GARA
BILBO
G

Kontaktuan jarraitzen dute aldeek greba aurrera doan bitartean

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatu eta patronalek harremanetan jarraitzen dute gatazkari irtenbide bat bilatzeko asmoz. Atzo, beste bilera bat egongo ote zen zurrumurruak girotu zuen hilabeteko grebako lehenengo jardunaldia. Manifestazio nagusia egin zuten Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik Arriagaraino.

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako hezitzaileek hilabeteko greba egutegiari hasiera eman zioten atzo. Asteazkenean sindikatu eta patronalen arteko bileran bi aldeak hurbildu baziren ere, ez zen nahikoa izan greba bertan behera uzteko eta, beraz, egun hauetan berritasunik ezean, abenduaren 5era arte iragarritako grebak bere horretan jarraituko du.

Hilabeteko greba iragarri duten sindikatuek (ELA, CCOO, LAB eta Steilas) azpimarratu zuten atzoko eguneko jarraipena maiatzekoa baino handiagoa izan zela. %70-75 arteko jarraipena izan zuela zehaztu zuten, Lakuak ezarritako zerbitzu minimoak «abusuzkoak» izan arren.

«Greba izaten ari den babesak agerian uzten du langileen artean dagoen nahigabea, orain dela hamar urtetik eguneratu gabe dituzten lan baldintza kaskarrak direla-eta», adierazi zuten langileen ordezkariek.

Kristau Eskola patronalak, bestalde, %19an zehaztu zuen grebaren eragina. 8.218 langileetatik 1.600ek babestu zuten greba, sektorean nagusitasuna duen patronalaren arabera. Bizkaian izan zuen erantzun zabalena (%27), Arabak jarraitu zion (%16) eta Gipuzkoan izan zuen eragin txikiena (%10).

Dena den, komeni da gogoraraztea Lakuako Gobernuak greba deialdi honetarako ezarritako zerbitzu minimoak maiatzekoak baino askoz zorrotzagoak izan direla. Arlo askotan bikoiztu egin ditu ikastetxeetan egon beharreko hezitzaileen kopurua eta, hortaz, helegite juridiko bat aurkeztea baloratzen ari dira sindikatuak.

Aurrerapausoak zehaztu gabe

Asteazkenean bi aldeen arteko desadostasunak apur bat samurtu zirela onartu zuen atzo ELAko ordezkari Miren Zubizarretak, Bilboko manifestazioa hastekotan zegoela. Sindikatu hau Kristau Eskolako zuzendaritzarekin batu zen greba bezperan, egun osoan harremanetan egon ostean. Negoziazioaren epeak laburtu eta prozesua errazteko asmoz egin zen gehiengoa duen sindikatuaren eta nagusi den patronalaren arteko bilera.

CCOOeko ordezkari Julen Llanosek GARAri zehaztu zionez, «prozedura normala da sektorean nagusi diren bi aldeen arteko bilera. Akordio bat burutu nahian, prozedurak erraztu behar dira eta bitartekariak aholkatu zigun».

Atzo egun osoan zehar bilera berri baten zurrumurrua presente egon zen giroan, asteazkeneko aurrerapausoei segida emango ziena. Dena den, Zubizarretak eguerdian argitu zuen ez zegoela bilera berri baten hitzordu zehatzik iragarrita, «nahiz eta une oro patronalarekin kontaktuan jarraitzen dugun». Atzo iluntzean, berritasunik gabe jarraitzen zuen lan gatazka honek.

Azken orduetan eman diren aurrerapausoak ere ez zituen zehaztu nahi izan Miren Zubizarretak, «ezer konkreturik ez daukagulako». Zuhurtziaz begiratzen dute edozein mugimendu eta, horregatik, benetako akordioa lortu arte mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu zuen. «Orain arte aurrerapausoak eman badira, greba eta mobilizazioak indartzearen ondorioz izan da», azpimarratu zuen.

Hitzarmena gertu ikusten bada ere, hori adosteko, sindikatuen aldarrikapen oro jaso beharko ditu patronalak: «Atzo [asteazkenean] aurrerapausoak egon ziren, baina zuhurtziaz begiratzen diegu, urrats horiek oraindik ez baitira berretsi».

Bestalde, Lakuaren jarrera deitoratu zuen greba iragarri duten sindikatuen ohar bateratuak, gatazka hau bideratzeko behar adinako inplikaziorik ez erakusteagatik. Hala, patronal zein Hezkuntza Sailari exijitzen diote, bakoitzak dagokion arduraz joka dezala.

Urkullu, grebaren aurka

Kezkatuta dauden gurasoei dagokienez, Zubizarretak berretsi zuen gatazka hau bideratzeko gakoa patronalek eta administrazio publikoak dutela: «Eta erantzukizun horiek bete ditzatela eskatu behar zaie, azkenean gure baldintzak hobetzeak hezkuntza mailaren kalitateari zuzenean eragiten baitio».

Sektoreko hitzarmena ez da azken hamar urteetan berritu eta langileen ordezkariak ziur daude eskatzen dituzten aldarrikapenak bidezkoak direla. Urte hauetan guztietan galdutako erosahalmena berreskuratzea ahalbidetuko dien soldata igoera eskatzen dute; baita lan kargak murriztea eta, ikastetxe batzuen itxieren aurrean, lekualdatzeetarako plana ere.

Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkulluk bere iritzia plazaratu zuen Gasteizen hilabete oso bateko greba honen harira –guztira, 21 lanegun–.

Lehendakariaren ustez, egungo egoeran, ez dauka «justifikaziorik» greba deialdi honek eta beraz, deialdia bertan behera uztea pentsatzeko eskatu die sindikatuei.

Halere, baikor agertu zen egunotako urratsen ondotik. «Elkarrizketak berrabiarazte hutsa aurrerapausoa da eta bi aldeak proposamen zehatzak aurkezten ari dira».

Honi buruzko guztia: G