Asier AIESTARAN
P

Buzoa jantzita ere, bikain

Jakak eta Zabaletak bigarren garaipena lortu zuten Amezketan, ia 700 pilotakadako neurketa ikusgarrian.

JAKA-ZABALETA 22

ALTUNA III.A-GALARTZA 17


Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketako lehen ligaxkako bigarren garaipena erdietsi zuten Amezketako Larrunarri pilotalekuan, Jokin Altuna eta Ladis Galarzari 22-17 irabazita. Aurreko asteburuan 22-5 azkar batekin irabazi zuten Irribarria-Rezustaren aurka; ostiral gauean, aldiz, lanerako gaitasuna ere badutela erakutsi zuten, 685 pilotakada eta 80 minutuko neurketa gogorrean.

Partida ikusgarria izan zen gainera, tanto on asko izan zituena eta huts oso gutxi. Jakak 12 tanto egin zituen jokoan eta beste 3 sakez (eramatekoak, hori bai), Altunak 13 egin eta 3 galdu, Zabaletak 1 egin eta 2 galdu, eta Galartzak 1 egin eta 3 galdu (sakeak zenbatu gabe).

Gorriak oso indartsu sartu ziren norgehiagokara, eta aitaren batean 5-0 aurreratu ziren: Zabaleta indartsu atzean, eta Jaka dena asmatzen aurrean. Lehen jardunaldian Bergaran gertatu zena etorri zitzaion burura bati baino gehiagori.

Baina Altuna ez zegoen prest bere etxean horren erraz amore emateko, eta txokoan goxo utzitako pilota batekin eman zion hasiera bere erakustaldiari. Lehen berdinketa 6-6koan iritsi zen, eta hortik aurrera neurketa parekatua izan zen.

Are gehiago, urdinek markagailuan aurrea ere hartu zuten, eta denbora askoan agintzen egon ziren emaitzari dagokionez. Ladis ongi eusten ari zen Zabaletaren joari atzean, eta Altunak aukerarik txikiena ere baliatzen zuen tantoa egiteko.

Baina neurketa asko gogortu zen, eta halakoetan gertatzen den moduan, nahikoa izan zen laukotetik batek beheraldi txiki bat izatea partida apurtzen hasteko. Kasu honetan, Ladis izan zen neke puntu bat erakutsi zuena, eta gorriek bost tanto segidan egin zituzten 13-14kotik 18-14kora alde egiteko.

Azken txanpan saiatu ziren urdinak berriz ere neurketan sartzen, baina jada beranduegi zen, eta 20-17 hurbildu arren ezin izan zuten ezer egin bigarren porrota ekiditeko. Jakak, aldiz, beste partida bikain bat borobildu zuen Amezketan azken bi tantoak eginez, 21.a gantxoz eta azkena sakez.

Honi buruzko guztia: P