Maddi TXINTXURRETA

36KO GERRAK 80 URTE: ARGAZKIAK, IZENAK ETA IREKITA DIRAUTEN ZAURIAK

36ko gerraren gaineko erakusketa bana jasotzen dute Zarauzko Photomuseumek eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak. Argazki bidezko kontaketa kronologikoa proposatzen du lehenak; Donostiakoak, gerran parte hartu zuten 12.000 gipuzkoarren zerrenda bat osatu du lehen aldiz.

Goiko argazkiko emakumea, burua estalita daukana, Nicolasa Ugartemendia da, Hendaiako hondartzan eserita. Ondoan, bere bi ilobak ditu. 36ko gerrak utzitako irudietako bat da, zuri-beltza, zaharra itxuraz, baina agian ez hainbeste. 80 urte igaro dira gerra hura hasi zenetik eta Nicolasa Ugartemendia, bere bi ilobekin batera, Gipuzkoatik alde egindako lehenengotariko errefuxiatua izan zen, guda hasi eta gutxira. 36ko gerraren hasieraren isla izan daiteke argazkia, baina zer irudik islatuko luke, egiaz, gerraren behin betiko amaiera, oraindik ere garai hartako zauriak irekita badaude?

Ugartemendiarena, gerra garaiko eta frankismoko beste hainbat argazkirekin batera –30 argazki inguruk osatzen dute bilduma– Zarauzko Photomuseum museoan ikusgai dago, “Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren” erakusketan. Gogora Institutuak sortutako bilduma da, Josu Chueca EHUko irakasleak eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialariak komisariatutakoa. Urriaren 15etik azaroaren 24ra arte jasoko du erakusketa Photomuseumek.

Ibilbide kronologikoa proposatzen du erakusketak. Lehen erbesteratzeekin hasten da, eta “Habana” baporea ikusten da, 37ko maiatzean Erresuma Baturantz abiatzeko prest. Berau inguratzen, errefuxiatuak, horien artean gerrako umeak. Eusko Jaurlaritza 1937an hasi zen erbestean lehen aterpetxeak sortzen, kasurako Orthezen, non deserriratutako hainbat haur eskolatu zituzten.

Erakusketan aurrera egin ahala, gerrako umeak izan zirenen ahotsak tartekatzen dira, telebistatik hitz eginez, Gogorak ekoiztutako dokumental batean jasota. Erresuma Batura ihes egin zutenek esaten dute sekula ikusi gabekoak ikusi zituztela han; «emakumeek ere erretzen zuten». Venezuelara erbesteratutakoak, halaber, euskalduna dela aldarrikatu du, «baina venezuelarra ere bai». «Hainbeste urte pasatu dira...».

Euskaldunak gerra piztu eta gutxira hasi ziren atzerrira ihes egiten, baina 1939 hasieran erbesteratu ziren masiboki, jakina denez, “Erretirada” deiturikoan. Katalunia faxisten esku erori zenean, 500.000 lagun inguruk zeharkatu zuten muga Pirinioetatik, ihesi, eta haietako askok Estatu frantseseko kontzentrazio-esparruetan amaitu zuten. Argeles-sur-Mer-eko hondartzan lehenik, ezein aterperik gabe, eta Gurseko kontzentrazio-esparruan gero. 5.000 errefuxiatutik gora giltzapetu zituzten Gurseko euskal eremuan. Erakusketako argazkietan ikus daitezke Kaseda, Tafalla edo Erriberriko erbesteratuen irudiak, aurpegia belztuta, barrakoiz osatutako hareazko zelai deslaian.

Bitartean, asko izan ziren Ameriketara joandako errepublikazaleak; batzuk, Photomuseumeko panel batean ikus daitekeen “De la Salle” lurrunontzian, aurretik agian Baionako geltokitik bertarako trena hartuta. Maleta eskuan ageri dira gerrako umeak, herria utzita Venezuelara joateko prest. Edo, akaso, ez hain prest. Baina joan ziren, hala ere.

Zuri-beltza eta kolorea

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko (KMK) sarreran emakume miliziano baten argazkiak barruko erakusketa iragartzen du. Ikusleak, beharbada, “katolikoen hiltzaileak” dioen pintada topatuko du izenik ez duen emakume horren argazkian. Aitor Azurki kazetari eta KMKko “Gerra Zibila Gipuzkoan: Erresistentzia eta Duintasuna” erakusketaren sortzaileak esango luke erakusketaren helburuetako bat «probokatzea» dela; beraz, badirudi lortu dutela. Nahiz eta azaldu duen beste mota bateko probokazioa ere erdietsi dutela: «Jendea hunkitue egiten da».

