«Badaukat esatea zoriontsu naizela pilotan jokatzen»
Amezketarrak ezin du 23 urterekin lortu duen joko mailarekin gustura dagoenik ezkutatu, ez dauka zertan, gainera. Bere bosgarren finalaren aurrean bere buruarengan konfiantza osoa erakusten du, nahiz eta final errazik ez dagoela ondo dakien. Hala ere, igandeko partidaz baino pilotaren inguruko bizipenen inguruan mintzo zaigu, bere adinerako ohikoa ez den patxadarekin.

Atzo izan zuen Altunak bere lehen kontaktua finala jokatuko den Nafarroa Arenarekin. Dario lagun zuela, ordubete inguru aritu zen finala prestatzen.
Iazko osagai berak ditu aurtengo finalak, pilotariak, pilotalekua, baina oso desberdina da, ezta?
Bai, nik uste final denak direla desberdinak, baina orain arteko bidea oso desberdina izan da; iaz asko sufrituta eta era desberdinean heldu nintzen eta aurten partidetan askoz gehiago disfrutatu dut, nik uste partidetan agindu egin dudala eta horrela gehiago disfrutatzen duzu, baina horrek ez du esan nahi finalean hala izango denik. Badakit finala oso zaila izango dela, berak esperientzia handia daukalako partida garrantzitsuetan, asko jokatu dituelako.
Iazko ibilbidea erabateko sufrimendua izan zen?
Bai, hori dut sentsazioa, baina ez finala galtzeagatik, ze aurreneko finala galdu nuena, Oinatzen aurka, orain txapelketa hura oso positibo eta polita bezala gogoratzen dut. Finala gainera ederra izan zen, biok disfrutatu genuen, partida ederra izan zen. Iazko txapelketa, aldiz, desberdina izan zen, baina berak meritu guztiarekin irabazi zidan, sekulako momentuan zegoelako eta txapeldun justua izan zen. Ea aurten aurkako emaitza ateratzen den.
Emandako sentsazioa da dena oso erraz egin duzula..
Eriken aurka, esaterako, sufritu egin nuen, aurrekoan 5-1 galtzen hasi nintzen eta ondo eraman nuen finalerdia, baina nik ere une zailak bizi izan nituen Lasoren aurka. Erraza ez da, askotan markagailuari begiratuta errazagoa ematen du, baina barrutik ez da hala bizitzen.
Igandekoa laugarren finala duzu jarraian kaiolan, aurretik oso izen handiek baino ez dute halakorik lortu, Eugi, Aimar, Irujo...
Asko baloratzen dut eta garrantzi handia ematen diot ez delako batere erraza lau urtetan egotea. Momentu batzuetan hobeto zaude beste batzuetan okerrago eta momentu horietan edozeinek irabazi ahal dizu, eta lau finalera heltzea garrantzitsua da baina garrantzi handiagoa ematen diot egin beharra daukadanari, ilusio handiagoa daukat etorkizunari begira, badaukat intriga zer gertatuko den nirekin etorkizunean.
Etorkizunean pentsatzen duzu orduan?
Bai, beti, ametsik handiena daukat urte pila batean ibili nahi dudala pilotan. Gogo eta ilusio handiena hori dut. Bost urte segituan pasa zaizkit eta hori daukat buruan, disfrutatzen jarraitu eta ahalik eta gehien irautea. Asko gozatzen dut.
Pilotan denbora luzean aritzeak txapelek baino gehiago motibatzen zaitu?
