SORMENAREN INDARRA KARTZELA BAINO INDARTSUAGOA DA
Durangoko Azoka ate joka dago. Eta GARA egunkariko azalak oraindik 246 ohe huts daudela gogorarazten digu. Kartzeletako ziegetan euskal presoek idazten jarraitzen dute. Gutunak. Marrazkiak. Literatura. Kartzela eta sorkuntzaz aritu gara hainbat lagunekin.
Espetxea atzean utzi berri duten Hodei Ijurko eta Zigor Merodio; kartzelatik aspalditxo ateratako Oier Gonzalez eta Mitxel Sarasketa Ataramiñeko kideak eta osaba kartzelatik atera zain dagoen Lore Erostegi marrazkilariarekin sorkuntzaz aritu gara. Askatasunaz.
Hodei Ijurko
Egunkari olerkitua egitea izan zen hasiera baten Hodei Ijurkoren asmoa. 2016ko uztailaren 21ean hasi zen poemak idazten, «burutik pasatzen zitzaidana idazten nuen», gogoratu du Ijurkok. «Egunero idazteari ekin nion, askatasuna berreskuratu arte», zehaztu du pentsakor. 2018ko irailaren 21ean atera zen espetxetik, eta bezperan idatzi zuen “Basatza” liburuan batu du azken poema ere. Azken hitzak. 776 egun eman zituen liburu hau ontzen. Testu asko, gero Oier Gonzalez Ataramiñeko kidearekin batera libururako egokitu dituenak. Txukundu, orraztu, aukeratu. Galiziako A Lama espetxean idatzitakoak dira guztiak. «‘A lama’-k galegoz basatza erran nahi du, eta hor sortu zitzaidan izenburua», dakar gogora Hodei Ijurkok. Eta azpititulua ere esanguratsua du: “Natura artifiziala gizartearen itzala”.
Kartzelaldiko azken aroan ekin zion idazteari preso nafarrak, aurretik denbora Antropologia ikasketak egiten eman baitzuen. «Ordura arte batez ere gutunak idazten nituen, gutun asko, eta ikasketetan zentratua nengoen batez ere; eta konturatu nintzen kartzelan denbora ondo baliatu eta ikasten ikasi nuela; nire metodoa sortu nuen, eta kalean ikasteko gauza ez nintzela pentsatzen nuen arren, gauzak denborarekin hartuta egin daitezke».
Bere buruarekin bakarrik horrenbeste denbora eman behar izateak kezkatzen zuen Hodei Ijurko, eta idazteak denborari etekina eta buruari lasaitasuna eman ziola kontatu du. «Suizidioan askotan pentsatzen dut, baina berehala pentsamenduak bere buruaz beste egiten du» idatzia du Hodeik, eta liburuaren kontrazalean askatasunaren irudiarekin batera ageri da poema labur eta indartsu hori. «Jendeak meditazioa egin dezakeen gisan, nik paper zuria hartu eta idazteari ekiten diot, on egiten dit». Orduak ematen ditu barne ezagutza horretan.
«Espetxea zuhaitz bihurtua, ni hosto bilakatua eta askatasuna udazkenaz mozorrotua», dio 2018 irailaren 20an idatzitako poematxoak. Hurrengo egunean itzuli zen Etxarri Aranatz eta Iruñera.
Zigor Merodio
«Sorkuntza behar bat da espetxean» esanez hasi zaigu hizketan espetxetik duela gutxi kaleratu den Zigor Merodio bilbotarra. «Kartzelan zaudenean, era batera edo bestera jende guztiak zerbait sortzen du, denboraren kontra jo, zeure buruarekin denbora asko ematen duzu eta sortzeak lagundu egiten du, izugarri». Zigor Merodiok txikitatik marraztu du, trebea izan da kolore eta diseinu kontuetan. «Kartzelan topatzen duzun kidegoa horretan ari dela konturatzen zara eta materiala lortu eta jarraian sortzen hasten zara zeu ere», gogoratu du Zigorrek.
Marrazkiak, egurra, eskumuturrekoak, gutunak, taila txikiak… eta bat-batean harria deskubritu zuen Fresnesetik St Martin de Re espetxera eraman zutenean. Harria lantzeko tailer batean eman zuen izena. Hargin ofizioa lantzeko tailerra zen, baina tailerreko arduradunak berehala artista sena antzeman zion. «Zorte handia izan nuen, eta formatzaileak hargin lanetik harago, eskulturak lantzera bultzatu ninduen; harria neukan, lantzeko tresnak ere bai». Eta eskultura horiek egiten jarraitu zuen, kalera ateratzen ziren batzuk, lagunen eta senideen bitartez oparitzen zituen. «Tailerra eta ikastaroa bukatu zenean, espetxeko zuzendaria konbentzitu nuen langintza horrekin jarraitu behar nuela, eskultura guztiak erakutsi eta zerbait egin beharko genukeela esanez», oroitu du kalean Zigor Merodiok.
«Txakur guztiak kontra jarri ziren, espetxe barruan zizela eta mailuak eskatu nizkielako!». Baita lortu ere. Denbora harria lantzen ematen zuen Zigor Merodiok; bi ziega huts baliatu zituen horretan hasteko, eta espetxeko arduradunak bisitariei Zigorren lana eta eskulturak erakusten hasi ziren. Hainbat urte eman zituen langintza horretan. Bi erakusketa egin ditu kalean Zigor Merodiok espetxealdian. «Lehenengoa Gernikako kultur etxerako prestatu nuen. Gauza xume bat, lagun batek eskatua, ‘Aldharrikatuz’ izenekoa, eta bigarren bat egin genuen 2018an ‘Zorroztarri’ izenekoa, Alaitz Areitio eta Jon Troitiñorekin». Zigor Merodiok argi esan digu: «Sormenaren indarra kartzela bera baino indartsuagoa da».