Urte eta erdiko ikerketa lanaren ondorioa da erakusketa hau, Salamancako artxiboetan ahaztuta zeuden historia zatitxoen bilduma. «Oso errekurtso gutxirekin» egin da, gainera. Aitor Azurkik eta Aitzol Arroyo historialariek sortu dute, eta Antoni Nicolau historialariak komisariatu. Abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Azurkik eta Ainara Martin erakusketaren koordinatzaileak hartu gaituzte KMKren kanpoaldean. Martinek aldarrikatu du «humanitate» arteak bultzatu behar direla, ez direla bultzatzen, eta eraikinera sartu garenean, erakusketa humano batekin egin dugu topo. Beharrezko erakusketa bat, gainera, «zauriek irekita» dirautela baitiote.

Lehen kolpean, gerrako kasko bat, pistola metrailadore bat Eibarren egindako egurrezko kulatarekin eta fusil bat ikusten dira. Atzean, pertsonaia ezagunen argazki eta aipuak. Hor daude Jorge Oteiza, Rosa Luxemburg, Dolores Ibarruri edo Rosalia de Castro. Emilio Molaren aipu bat ere ageri da idatzita: «Terrorea egitea... guk bezala pentsatzen ez duen oro eskrupulu eta zalantzarik gabe deuseztatuz». «Guk kontrakoa egin nahi izan dugu», esan du Martinek.

Aurrera egin ahala, ezkerreko paretan, ezkutuan bezala, 36ko gerra garaiko irudi bat aurkituko dugu, zuri-beltzean, suntsipena ekartzen duena akordura. Zulo hondo bat eta ondoan haur bat, Eibarren. Beste aldean, gaur egungo argazkiak, koloretan, Gaza eta Sirian hartuta. «Gaur ere berbera gertatzen da, baina koloretan», esan du Azurkik. Eta parean, lau gizon, frontera abiatzeko prest. «Emakume bat etorri zen esanez eskuinekoa bere aita zela, komunista famatu bat», aipatu du kazetariak.

Beste pareta batek emakume bat erakusten digu, fronteko lehen lerroan, argazkirako posatzen, kartutxera eta eskopetarekin. Gizonez inguratuta dago. Erakusketako altxorretako bat da argazki hau, diotenez, «oso zaila» delako Gipuzkoan emakumeak frontean ari diren irudiak aurkitzea. «Ezagunak ez diren argazkiak erabili ditugu. Ez da ohiko erakusketa bat, dokumentuz jositakoa. Nahiago izan dugu bisuala izatea, zertzeladak ematea baina informazio berrian sakonduz», esplikatu du Azurkik.

«Ikastoletan-eta kontatu dizkiguten» gerra-gertakari nagusiez landa, «aitona-amonek sukaldeetan kontatzen dituzten istorioetan» sakondu dute. Eta hori areago bultzatzeko, partaidetza tailerrak ere deitu dituzte, hileroko azken ostiral arratsalde eta larunbat goizetan.

Gerra, izen-abizenekin

Zakuz osatutako lubakiak ezker-eskuin. Horien gainean, ezkerrean, gerrako gertakari garrantzitsuenak jasotzen dituen denbora-lerro grafiko bat. Eskuinean, gertakari horietako protagonisten izen-abizenak. 12.000 daude guztira. «Salamancatik ateratako informazioarekin, Gipuzkoan gerran parte hartu zuten gizon-emakumeen zerrenda bat osatu dugu, ez zelako existitzen. Banan-banan, ‘Negociado de movilización’ izeneko fitxen informazioa bildu dugu. Fitxa horretan gerrara borondatez joandako jendearen izenak eta datuak zeuden, eta pareta honetan jende askok topatu du bere familiakoren baten izena. Batzuek esan digute izenen bat falta dela», dio Azurkik. Eta horrek esan nahi du 12.000 baino gehiago ere badirela. Horietako batzuek istorioak ere landu dituzte.

Irungo Santiago zubia, haurrak, hondakinak, eta propaganda: “Erresistentzia zen eta da egun ere garaipenerako bidea irekitzea”, Socorro Rojo de Españak sinatuta. Miliziano bati besotik ateratako bala bat, kartzelatik ateratako hiztegi zahar bat, kasualitatez edo ez, «incorruptible» (erostezin) hitza agerian. Gudari txartel bat, Jose Arandia, 17 urte. Duintasuna eta erresistentzia gogorarazten duten objektuak, sortzailearen iritziz. Deialdia egin zuten, herritarrek gerra garaiko objektuak erakusketarako utz zitzaten, eta horiek lortutako batzuk soilik dira.

Eta erakusketaren amaieran, beste gerra bat, honakoa amaiezina: errelatoaren gerra. Franco goratzen duten egunkariak, eta erresistentzia egiten dutenak. Asteon ere entzun dira «viva» batzuk. Dirudienez, 80 ez dira horrenbeste urte.