Maider IANTZI GOIENETXE
LAN, PENTSIO ETA BIZI DUINAREN ALDEKO MOBILIZAZIOAK

KEMENTSU KALERA, 96 ASTELEHENETAN SEGIDAN ATERA EZ BALIRA BEZALA

HAIZEAREN KONTRA, ZIRA ETA UMORE ONA, TXANOA ETA KEMENA, 96 ASTELEHENETAN SEGIDAN KALERA ATERA EZ BALIRA BEZALA, HEGO EUSKAL HERRIKO LAU HIRIBURUETAN DOZENA BAT MANIFESTAZIO EGIN EZ BALITUZTE BEZALA. IA BI URTE DARAMATE PENTSIODUNEK BORROKAN ETA EREDU IZAN DIRA BERRIRO.

“1.080, gutxienez denei”, “gobernu bat edo beste, pentsio publikoak defendatuko ditugu”, “hemen bizi, hemen erabaki”... Jendeak bere egin dituen leloak dira, atzo pentsiodunek haizearen kontra errepikatu zituztenak, euri tanta bakoitzeko kasik lelo bat. Ez delako aldarrikatzeko eta eskatzeko motiborik falta.

Ez dira eurentzat soilik ari, jendarte osoari eragiten dion borrokan dabiltza azken bi urteotan. Bat egiten dute, bertzeak bertze, hezkuntza eta osasun publikoaren aldeko mobilizazioekin. Pentsioen aldeko ahaleginak ekonomia indartzeko, enplegua sortzeko eta langileen egoera hobetzeko ere balio du. Emakume, gazte, etorkin, autonomo... Jomugan dauden kolektiboak hobeki bizitzeko. Hala nabarmendu zuten atzo Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Eibarren egindako mobilizazioetan. Ez ziren bakarrik egon; lagun izan zituzten, adibidez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileak eta gehiengo sindikala. Bilbon zutabe propioa osatu zuten.

Heldu den urtarrileko greba orokorra zuten aitzinean, baita Madrilen osatzen ari den gobernu berria ere. Berehala neurriak hartzeko eskatu zioten honi, pentsio guztiak KPIaren arabera igotzeko. «Espero dugu orain arte izan dutena baino sentsibilitate handiagoa erakustea», adierazi zuen Bilbon mugimenduaren bozeramaileetako Jon Fanok.

Bizkaiko hiriburukoa izan zen martxarik jendetsuena. Alde ezberdinetatik abiatu ziren lau zutabe eta Plaza Eliptikoan elkartu ziren. Bertatik, Kale Nagusian barna, udaletxera iritsi ziren. Irudia ikusgarria zen.

«Irabaziko dugu»

Donostia, Gasteiz eta Iruñean ere adorea erakutsi zuten eta une hunkigarriak bizi izan zituzten. Adibidez, Gipuzkoako hiriburuan, ordu erdi inguruz erdialdeko kaleetan isildu gabe ibili eta gero, Bulebarrean bildu ziren Oneka, Gaur Geroa, Gipuzkoako helduen elkarteen plataforma, Oiartzualdeko erretiratuak, Donostiako erretiratuak... bakoitza bere pankarta eta kartelekin. Erretiratu batek megafonoa hartu eta habanera bat kantatu zuen. Ez zen ongi aditzen, baina bukaeran jendeak lagundu zion eta primeran entzun zen: «Asko gara Euskal Herrian eta has gaitezen biltzen».

Eskerrak emanez hasi zuten ekitaldia; erantzuna «on-ona» izan zela-eta pozarren zeuden. «Bizirik eutsi behar diogu borroka honi, batasun honi. Gure indarra da», nabarmendu zuten. Promesa gehiagorik ez, emaitzak behar dituztela erantsi zuten, eta garbi utzi zuten ez dutela pauso bakar bat ere atzera emanen.

Egiten dituzten eskaeren zuzentasuna azpimarratu zuten, eta erabakimena dutela oroitarazi. Haserrea ere azaldu zuten, bertzeren artean ez dagoelako pentsio publiko duinak segurtatuko dituen lege propiorik eta genero arrakalak bizi-bizi jarraitzen duelako. Onekakoen karteletan irakur zitekeenez, EAEn gizonek 1.482 euroko pentsioak dituzte batez beste; emakumeek, ordea, 880koak.

Iragarri zutenez, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetara eramanen dituzte eskaerak, talde politikoek lege proposamen bat osatu eta Diputatuen Kongresuan eztabaidatzeko. Euskal erakundeei, 1.080 euro kobratzera iristen ez diren lagunentzat osagarri bat eskatu zieten. «Herritar guztioi eragiten digu borroka honek. Irabaz dezakegu, eta irabazi egingo dugu!».

Lurdes eta Belinda Onekako kideak lehen lerroan zeuden. Biak erretiratuta daude 61 urterekin, bata zahar egoitzako langilea izanik jasan behar izan dituen lan kargek arazoak sortu dizkiotelako; bertzea, enpresa itxi zutelako. Beraiek pentsio ona dute, baina kideen egoera ikusten dute, bereziki alargunena. «Murrizketa hartzen dutenak emakumeak dira, lehenik umeak zaintzeko eta gero gurasoak. Gutxiago kotizatzen dutenez, pentsio baxuagoa dute».

Orain ikusten ari diren egoera bat aipatu zuten: «Alargunei etxera itzultzen zaizkie seme-alabak eta dirua eskatzen diete». Langileen ordezkari izan ziren Beldinda eta Lurdes lantegian eta orain adineko emakumeen alde ari dira. Dei bat egin zuten: azaroaren 22an, 12.30ean Bulebarrean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Haizearen kontra.