Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Esnalen baldintzapeko askatasunaren auzia martxoaren 13ra gibelatu dute

2008. urteaz geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzak betetzen ditu Jakes Esnal presoak eta honek kartzelatik ateratzeko eginiko bigarren eskaera heldu den martxoaren 13an aztertuko dute, atzo Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak hala erabakita.

Jakes Esnal, Frederic “Xistor” Harunburu, Ion Kepa eta Unai Parot (azken hau espainiar Estatuan atzeman zuten) 1990. urtetik daude kartzelan. 2020ko apirilean 30 urteko kartzelaldia beteko dute lau lapurtarrek.

Ohiz kanpoko testuinguru horretan, Esnalek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko bigarren eskaera aurkeztu zuen iaz –2016an lehenengoa errefusatu egin zioten– eta atzo aztertu behar zuen hori Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak.

Izan ere, eskaera horren gainean iazko azaroan izan zen lehendabiziko auzi-saioak agerian utzi zuenez, auziari loturiko hainbat gabezia zuzendu ez direnez, bista berri bat egin beharko da heldu den martxoaren 13an; hain justu, lohizundarrak 30 urteko kartzelaldia bete baino hilabete lehenago.

Aurreko saio horretan, Esnalen abokatuak, 2016ko ekainean onarturiko lege erreforma eskuan, presoa batzordetik igaro gabe ere «arrisku maila» neurtzeko auzitegiak jasotzen duen txostena egiteko aukera defendatu zuen. Izan ere, auziaren data helduta, txostena egin gabe zegoela aitortu eta CPMS diziplina anitzeko batzordeak ikerketa lan hori urtarrilean burutuko duela jakinarazi zuen fiskalak. Ondorioz, auzitegiak dosierraren azterketa 2020ko martxoaren 13ra atzeratzea erabaki zuen.

Arrazoi objektiboak

Paulus Basurco abokatuak auziarekin jarraitzea eskatu zuen. Txostenik gabe ere, bere ustez, «arrazoi objektibo aski badirelako» abenduaren 18an 69 urte beteko dituen presoaren kasuan «arrisku faktorea» baztertzeko.

Horretaz gain, bere esanetan, auzitegiak berak badu diagnosia egiteko gaitasunik, kanpoko batzordeen iritziaren zain egon gabe. Presoaren adina, kartzelan igarotako denbora luzea eta testuinguru politikoa aldatu dela aintzat hartuta, auzitegiak Esnalen eskaerari baiezkoa emateko aski arrazoi ditu, abokatuaren ustez.

Hala, atzo bideokonferentzia bidez egin zuten saioan izan ziren «arazo tekniko handiak» kontuan hartuta martxoko auziari begira epaileek Saint Martin de Re-ko espetxera bertaratzeko iragarri erabaki zuten eta delibero hori ontzat eman zuen defentsak.

Auzi horri begira, Jakes Esnalek –Haranburuk eta Ion Kepa Parotek bezala– Estatu frantsesean epaitu zutelako pairatu duen «diskriminazioa eta proportzionaltasun falta» agerian utziko du defentsak. Espainiar Estatuan gehienezko espetxealdia 30 urtekoa izanik, bertan epaitu izan balute Esnalek beranduenez heldu den apirilean amaituko luke kartzelaldia. Alta, frantziar Estatuan biziarteko kartzela zigorra jaso zuenez, ez dauka aske ateratzeko datarik. Egoera horretan, beste prozedura baten bidez, zigorraren ordezpena eskatu du defentsak.