Ni bai, ojala txapel asko ateratzea, baina egunen batean txapel asko baditut eta elkarrizketa egiten badidazu berdina esango dizut. Pilotak lagun asko eman dizkit, txiki-txikitatik ibili garenak orain batera gaude, sekulako giro ona daukagu aldagelan, enpresan ere bai, eta ez partidetan bakarrik, astean zehar bizitzen duguna ere ederra da. Zoriontsu naizela esatea badaukat pilotan jokatzen ari naizen bitartean eta horri ematen diot garrantzi handia. Gero, beti esaten dudana, ahalik eta denborarik gehien egotea da helburua; goian bazabiltza aukera gehiago dituzu txapelak ateratzeko, emaitzak onak eta txarrak izaten dira, baina hor bazabiltza, erregulartasun batekin, emaitzak ere heltzen dira eta hori da helburua.
Jokatzen jarraituko zenuke txapeletarako hautagai izan gabe?
Bai, txapelik irabazi gabe garrantzitsua izan zaitezkeela esan nahi duzu zuk. Iaz, esaterako, Buruz Burukoa irabazi eta gero, Lau eta Erdikoa eta Binakakoa ez nituen irabazi. Baina ez naiz sentitzen inportantea txapeldun atera naizelako edo txapelak irabaztea daukadala pentsatzen dudalako; bestela sentitzen naiz garrantzitsua. Iruditzen zait hala sentitzen naizela enpresa barruan eta jendeak ere gustura ikusten nauela frontoian jokatzen eta hori inportantea da. Ez dago gauza politagorik zu jokatzen ari zarela jendea zurekin gozatzen ari dela ikustea baino. Egunen batean hori ikusten ez dudanean, pena handiagoa emango dit horrek final bat galtzeak baino.
Ez zara saturatzera heldu?
Iaz, esaterako, uda oso gogorra izan nuen. Txapeldun irten eta gero lesionatu egin nintzen, buruari buelta asko eman nizkion kaiolan jokatuko nuen edo ez; txapelketa hori ere sufrikarioa izan zen eta hor saturatu nintzen pixka bat. Eta Binakakoan lehen itzulian nik uste ordaindu nuela aurretik egindako ahalegin hori. Momentu batean izan dut denaz ahazteko gogoa, igual izan dut bost egunetan. Esaten dut kanpora irten nahi dut bost edo sei egun, eta hirugarren edo laugarrenetik aurrera gogoa daukat berriz nire gauzak egiten hasteko. Kanpora eta irteten naizenean ez da izaten 15 egun kanpora joateko, bost egun deskonektatu eta berriz etorri nahi izaten dut nire gauzak egiteko
Modalitate guztien artean, kaiolan sentitzen zara erosoen?
Eroso sentitzen naiz, Binaka txapeldun ez naiz irten, baina oso eroso sentitzen naiz eta oso gustura jokatzen dut binaka. Badakit zenbat partida jokatu ditudan guztira eta binaka sekulako zenbakiak ditut, baina txapeldun ez naiz oraindik, finalik ere ez, baina ez dut esango lau eta erdian binaka baino erosoago sentitzen naizenik, zeren binaka urte guztian ere garrantzitsu sentitzen naiz eta gustura ari naiz jokatzen. Banakakoan txapela ateratakoa naiz; iaz galdu nuen, baina asko motibatzen nau eta nik uste dut pilotako modalitate denek asko erakartzen nautela.
Atea jo behar, atzelari handi horietako batekin jartzeko?
Niri ez zait tokatzen esatea zeinekin jokatu behar dudan. Azkenean enpresak erabakitzen duen zerbait da hori. Enpresan atzelari onak ditugu. Egia da bi atzelari horiek finaletara heldu direla eta beraiek agindu dutela binakako jokoan baina, egia esan, ametsa daukat, handia, egunen batean txapela atera nahi dut binaka, baina ez Beñat ez Jose ez den atzelari batekin. Gogo handia daukat ze denek esaten dute hauek biekin jokatzen duenak azken urtean finalera heldu direla eta badaukat gogo hori. Adibidez, Aimarrek edo Juanek atzelari askorekin irabazi dute eta ilusio handia egingo lidake, esaterako, Julenekin, Martirekin, bi txapelketa jokatu ditut sekulako lagunak gara, ia anaiak bezalaxe gara, oso ondo konpontzen gara eta kristoren ilusioa egingo lidake urteren batean berarekin txapela ateratzeak. Pena hori badugu finalerdietara sartu garela baina finalean ez, eta berari aginduta nago egunen batean txapeldun irtengo garela.