Lore Erostegi
Herrera de la Manchako espetxean dago Joseba Erostegi “Eltzikorta” antzuolarra. 22 urtez preso. Eta iloba Lore Erostegirekin landu duen bigarren marrazki- eta ipuin-liburua da “Amonaren ipuin magikoak”. Bi lagunen artean liburu bat zelan egiten den galdetu diogu Lore Erostegiri. «Ilusio piloarekin, dagokion esfortzuarekin baina gustura egiten denez, ahalegin hori txikia izan ohi da». Bietako bat kartzelan badago, ordea, apur bat zailtzen da langintza hori. «Telefonoz eta eskutitzen bitartez egiten da. Astero osabaren deia jasotzen nuen eta horrela prestatu dugu liburua». Joseba Erostegik hurrengo bisitan jasoko du liburua, eta oraindik ez du marrazkiak ikusteko aukerarik izan. «Bion arteko bigarren lana da; eskutitzetan beti marrazkiak egiten nizkion, oraindik ere bidaltzen dizkiot eta osabak bion artean liburutxo bat egitea proposatu zidan, eta erronka onartu nuen».
“Txori mezularia” egin zuten iaz eta pozik gelditu ziren; aurten bigarrena plazaratu dute Ataramiñerekin batera. «Niretzat hau oso istorio ezberdina da, oso polita», aitortu du Lore Erostegik. «Mirentxineko gidariei eskaini nahi diegu lan hau. Suposatzen dugu hurrengo urtean osaba kalean egongo dela eta senideontzat bidaiak bukatu eta 24 urtez elkartasun hori jaso dugunok gure omenaldia egin nahi diegu Mirentxinekoei». Joseba Erostegik berak hitzaurrean hau idatzi du: «Mirentxinekoei omenaldi xumea eginez, eskaintzen diet ipuintxo hau maitasunez».
Mitxel Sarasketa
Hogei urte eman zituen espetxean Mitxel Sarasketak. Kartzelatik atera ostean, Jon Etxeandiarekin batera ekin zion Ataramiñe proiektuari. «Nik ez diot buelta gehiegi eman buruari kartzelan literatura sortze aldera. Literaturazalea nintzen kartzelara sartu orduko, kartzelan ere asko irakurtzen nuen, garai horretan euskaraz batez ere eta idatzi, ba, gutunak, eta gero zeregin kolektiboak ere izaten ziren, salaketak, txostenak, komunikatuak eta horrelako gauzak. Idatzi, ba, horixe, kanpoarekin komunikatzeko azken batean; eta asko idazten genuen, ez pentsa. Bestela, gure arteko literatura-aldizkariak egiten genituen han edo hemen batzuen artean, Sorian, Puerton, Herreran... Gero, Sarrionandiarekin, literatura gaia zen eta bera izan genuen idazle eta maisu alor askotan».
Eta gaur egun ere gustuko du kartzelako literatura, baina «nik ez dut eduki horrelako bulkada bat nire kontuak paperean argitaratzeko edo», gaineratu du.
1998ko abenduan atera zen espetxetik. Eta urteotan kartzela eta literaturaren inguruko lanetan buru-belarri ikusi dugu. «Kanpotik ikusita garrantzi handiagoa ematen diot kartzelako literatura sormenari», aitortu du, literatura ikuspegitik «kartzelan lan inportanteak» egin direla baieztatuz. «Kartzelako barne mundua interesatzen zait batez ere, eta horretan gauzarik xumeena oso inportantea izan daiteke eta bada niretzat. Asko idazten da kartzeletan, eta argitaratu ere nahikoa argitaratzen da: urtero hainbat liburu argitaratzen dituzten euskal preso politikoek, esaterako». Ondo ezagutzen du, eta alde horretatik ikusgarria da urte hauetan guztietan Mitxel Sarasketak sortu eta elikatutako Literaturakoadernoak.org webgunea.
kartzelako ahotsak azokan
Ataramiñeko Oier Gonzalez buru- belarri aritu da aurtengo hiru liburuak atontzen, jendaurrean aurkezten eta Durangoko Azokarako prestatzen. Horrez gain, abenduaren 7an eguerdiko 12.30ean ziega bat paratuko dute Durangoko Azokaren inguruan, eta bertan poema irakurraldia egingo dute: “Kartzelako ahotsak”. Ataramiñek bultzatutako testu irakurraldia izango da; entzuleek, ikusleek espetxeko neurri berak dituen ziega ikusiko dute. Liburuak egongo dira, gutunak eta elkartasun mezuak. Idazleak, preso ohiak, poetak, bertsoak... «mundu guztia bertara hurbiltzera animatzen dugu», bota du Oier Gonzalez Durangoko preso ohiak. Berak ere Ataramiñen argitaratu zituen espetxeko asmo eta ametsak. Eta kalean jarraitu du literatura maitatzen, konpromisoa agertu du “barruko kideen lanak ateratzeko”. Eta Durangoko emanaldiarekin gogotsu dago orain. Ondoan izango ditu Mitxel Sarasketa, Zigor Merodio –berak egin du kartela gainera–, Lore Erostegi, Hodei Ijurko, Ibon Muñoaren lagun eta senideak. Eta beste asko. Abenduaren 7an, larunbata, Plateruena kafe antzokiko kanpoaldean da hitzordua. P.G.