Otaño, Colomo eta Cidad nagusi Usurbilen
Urrezko aizkolarien, harri jasotzaileen eta ingude altxatzaileen txapelketak jokatu ziren atzo Saizar sagardotegiko plazan.
Urrezko aizkolarien, harri jasotzaileen eta ingude altxatzaileen txapelketek atzo izan zuten jardunaldia Usurbilgo Saizar sagardotegiko plazan, eguraldi bikaina lagun zelarik. Hori bai, Saizar sagardotegiko ama, Olivia Ibarguren, ostegunean zendu zen eta bere izenean minutu bateko isilunea gorde zen hasi aurretik. Goian bego.
Aizkolarien lana Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertzak bete zuten kanaerdiko hamarna enbor ebakiz. Dema oso estua izan zen, une guztian Otaño aritu zen segundo batzuk aurretik, baina biak ere elkarri begiratuz, tarteak oso estuak izan baitziren. Hamar kanaerdikoak 23 minutu 26 segundoan ebaki zituen Otañok; Mugertzak, berriz, 23 segundo eta 55 segundo behar izan zituen.
Harri jasotzen Mateo Colomo eta Xabat Olaizola neurtu ziren. 100 kiloko hiru harri izan ziren; zilindro zaharra, kubikoa eta borobila. Bakoitzarekin hiru minutuko denbora zuten. Kubikoarekin parra egin zuten baina beste biekin Colomo izan zen nagusi. Guztira Colomok 72 jasoaldi egin zituen, eta, Xabat Olaizolak, 58.
Ingude txapelketan Esti Cidad izan zen garaile. Minutu eta erdian 86 bider jaso zuen ingudea; Naiara Ferranek, berriz, 83 aldiz.
Triatloi desafioa
Ostiral arratsaldean Azpeitiko Mendizabal jatetxean bildu ziren Joxean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohia eta Kepa Peñagarikano pilotari ohia. Herri kirolen alorrean maila apala dute, baina gogoa eta asmoak berebizikoak dituzte.
Mahaian eseri eta, zalantzak tarteko, bakoitza bere errotara ura eramaten saiatu zen. Eztabaida luze baten poderioz adostasun batera heldu ziren azkenean. Desafioak triatloia izan behar zuela ados jarri ziren. Jokoan 3.000 euro jartzen ditu alde bakoitzak. Martin Mendizabalen zaintzapean geratu da dirua.
Desafioa martxoaren 14an izango da Azpeitiko zezen plazan, 18.00etan. Egin beharreko lana, 35 jasoaldi eman 100 kiloko bolari, aizkoran sei kanaerdiko ebakitzea, eta, azkenik, korrika 4,5 kilometro egitea.
Berez, lan bizia da, ordubetekoa gutxi gorabehera eta entretenigarria ikuslearentzat. Hiru laguntzaile eramango dituzte, plazan bi arituko diren arren. Herri kiroletan izena dutenen artean inor mugitzen ez denez, bi kirolariok hartuko dute zuzia. Prestakuntza lanak oso serio egiten saiatuko direla zalantzaren izpirik ez dugu.
Sokatira
Larunbatean jokatu zen Ibarrako pilotalekuan Euskal Herriko lauko goma gaineko sokatira txapelketa. Gizonezkoetan, 320 kilotan, tiraldi estuak izan ziren. Azkenean, Lesakako Beti Gazte nagusitu zen 15 puntu metatuta. Bigarren Ibarra A izan zen (10 puntu). Hirugarren, Laukizko Gaztedi. Zerbait gehiago egingo zuen esperantzarik bazen, baina 9 puntu lortu zituen. Ondoren, Ibarra B (7), Lapurdiko Ñapurrak (3) eta azkena Txantrea (punturik gabe).
Larunbatean, Mundakan jokatu zen Euskal Herriko lasto altxatze finala. Egin beharreko lana, 45 kiloko lasto fardoa 7 metrora ahalik eta gehienetan igotzea bi minutuko tartean. Jose Martin Bustinza Tubi arratiar indartsuak eta faboritoak irabazi zuen aipatu denboran 22 jasoaldi eginez. Ondoren, Jon Loiola (20 jasoaldi), Andoni Elizondo (19), Bingen Erleaga (14) eta Joseba Legarreta (11).