23 urterekin, sakrifizio handia da goi mailako pilotaria izateko egin beharrekoa?
Bueno, lehen ere bizi txintxoa egin dudan mutil bat kontsideratzen naiz; gazteagoa nintzenean ere dinamika honetan sartuta ginen. Sakrifizioa badu, gauza guztiek dute sakrifizioa eta ordutegi txintxo bat eraman behar duzu. Asteburu asko tokatzen zaizkit; lagunak eta larunbatero afaltzera-eta irteten dira eta nik etxean geratu beharra daukat. Baina luzera ondo etortzen da. Nik uste dut pilotari bizia disfrutatu beharrekoa dela, bizi ona da. Ez dago konparatzerik zortzi ordu fabrikan edo beste era batean ari den langile batekin, baina dena ez da polita. Baditu bere zailtasunak ere, oso pilotari ona ez zara izaten jainkoak eman dizulako, lan asko egin beharra dago, ez 18 urtetik aurrera, ni 5 urterekin hasi nintzen pilotan eta nire ibilbidean nire gurasoak, familia eta lagunak asko inplikatu dira eta denen eraginez gauzak ondo doazkit, baina sakrifizioa ere handia eginda.
Azkeneko parranda?
Sanmateoen aurretik, Urretxura joan nintzen lagunekin.
Zein da pilotaren alderik itsusiena edo eramateko zailena?
Kirol honetan denok ezagutzen dugu elkar txiki-txikitatik eta, profesionaletara helduta, nik zortea daukat eta gauzak ondo joan zaizkit, baina badaude lagunak nik bezainbeste disfrutatzen ez dutenak. Batzuetan izaten dut pena hori, lagun bat gaizki pasatzen ikusten dudanean, bolada txar bat daramanean edo eskuetatik erabat izorratuta dagoenean. Azkenean denok berdina egiten dugu, batzuk zortearekin hobetoxeago edo okerrago, baina pena hori da, denek ez dugula berdin disfrutatzeko aukera. Gaur egun dagoen penarik handienetako bat da pilotariak askotan ez duela denborarik izaten asentatzeko. Titinek 23 urterekin debutatu zuen, Irujok 21ekin... lehen denbora gehiago ematen zela iruditzen zait eta behin igotakoan ere marjen handiagoa zutela hobetzen jarraitzeko.
Enpresan bolada ikaragarrian zabiltzate; bolada kontua dela esan ohi da, baina zerbait ondo egiten ariko zarete, ezta?
Giro oso ona dago Aspen eta hala ikusi dut hasi nintzenetik. Oso erlazio ona daukagu, entrenatzailearengandik hasita, Jokinengandik. Apezetxea ere hor dago, baina enpresako denak Ibon –prentsa arduraduna– Olaia –takileroa– denekin ondo konpontzen gara eta familia txiki bat gara, elkarri laguntzen diogu eta gustura gabiltza egiten dugunarekin. Badakigu zein den bidea eta gustura gaude, konfiantza ematen digute eta eskertuta gaude.
Jokinekin, egia esan, oso eskertuta gaude laguntzen digun guztiagatik. Egunak antolatzeko egiten duen lana ere harrigarria da; batzuetan goizeko bederatzietan hasten da entrenamenduekin eta arratsaldeko ez dakit ze ordutan bukatzen du. Beti aritzen da hara eta hona kotxearekin eta nik uste Jokin –Etxaniz– klabe handi bat dela gure lanean eta gure arrakastan.
Zuk zeuk zenbat kilometro egiten dituzu autoan urtero?
40.000 inguru.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
