrak ahaztuta.

Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola prest dira bihar Balmasedan jokatuko duten partida erabakigarriari aurre egiteko. Arbizuarrak nahikoa ditu 15 tanto finalerdietarako sailkatzeko eta alegiarrak nahitaez irabazi beharra dauka aukerarik gabe ez geratzeko. Gainera, irabazita ere, gipuzkoarrak larunbatean Oinatz Bengoetxeak eta Unai Lasok Labriten jokatuko duten neurketaren zain geratu beharko du sailkatzen den edo ez jakiteko.
Eta sailkapenari dagokionez egoera horixe den arren, pilotari bakoitzak helburu “txikiak” ere jarriko dizkio bere buruari, helburu “handiak” lortzeko mugarri moduan. Ezkurdiak markagailuari begiratu gabe jokatzen saiatu beharko du, askotan arriskutsua izaten delako tanto kopuru jakin bat egitera jokatzea. Eta Artolak azken asteetan izan duen eskuko mina ahazten saiatu beharko du, beldurrak bere jokoa ez dezan baldintzatu.
Hain zuzen ere, eskuak zer moduz dituen galdetuta, Artolak argi azaldu zuen ez duela ziur jakingo partida hasten den arte. «Egia esan, jakiteko proba handirik ere ez dut egin azken egun hauetan. Masajea jasotzen aritu naiz, baina beldurra ematen dit probatzen hasi eta mina berritzeak. Orain txukun samar daudela ematen du, baina egunean bertan ikusiko dugu zer moduz nagoen. Akaso sufritzea tokatuko da», aurreratu zuen alegiarrak zintzo.
Hala ere, gipuzkoarra beldur puntu hori alde batera utzi eta neurketak duen garrantzian zentratzen saiatuko omen da: «Beti esaten duguna da, urte guztian horrelako partidak jokatzeko entrenatzen dugula. Pena horixe da, egoera xelebre samarrean iritsi naizela eskuen egoeragatik. Baina aurrekoan ere horrela nengoen eta arazo fisikorik gabe jokatu ditudan neurketa batzuk baino hobea atera zitzaidan. Sufritu behar bada sufrituko dugu, eta ea zertarako gai naizen».
Joseba Ezkurdia, ordea, ez da fio alegiarraren gorabehera horietaz eta argi du aurkari gogorra izango duela Balmasedan. «Hori esan du, aurreko astean ere oso juxtu jokatu zuela Oinatzen kontrakoa. Baina nik uste frontoira ateratzen baldin bada partida jokatzeko moduan dagoelako dela. Jendeak sarrera ordaintzen du guri ikusteko, profesionalak gara, eta jokatzen badugu ongi gaudelako da».
Bilbon bi aurpegi
Ezkurdia izan da Jokin Altunarekin batera final-laurdenetako lehen bi jardunaldietako protagonista nagusia. Oinatz Bengoetxearen aurka erakustaldia eman zuen Lekunberrin, eta Unai Lasoren aurka ere garaipen bikaina erdietsi zuen aurreko larunbatean Bilbon. Hori bai, partida horretan bi aurpegi desberdin erakutsi zituen: bata apalagoa 13-21 galtzen jarri arte, eta bestea askoz hobea 22-21 irabazten amaitzeko.
«Partida hasieran ez nituen sentsazio onak eduki, eskubiz ez nion pilotari nahi besteko abiadura ematen. Baina bigarren zatian hobeto aritu nintzen, konfiantza gehiagorekin ere bai, eta partida nola jarri zitzaidan ikusita buelta ematea garrantzitsua izan zen niretzat», aztertu zuen atzoko material aukeraketan, asteartean ere Balmasedako pilotalekuan izan zela aitortuz, Danel Elezkanorekin entrenatzen.
Eta Artolak ere ondotxo daki bihar zer pilotari klase aurkituko duen aurrean. «Mundu guztiak ikusi du nola dagoen Joseba azkenaldi luze honetan. Partida oso zaila izango da, txapelketa irabazteko hautagai nagusia da askorentzat, baina saiatuko naiz gauzak zail ipintzen. Nik uste nire maila ematen badut aukerak izan beharko nituzkeela. Hori sinetsita etorriko naiz», esan zuen Ezkurdiaren azken urteetako «gorakada» nabarmenduz.
«Txapelduna da, eta hori ez da inoiz kasualitatea. Momentuko pilotari onenei irabazi behar zaie horretarako», gaineratu zuen Artolak, materialaren eta pilotalekuaren aitzakiarik gabe amaitu zen ekitaldian.
Gaur begirada guztiak Labriten jarrita daude
Atzo pilota munduko begiradak Balmasedan ipinita egon baziren, gaur Iruñeko Labrit pilotalekua izango da arreta erakarriko duena. Izan ere, Oinatz Bengoetxeak bertan egingo du azken proba larunbatean jokatu edo ez erabakitzeko. Hasiera batean, leitzarrak atzo egin behar zuen proba hori, baina Baikok jakinarazi zuenez, saioa egun bat atzeratzea erabaki zuen aurrelariak. Jakina denez, Bengoetxeak mina sentitu zuen ezker ipurmasailean Iñaki Artolaren aurkako partida hasi eta berehala, neurketako bigarren tantoan. Pilotari nafarrak jokatzen jarraitu zuen, tanto batzuetan baldintzatuago ikusi zitzaion eta beste batzuetan gutxiago, baina 17 tanto egiteko gai izan zen, nahiz eta galdu.
Hitzordu horrekin batera, Labriteko partidetara joateko sarrerei buruzko informazioa ere emango dute gaur Iruñean. David Iglesiasek, Baiko enpresako gerente komertzialak, emango ditu azalpenak.A.A.

Una piedra tallada hace 10.000 años, rival de la Mano de Irulegi

«Egun ia ezinezkoa da musika gaizki jartzea, ekipoak egiten du dena»

La juventud independentista se echa a la calle tras la prohibición de la AN

«¡Somos Ernai y no pararemos hasta llevar este pueblo hasta la libertad!»
